Komunitatea

Txema Arinas

ASPERRA

Astelehena, 2018-05-14 | Txema Arinas
 

 mini_espanta pajaros

 Nire hiriko jaiak gero eta aspergarriagoak begitantzen, suertatzen zaizkit. Edonongoak egia esan. Jendez gainezka egoteaz gain, inora joateko, ezer ikusteko edo edonorekin solasean goxo-goxo egoteko hamaika oztopo topatzeaz gain, bat-bateko eta derrigorrezko bozkario horrek nire onetik ateratzen nau. Zaharkitu naiz sano, noski,  eta horrenbestez gero eta aisialdi lasai eta laburrak nahiago ditut gaurgero. Hori da behintzat nik uste dudana. Urteak aurrera joan ahala parranda gogoa gero eta makalagoa suertatzen zait, doi-doi desagertzeraino, ia mehatxu ere bilakatu arte. Geratuko al gara bihar gauean? Berehala edozein aitzakia asmatu behar zure burua hiriko kale zikin, burrunbatsu eta, uda minean egonda ere, gauean beti hotzetan barrena ez ikustearren. Hobe dugu, astebururo bezala, edozein jatetxetara elkarrekin joatea, lasai asko hitz aspertuak egite aldera, tentuz ere jan eta edateko betiko lez. Bestela badakizue, aspaldion biharamunek akabatzen naute, lur jota baino lotsatuagorik. Zer erantzun dizute? Pikutara bidali naute, laztana, zertarako elkarrekin geratu behar genuen egotzi didate, jaietan parrandaz ez joateko ez baldin bazen; nahiago zutela jaiak pasa eta gero geratu, haiek ez dakit nik Foru Enparantzako zein kontzertura joango zirela. Ezetz esan diezu, ezta? Jakina, nik ere ez dakusat nire burua nerabe tropel baten erdian denok elkar bultzaka, denok zirrien keaz blai eta kalimotxo edo garagardo katxiak gure sudurpetik hurrenez hurren pasatuz eta elkar zipriztinduz, denok ere gure belarrien alboan ziur asko sekula ez entzundako abestiak garrasika basapiztien antzera. Ez, inondik inora ez. Gaur arratsaldean El Prado parkean seme-alabekin geratzeko proposatu nien. Ez dakit aurki joango diren. Jon eta Cristina ezingo dira, kanpotik etorritako senitarteko batzuekin hitzemanak ziren. Roberrek, aldiz, ezin zidan baiezkoa eman, berak bart egundoko aitzurra harrapatzeko asmoa zuela aspaldiko partez, gogo ikaragarria zuela, emaztea eta haurrak bere aita-amaginarrebenean utzitakoan hain zuzen, gurekin ez bazen hogeitaka urteko lankide baten koadrilarekin irtengo zen, beharko.  Zer ordutan? Bostetan geratu nintzen atzo. Berandu da, bai, Martinek debaldeko atrakzio zein jolasez gozatzeko parada izatea nahi baldin dugu lehenbailehen alde egin beharrean gaude.

 

Jaietan gaude eta edonora zoazela ezin duzu egitarauko edozein ikuskizun ospatzen den lekutik gertu aparkatu. Izan ere, kotxea lekutan utzi eta gero El Pradoraino zuzendu eta bertan nahitaezko jende andanarekin topo egin dugu. Zer espero zenuen? Teresak sudurra zimurtu dit, jendetzak gorrotatzen ditu, ikaragarri aztoratzen dute, ni bezainbeste, hain zuzen. Ba al dakizu zenbatean dauden barrakak aurten? Bosna euro, seme-alabenganako maitasunak baizik zuritzen ez duen lapurreta ezin garbiagoa. Horrenbestez, ez nau batere harritzen hemen hainbeste familia pilatuta ikusteak. Eta bai, egia da, zuzen zaude, laztana, jolasgune bakoitzera sartzeko erreskadan jarri ezkero arratsalde osoa emango dugu zain. Niri ere guztiz aspergarria begitantzen zait, noski, baita etsi/ernegagarria ere. Baina, beranduegi, maitea, dagoeneko Martintxo zure eskutik askatu eta parkera sartu orduko ikusi duen aurreneko atrakzioraino jo egin du ziztu bizian. Koltxoneta erraldoi batez egindako gaztelua, haurrak almenetaraino igo behar dute bi alboetatik, behin goian euren burua maldan behera botatzeko.  Gaixoak ez daki nondik sartu jolasgunera. Sarreran kokatu egin da, baina ilaran dauden gurasoen begiratu zorrotzek zein haurren mehatxuek uxaturik gugana dator kitzikari ezin eutsiz. Begiratu egin diot Teresari burumakur; gureak egin du.

Betozkoa jarri dit Teresak, errua nirea bailitzan, hau da, betiko lez. Nori otu zitzaion honaino etortzea? Nork zekien parkea jendez gainezka zegoela, eta hala eta guztiz eta hain ohiko duenez ere… Zer edo zer eta laster asmatu beharrean nago honezkero errietarik ez izateko edozein huskeriaren kontura. Bien bitartean, berriz, hobe dut tutik ere ez esatea. Bestela, edozein txorakeria bota ezkero, berehalakoan lepora botako lidake arratsalde osoa alperrik galdu beharra. 

 

 Martintxok bere amari eskutik oratu dio berriro, badaki koltxoneta gainean zapatak kendu behar dituela, berak gorde egingo dizkion jakin nahi duen; ez zaio batere atsegin gainontzeko haurrenekin nahastea. Errenkadan ama eta semearen atzean kokatu naiz. Baztertu egin naute, egia esan. Gero eta jende gehiago pilatzen da gure ilaran. Baina, gu ez goaz ez aurrera, ez atzera, guk ilaran iltzatuta ematen dugu. Teresa zuzen zegoen, aspertzen hasia naiz, oso.  Nire ingurukoei so egitea dut betekizun bakarra.

 

Egonarria. Egonean harriak bezala ote? Egonean arrastaka eraman beharreko harria? Egiazko harria banintz hobe, ez bainago batere eroso lerroan jolasguneko sarreraraino ezari-ezarian goazela, urkamendirantz urratsez urrats bagindoaz bezala. Ez nago oso eroso nire sorterri maitagarri bezain gozakaitzean nagoelako, ilaran txikitandik ezagun nazakeen balizko jendearen begiradapean, hauetako norbaiten ezustekoaren beldur. Aspalditik nire familiarekin bizi naizen Asturias aldeko hirian oso bestelakoa litzateke,  zeren, ezkon-senitartekoak zein emaztearen zenbait lagun edo lankide alde batera utzita, ez baitut ia inor ezagutzen, hau da, kaletik lasai-lasai ibili ohi naizela inolako ezusteko handiren beldurrik gabe. Nire erbestean bizi naiz lasai bainoago, esne mamitan; maite dut niri bizilekua, nahiz eta herriminak ere noizean behin, ezustean, gogor jo. Beharko, hara joan arte ez bainekien jende gehienak gainontzeko guztiekin gizalegezko, atsegin, eskuzabal eta guzti joka zezakeela, zientzia fikzioko idazle batek asmaturiko gizarte utopiko edo gaixo batean bailitzan. Hala ere, herriminak eraginda edo etxera itzultzeko gogoa, gurasoak ikusteko zein betiko lagunekin parrandan egoteko aitzakiaz, hilean behin edo birritan, nahikotxo. Eta orain udako oporretan gaude, Andre Mari Zuriaren jaiak aspaldi bilakatu bainituen gure bikote harremanaren ezinbesteko egonaldi; nire emazteak berak beste hainbeste sortu eta inposatu bezala, alafede.

 

Ez diet, ez, nire lerrokideei erreparatu nahi. Zertarako, baldin badakit nor edo nor laster hautemango dudala nahitaez. Nahikotxo dut lehen ilarara otzan-otzan gehitutakoan, koltxoneta erraldoi honetara igotzeko irrikan dauden haurrekin batera pilaturiko heldu andanari botatako soslaizko begiratuarekin. Polarrak nagusi, noski, zer espero hemen bildutako gehienak gure adinekoak izanda, guraso gazteak beren kakanarruekin, azken urteotan Euskal Herriko egiazko eta agian erabateko ikur bilakatutakoak. Edonora zoazela zenbat eta polar gehiago ikusi, gero eta leku euskaldunagoan zaudela asma dezakezu segurutik. Euskara ere aditu berri dut aspaldiko partez. Nire adineko eta ustezko euskaltegi edo ikastola-kumeak euren seme-alabekin eskola hizkuntzaz barra-barra, nik esango nuke behar baino ozenago ere egiten ari direla, ondokoek laster jakin dezaten euskaldunak direla, euren seme-alabei Euskal Herriko hizkuntza irakasten dietela ikastolan, edo haiei ere txikitan irakatsi bezala. Polita da, oso, hunkigarria bezainbeste, euskara nire hirikideen ezpainetan gero eta usuago entzutea kalean, ikasgelatik at esan nahi dut, sikiera halako jaiegun zein topaguneetan, haurrekin zein txakurrekin, pixka bat asko da, Hizkuntza Politika Sailburuaren leloen menpeko. Beraien artean, ordea, aldamenean lagun zein ikastola-kide ohi dituztenekin – bai jaun-andreok, detaile honi muzin egin diozuenok, hau bezalako hiri txiki batean ia denok elkarren ezagun-, erdaraz ere barra-barra egiten dute eta. Tira ba, ezer berririk ez Euskal Herriko eguzkipean. Harritu eta agian ere benetan hunkitzen nauen gauza bakarra seme-alabok elkarri xalo-xalo euskaraz egiten diotenean, auskalo noiz arte, auskako noiz otuko zaien helduen erdarak haiek ere heldu bihur ditzakeela. Edonola ere, ea egia den gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak… beharbada onduagoak ere bai.

 

Edonola ere, honek guzti honek biziki poztu egin nau. Nola ez, atzerrian egonda ere nire burua euskaldun izateari eusten saiatzen baldin banaiz ere, Idahoko artzain baten modura edo. Animatu egin naiz, beraz, nire inguruan disimuluz  kuxkuxean egitera, ea nor topatzen dudan begiraka, nolatan aldatu diren aspaldi ia egunero kaleetan barna ikusi ohi nituen lagun edo ezagunok, noraino dauden koitaduak ni beste aldatuak, etxekotuak, otzanduak, oinperatuak, zaharkituak. Eta bai, merezi zuen denbora-pasak edo, lehenengo begiratu arin eta disimulatu batean aspaldiko ezagun batzuk antzeman ditut laster. Denetarik dago, txikitako zenbait ikaskide, izena ere gogoratzeko gauza ez naizena, gaztetan astebururo Alde Zaharrean topo egiten nituen zurrutero porrokatu asko eta asko, hots, orduko tabernazulo peto-petoak, amorratuak egia esan, eta baita hamaika orduko saltsatan  ezagututakoak ere, eta hauek bukatu orduko, ahaztu orduko, nire bizitzatik berehala desagertutakoak ere, Jainkoari esker. Gehienak ere umez lepo eta nekea, eguneroko neke luze eta sakona, orduak aurrera joan ahala aurpegietan zabaltzen omen. Badira gure ilara luzean, aipaturiko saltsetan ezagututakoetariko batzuk, gaur egun orduko Alde Zaharreko tabernarik borrokenetan zein derrigorrezko manifetan azaldu ohi zireneko piuraz jantzita dirautenak ozta-ozta, betiere eskuarki udaran baino janzten ez dituzten kamisetako lelo aldarrikagarrietan, gizonezkoei gero eta itsusiago, atxilo-ohi, geratzen zaizkien belarritakoetan edota kokoteko isatsean erreparatzekotan, kosta ahala kosta isioturik mantendu guran duten sute baten txingarrak bailiran. Hala ere, badirudi gaur gauean, seme-alabekin arratsaldea emanda, harik eta hauek behar bezala jolasean egin, aspertu eta nekatu arte, gurasoenean bilobak utzi eta gero, Alde Zaharreko kaleetarantz antxintxika jo egingo dutela jaietako parrandan murgiltzeko asmotan. Inbidia ikaragarria ematen didate, egia esan.

 

Bigarren begiratuan berriz, oraingoan lasaiago egiten dudana lehenengoan inor benetan agurgarri ez baitut topatu, hara hor nor dudan ilararen hasierara iritsi berria, ume bat eskutik oratuta eta bere aitak lagunduta: Kepa! Ezin sinetsirik nago. Baliteke lausoak oker egitea, baina badaezpada ez dut berriro begiratuko. Kepa da! Aspaldiko Kepa, txikitako Kepa, gure Kepa. Badira urteak elkar ikusten ez genuela, azkenengoz orain dela zazpi urte inguru, Cristinaren amaren hiletan, ezin genuen hitz erdirik ere egin, lagun pila zegoen elkar agurtzeko, lagun pila, ia denak txiki eta gazte garaietakoak, berak ere aspaldiko partez ikusi gabe izango zituenak eta bostekoa eman zien banan-banan. Izan ere, bere lehenengo koadrilakoak laster baztertu gintuen, enegarrenez bada ere. Gu bistatik laster galdu gintuen antzina bezala, hiritik inori tutik esan gabe joan zen bezala. Gugandik urrundu zen betidanik gogoan izan zuen bizimodu, nola esango, libre, alternatibo, basatiari eusteko asmotan. Mendira alde egin zuela esan liteke, basozain lanetan omen zebilen, edo hori esan ziguten behinik behin. Berehala aldatu zen beste koadrila batera bere Elena laztan eta eskuraezinarekin ia egunero topo egin behar ez izatearren. Elena ahaztu beharrean zegoen nola edo hala, aitortu nahi ala ez denok bagenekien maiteminak jota zegoela, nola ez ulertu, zuritu, bere ihes-gura/behar hura.

 

-Aditu al duzu berria? Kepa atxilotu dute.

 

Begiratu egin diot berriro. Bera da duda izpirik gabe. Kepa, ala agian ez, agian dagoeneko beste izen batez ezagunago izango da. Ez naiz gogoratzen zein, baina oraintsu ETBko telesaio batean irten zen bera basozain lan egiten omen duen eskualdea erakusten zuen erreportaje batean, Txintxu, Pintxu eta Zerritxu, ez dakit zer goitizenekin aurkeztu zuten, ez dit axola, Kepa nuen eta oraindik dut. Nik ez nuen ikusi erreportajea, baina koadrilako batek esan zidan oso zaharkitua azaltzen zela. Nor ez, erantzun nion koadrilako horri, zuk zeuk ikusi al duzu zeure burua ispiluan azkenotan? Euskaraz elkarrizketatu zuten. Badirudi nahiko dotore, txukun, aiko-maiko handi barik moldatu zela hogeita hamar urte pasa, azkenean, ekinaren ekinez ote, bihotz-bihotzez maite zuela aldarrikatu ohi zuen hizkuntzaz. Areago, koadrilako horrek esan zidan ere ingurunera oso lotuta antzematen zitzaiola, ikaragarri ere maite zituela Izki aldeko mendiak, eskualdean jaiotako edonork baino hamaika aldiz hobeto ezagutzen zituela txoko eta zirrikitu guztiak. Kepa beti izan zen naturazale porrokatua, beste hainbat gauzatan bezala.

 

-Badirudi bere neskalagunaren lagun batzuei ostatu eman ziela, edo hori da behintzat bere amak nireari kontatu egin ziona, deus ere galdetzeke.

 

Jakina, errua beti beste batena, eta baldin badago emakumezkorik askoz hobe, badugu errudun nagusia, ia bakarra, Keparen amak ez zuen dudarik, alajaina.

 

-Badirudi Keparen neskalaguna borroka horietako bat zela, Kanpezuko taberna batean ezagutu omen zuen: piercing zein tatuaiez, zer diot nik, barkatu, tattoez  –berak esan bezala coolago geratzen baita- josita zegoen goitik behera, eta baita apurtxo bat potola ere.

 

Ezin kasurik egin amei, ez dakusate ikusi nahi ez dutena, nireak nitaz ere ederrak esan ohi zituen, koka-kolak baino edaten ez nituela asteburuetan Alde Zaharrera joaten nintzenean, ezin ulertu beraz zer-nolako aitzurrekin bueltatzen nintzen etxera ia goizero.

 

-Kepak ez zekien ETAkoak zirenik, neskak bai ordea.

 

Jakin ez zekien bezala, urte andana Mendialderantz ospa egin aurretik, zer dela eta koadrilako hiru atxilotu gintuzten manifa hartan, nire semea ez da manifestazioetara joaten, lagunek edo eraman egin zuten, baliteke ere Alde Zaharrean lasai asko egon izana eta bat-batean, abertzale alu horiek, ETAren kumeak, astebururo dena sutan jarri behar, dena hondatu, koldarrak, nire semea bezalako mutiko zintzoen artean babesten dira harrapa ez ditzaten.

 

 

-Gu ez, gu ez gaitu engainatzen –Jonen neskalagun Cristinak, koadrilako neskarik  zorrotzenak, bazuen argi eta garbi, betiko lez-, guk denok ondo asko baitakigu Kepa nortzuen aldeko izan zen beti, zertaz harritu behar, noiz edo noiz harrapatu behar zuten. Merezi du beraz jarriko dioten zigorra.

 

Nik dakidala, orain dela bost urte edo atxilotu zuten etakide haiei ostatu eman izanagatik. Badago kalean, bistan da noski, nahiz eta nik badaezpada beste behin ez egiaztatu nahi izan. Badu gainera alabatxo bat, berea da, bai horixe, aitonarekin daude, Kepak lepogainera igo du koltxonetan zoro moduan saltoka dauden haurrak ikusi ditzan, aitonak aginduta ote. Aitonak beti ari baitzen aginduka, Kepak ezin zuen jasan, aita berak gorrotoen zituen guztiaren irudia baitzen, Burgos aldeko herrixka batetik etorritako nekazari egoskor eta atzerakoi peto-petoa, den-dena pikatxo eta palaka konpontzen zutenetarikoa, den-dena politikaren erruz eta batik bat agintari alfer eta ustelek hankaz gora zegoelakoan. Nik uste Kepak txakurrei… poliziei -ai ene, aspaldiko hizkerari ezin uko egin ere!-, harrika egiten zien aldiro bere aitari jaurti egin balio bezala zela, edo bestela ezin asmatu nondik zetorkion amorrazio handi hura.

 

-Ez dakit terroristei laguntza emateagatik zenbat urtekoa den zigorra. Nik kartzelara sartu eta giltza troka batetik behera botatuko nukeen.

 

“Goazen ba!” agindu dit Teresak, geldi geratu bainaiz hausnarrean bera eta semea erreskadan aurrera egin bitartean. Hutsune bat eragin dut ilaran, hobe dut hainbat arinen betetzea Kepak nigan errepara ez dezan ustekabean. Zer egingo nuke, orduan? Agurtu eta kito? Hurbilduko al natzaio ilara utzita? Nola azalduko nioke gero, kanpokoa izanda, hemengo gauzak zuri eta beltz nahitaez ikusten dituen Teresari Keparenganaino joan izana, sasi-etakide ohi batenganaino? Larrutuko ninduke gero. Noizbait Kepaz hitz ere egin diot, gauza gutxi, gure gaztetako garai urruti horien kontura, nola koadrilakoek elkar ezagutu genuen, gure aurreneko parrandak eta, kezko garai ilun haietako zenbait pasadizo, xelebrekeriaren bat edo. Kontatzekotan, orain dela bost urte atxilotu zutenekoa ziur aski. Albistea egunkarietan azaldu zen eta, gainera, nire koadrilakoak horren kontura deika izan nituen aste osoan; ba al dakizu Keparena?

 

-Nik ere giltza botako nukeen trokan behera.

 

Eta giltzarekin batera inoiz berriro gaztetan bezala elkartzeko inolako aukerarik ez. Benetan hurbilduko al natzaio agurtzeko? Zergatia badakit, aspaldiko adiskide dut. Baina zertarako orain? Martin igo berri da koltxoneta gainera, Teresaren parean jarri naiz gure semearen gozamenaren lekuko, baliteke etorkizunerako notario.

 

Kepa, gure Kepa, hala esaten baikenion hogeitaka urte paseak ere, inoiz gugandik alde egin ez balu bezala, lehen koadrilaz eta gero hiriz aldatu ez bailitzan, atxilotutakoan, ia komunikabide guztietan agertu eta gero etakide haien pare-parean, esku-burdinez eta guzti, erabat arroztu zitzaigun, alegia.

 

-Tontoa baino tontoagoa izan behar horrelakoetan bukatzeko.

 

Baina bazekiten haiek ere, Kepa atxilotu eta gero hain gupidagabeki larrutzen zutenok, sekula ez zela izan batere tontoa, oso mutiko tolesgabea baino, azkarra ere bai, oso sentibera akaso. Bai, ez egin barrerik, ahots eme erretxingarri horrek. Kepak bazuen abilezia aparta bere barne kezkak nola edo hala erakusteko, batez ere lumaren bitartez; ikusi bestela nolako marrazki ederrak egiten zituen, zer-nolako komiki polit eta zorrotzak, gogora ezazue elkarrekin sortu genuen komiki aldizkari hura, nik uste lauzpabost zenbaki edo argitaratu genituela: oso aldizkari…, nola esan, anarko-mozkorra zen hartan. Bai, horrela esaten genion erdi txantxetan edo. Kepa artista trebea zen, munduko arazoak zein gure gizartekoak kezkabide zituena, agian ere den-dena muturreraino eraman ohi zuen gazte bipila, baliteke politika kontuetan inozenteegia, gehienok ginen bezala, bestalde, zu izan ezik, noski, nire koadrilako ahots eme eta beti errukigabe hori.

 

-Txorakeriak, denak izaten zineten bere modukoak, abertzale sutsuak, Euskadi askatu kosta ahala kosta nahi zutenetarikoak –hona hemen, behin berriro, azken bolada honetan belarria etengabe berotzen didan leloa koadrilako neska horrekin biltzen naizen aldiro-. Kepa zuetariko erradikalena omen zen, bere ideologia-kideekin bat egin zuena sasi guztien gainetik hodei guztien azpitik, ondo asko erakutsi digun bezala.

 

-Nik ez nuen sekula ETAren alde egin, nik betiere indarkeriaren erabilera gaitzetsi egin nuen.

 

-Zuk bai, baina berak ez, hori da inoiz kontuan hartu nahi ez duzuena zuk eta koadrilako gainerakoek. Kepak ETAren hilketak eta mehatxuak zuritu egin zituen beti, Euskal Herriaren askatasunaren aldekoak ziren, ezinbestekoak beraz. Kepak parte hartu ohi zuen Ezker Abertzaleak antolatzen zituen saltsa guztietan, badakizu, jaiak eta borroka ere bai, auskalo zer gehiagotan. Baina, zer dela eta uste duzu Elenak uxatu egin zuela?

 

-Ez zutelako elkarren antz handirik, Printzesa eta eskalea ematen zuten.

 

-Ez, Ederra eta Piztia hobe, Elenak ez zuen inoiz gogoko izan Kepa betile- bakar hori.

 

Koadrilako ahots eme gupidagabeko horrek ahaztua du zer-nolako adiskideak izan ginen denok, ahaztuak ditu elkarrekin pasatutako momentu goxo, zirraragarri, ustezko ahaztezin guztiok, ahaztuak diren bezala ere behin betiko elkarri egindako aitortza eta promesa guztiak. Ahaztua du bai, erabat. Izan ere, gauza bakarra gogoratzen du, Kepa etakide batzuei ostatu eman izanagatik atxilotu egin zutela.

 

-Zuk ahaztu egin al duzu Buesa eta bere bizkartzainaren hilketa salatzeko manifestazioan gure EGIko lagunarekin izandako kalapita? Bera bezalako abertzaleek ez zutela, ez lotsarik, ez bihotzik, ETAren krimenaren kontra protesta egitera joan beharrean, euren lehendakariaren aldeko beste manifa bat konbokatu zutelako aldi berean. Egundokoak esan zenizkioten elkarri.

 

Ezin nituen paratu koadrilakoaren laguna ere bazen egitxu haren bihotz gogorkeria, badakit denak ez direla bere modukoak, denetarik dela, jakina baietz. Ezbaian egotea ere! Gehienak agian bera baino hamaika aldiz zentzu onekoagoak, guztiz bihotz onekoak. Baina, gure lagun hura ez, bera kaska gogor hutsa zen, zentzu guztietan gainera, egoskor galanta. Berak ez bezala pentsatzen ez zutenekin ezertan bat egiteko ezgauza zen, halako kinka batean, norbait akabatzen zutenean, lehentasunak lehentasun, ezin zinen ibili ohiko zalantzetan: batzuen alde ibiltzekotan jarri egin zara besteen kontra nahitaez, edo hori behintzat zen orduan nik uste izaten nuena zinez eta minez.

 

-Hiltzaileekiko ekidistante izatea leporatu zenion gure egitxu lagun horri.

 

 Buesa eta bere bizkartzainarenak izugarri txunditu ninduen, bihotzoneko euskaldun guztiak txunditu eta mindu bezala garai hartan, gizabanako guztiak, alajaina. Baliteke Miguel Angel Blancorenak bezainbeste, noski. Baina, Buesa eta bere bizkartzainaren hilketaren ondorio zein gorabehera politiko guztiak alde batera utzita.

 

-Bakar bakarrik? Aspergarriak zarete, oso.

 

Baliteke, egia esan; gaur ikusita orduko hika-mika guztiak aspertu baino ez naute egiten. Aspertzen nau gogoratzeak zer nolako itsuak, ergelak, izan ginen gure inguruan gertatzen ari zenari erreparatzerakoan. Badakit norbaitek idatzia duela gure gurasoek gezurra esan zigutela. Oso erraza litzateke, berriz, haiei erru osoa leporatzea. Nirea ordea oso argi daukat, Buesa eta bere bizkartzainarena suertatu eta gero, Buesaren alaba Martarengana jo behar izan nuen lehenengo aukera izan orduko nire dolumina agertze aldera. Ez nuen sekula egin, ez nintzen ausartu. Ez dakit zer dela eta ezin nuen hain gizalegezko eta batik bat bihotzoneko keinu xalo hori egin. Lotsa ikaragarria ematen zidan pentsatze hutsak. Eta hala eta guztiz ere, noizbait kalean zehar ikusita, urrundik izanda ere, beti aitzaki-maitzaki egon nintzen. Baina, beti alperrik, inoiz ezin nuen berarengana joateko behar adina adore bildu. Laster aspertu nintzen nire txepelkeriaz, lotsatzen nintzen, ostrukarena egitera ohitu nintzen. Aspertu nintzen Marta ezagun nuelako, ikaskide ohi. Bai, izugarri estimatzen nuen, beti begitandu zitzaidan neska txit pertxenta eta buruargia, eta jatorra, oso, berak agian nire beraganako guzti hau sekula ez jakinagatik.

 

-Ikusi al duzu nola goxatu duen? – galdetu dit Teresak koltxoneta erraldoitik antxintxika jaitsi eta agertzen zaizkion haur edota helduen zango guztiak sigi-saga saihestuz guganantz ziztu bizian datorren nire semeari behingoz edo errepara niezaion.

 

-Eh… bai noski – baina gezurra da, galdu egin dut oraingoan gehien inporta zaidan gauza ia bakarra-. Joango al gara beste jolasgune batera?

 

-Ez aita, aspertzen ari naiz, goazen etxera, faborez.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.