Komunitatea

Txema Arinas

ARESTIREN OMENEZ I

Asteazkena, 2018-11-07 | Txema Arinas
 

gabriel-aresti_foto610x342

«Españolista omen naiz, eta hori bekatu omen da Euskal-Herrian. Hala baitabiltza Euskal-Herriko asto guztiak arrantzaka: Aresti, puta-seme, españolista, marikoia, marxista, faltsoa! (Baina gero ene poesiak firmatzeko ez dadukate batere disimulurik)».

Ezta inondik ere Angel Zelaietak Arestiri buruz egindako liburua irakurri eta gero ateratako ondorioa, enegarren baieztapena baino; Aresti bada, duda izpirik gabe, euskarazko kulturak sekula izandako egilerik garrantzitsuena, edo behin behinik eragingarriena. Eta badut nik ustea ere ez dela inoiz euskal letreetan egongo bera baino gizon handien eta berezienik. Zelaietaren liburuak, aldiz, Arestiri buruzko zertzelada eta datu izugarri xamurrak, ederrak, batik bat hunkigarriak besteko adierazgarriak, gaineratzen ditu Bilboko poeta handiari buruz aldez aurretik bagenekiena osatze aldera. Bada beraz erabat gomendagarria, baita neurri handi batean gogoetagarria ere. Liburuan bertan erakusten digun Aresti ezta berria, ezaguna baino, oso, baina horrexegatik ere hain xamurra begitandu, suertatu egin zait irakurketa hau, gehien bat Arestirekin beste behin, enegarrenez egia esanda, topo egiteko parada ederra eskaini didalako, hunkitzeraino halabeharrez.

 

Nondik datorkidan Aresgirenganakoa, baina. Nik uste dut hor nonbait zer edo zer idatzita dudala Arestiri zor diodanaren gainean. Arestik berak euskaltzaletu ninduen, oso txikitan, nire hiriko Axular liburudenda zaharrean, baina auslako nork erosia, ez baitut gogoratzen mutikotan mota guztietako liburuak maileguz ematen zizikidan osabak akuilaturik ala nik neuk,  eta are gutxiago zer dela eta, hor nonbait bilbotar poetari buruz zerbait irakurri edo aditutakoan alegia, Harri eta Herri eta Maldan Behera poemategi biak biltzen zituen liburua eskuratu nuen. Eta orduz geroztik edukitzen dut ia beti nire aldamenean, oraintxe bertan nagoen lekutik gertu-gertu, badaezpada enegarren begiratua bota beharrean nagoen, mailua harriaren kontra joz bezala idazten ari naizen hizkuntza honetan bederen idazteko pultsua edo sena berreskuratzearren. Hori izan zen, haatik, nire eskuetara oso mutil koskorretan heldu zitzaidan euskarazko lehendabiziko liburua. Seguru asko ere haiek izan ziren zeharo liluratu, txunditu egin ninduten lehenengo poemak, eurei esker ere noizbait euskaraz idazteari ekin nahi izan nion, Arestik egin bezala. Orduan ez nuen inolako zalantzarik, idazteak merezi baldin bazuen horrek euskaraz izan behar zuen ezinbestez, bestela zertarako, Barojaren modukoa izateko? Agian bai, zergatik ez, zergatik muzin egin euskara bezain nirea den gaztelerari? Hala ere, hori gerora asmatu nuen. Ni beti Aresti bezain heterodoxoa izaten saiatu naiz ekinaren ekinez; tamalez xoxoa baino xoxoagoa izaten lortu ez dut, alabaina.

 

Geroago ere, ni koxkortu ahala, Arestiren nortasunari buruz beste ezaugarri batzuk gero eta atseginagoak egin zitzaizkidan. Asmatu nuen Aresti ezer baino lehen heterodoxo peto-petoa izan zela, agian askorentzat ipurterre porrokatua soil-soilik, potrojorran beste ezertan baino hobeto moldatzen zen zirtolari aparta, euskal kulturaren santukeria deitoregarriaren zirikitzaile amorratua, abertzaltasun suharregi edo txepelegiaren gorrotatzailea, den-dena duda-mudatan jarri eta guzti-guztiari muzin egin ohi zion letragizon zorrotz eta zintzoa. Maitemindu nintzen, nola ez, "beti paratuko naiz gizonaren alde" idatzi zuen gizonezkoarekin. Nola ez maitatu, identifikatu, goraipatu, honako bertso hauek idatzi zituen euskaldun heterodoxoa: 

 

Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean,

bertan organizatzeko euskeraren salbazioa,

baina hemen geratzen naiz,

kale arte honetan,

milagro baten zai,

egunero bizarra kentzeari utzteko

naikoa kurajerik

ez baitdut.

 

edo, jakina, nola ahaztu behin irakurri eta gogoan sartu eta harrezkero ia lege dudana:

Egia bat esateagatik,

alabak

hil behar bazaizkit,

andrea

bortxatu behar badidate,

etxea

lurrarekin

berdindu behar bazait;

Egia bat esateagatik,

ebaki behar badidate

nik eskribitzen

dudan

eskua,

nik kantatzen

dudan

mihina;

Egia bat esateagatik,

nire izena

kenduko badute

euskal literaturaren

urrezko

orrietatik,

inoiz,

inola,

inun

eznaiz

 

Eta xamurrak dira oso Zelaietak jarritako eranskinak, ezin hoberto erakusten baitute Arestiren garaian ere nola jotzen zuten bera bezalako heterodoxoen kontra abertzale zintzo-zintzoek, aberrriaren egiak inoiz eta inola zalantzatan jartzen ez zituztenek. Oso eranskin premiazkoa, nire ustez Aresti bezalako egileen ezinbestekotasuna aintzat hartzekoa.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.