Komunitatea

Txema Arinas

CELEDÓN, PERTSONAI LITERARIO PETO-PETOA

Ostirala, 2018-08-03 | Txema Arinas
 

Bajada-Celedón-Vitoria-Historia-Celedon-fiestas-de-la-Blanca-Vitoriaenuncli

Literatura baldin bada hein handi batean asmatutako pertsonaiarik, nik ez dut duda apurrik Gasteizko jaietako pertsonai nagusia, Celedón famatua, asmakizun literario totala denik. Falta zaio, jakina, paperera aldatzea, hau da, letrazko pertsonai bezala gorpuztea. Halere, ezin da ukatu delako Celedón hainbat iturritatik eraikitako pertsonai hutsa denik, hau da, delako tradizioa 1957an hasi zenez geroztik. Are zehatzagorik, Gasteizko gazte batzuek, Jesus Jimenez, Sedano, Luis Maria Sanchez Iñigo, Lopez de Ipiña, Madinabeitia, Jose Luis Isasi, Perez de San Roman, Lopez Guereña eta Azpiazuk San Migel elizatik udaletxeko teilatura Zeledon irudikatzen zuen panpina botatzekoa ia hutsetik asmatu zutenean. Ia hutsetik gasteiztar gazteok eredutzat hartu zuten Celedón arabar baserritarra hiriko elezaharretan ezagun zen pertsonai sasi historiko eta batik bat xelebre bat zela. Gasteiztar gazte parrandazaleok berreskuratutako kondairaren arabera Celedón hiriko jaietako “arima” edo “muina” omen zen, hots, urtero Andre Maria Zuriaren festetan parte hartzen zuen eta haiek bezain parrandazale amorratua zen arabar baserritarra, baita ingurukoak parte hartzera bultzatzen zituena ere. Gauzak horrela, Zalduondo herrixkako Celedonio Alzola García de Andoinen bizitzaren gorabeherak inspirazio iturri suertatu zitzaizkien Lautadako baserritar honen bizipen zein pasadizoetan oinarrituz Gasteizko jaietako pertsonai nagusia mamitze aldera, kantua famatuak dionez Alzolak “etxe berri bat” egin baitzuen “balkoian leiho on”. Alzola1796. urtean jaio eta 1866an hil zen. Hogeita bat urterekin joan omen zen Gasteizko Zapatari kalera bizitzera; igeltseroa zenez bere etxea eraiki zuen, "leihoa eta balkoiarekin", abestiak dioen moduan. Alzolaren inguruan denetarik jaso da, parrandazale izateagatik ospetsua egin zela hirian, gizon langilea eta oso zintzoa zela…   

Dena dela, beste gasteiztar batzuen aburutan Alzolari buruzko datuak oso eskasak eta nahasiak omen ziren bera ezin zitekeela egiaztatzeko; horrexegatik proposatu zuten beste jatorri bat gure Celedónentzat: Zuia Bailarako Bitoriano herrixkako Celedonio Iturralde Armentia.  Iturralde Bitorianon jaio zen, 1810. urtean. Oso gizon alaia omen zen, eta asko gustatzen zitzaion Gasteizko tabernetan ibiltzea. I. Karlistadan (1833-1840) teniente koronela izatera iritsi zen, eta garai horretan jarri zioten Zeledon ezizena. Gainera, kondaira baten arabera, karlisten artean, Celedón se ha hecho una casa nueva pasahitza erabiltzen zuten gerra garaian.

Zer dela eta eztabaida hau? Ba nik argi eta gari esango dut: Celedón ahozko literatura da, asmakeria hutsa, hau da, herriak berak denboraren poderioz, urtez urte, eraldatzen duena. Alde horretatik, zergatik bi hautagai bakarrik gure Celedón irudikatzeko? Zergatik ez hartu XIX mendean Araban jaiotako Celedonio guztiak eta banan-banan aztertu ea euren datu biografikoen arabera egokiagoak suerta litezkeen Gasteizko jaietako pertsonai nagusiaren bizitza edo borobilagoa egitearren, hau da, pertsonaia nolabait gehiago aberastearren.

Esan bezala, Celedón ahozko tradizioak urtez urte eraikitako pertsonaia da, dezente aldatu baita azken hamarkadotan haragitu duten blusa-gizonen nortasun zein ezaugarrien arabera. Gaurkoak, hau da, Gorka Ortiz de Urbinaren irudiak ez du zerikusi handirik Jose Luis Isasi, Enrique Oribe edo Iñaki Landak gorpuzten zutenarekin, egungo gasteiztarrok gure aitaita edo aitekin ezer gutxi konpartitzen dugun aldetik, nolabait esanda, gure nagusiak euren garaikoa gizakumeak baitziren, hau da, neurri handi batean, eta batez ere orduko Gasteiz txikian, guztiz tradizionalagoak, elizazaleagoak eta batez ere erdaldunak. Gaur egungo Celedónek bere euskaltasuna aldarrikatu ohi du San Migel Elizako balkoitik hainbat eta hainbat gasteiztar ikastolakumek bezala (esan dezagun nola edo hala, probokazio gisara bada ere, egungo Celedón vitoriano baino gero eta gasteiztarragoa dela, eta azken hau kaikukeria hutsa dela ondotxo jakinda; beharbada ni neu betiko “vitoriano” zintzo eta tradizionalekin” gero eta gutxiago identifikatzen naizelako, baina gasteiztarrokin ordea…). Gaur egun ere lehengo Celedonek aspaldi inondik inora aintzat hartzen diren gaiak edo leloak aldarrikatu ohi zituen Gorka Ortiz de Urbinak, besteak beste emakumezkoekiko errespetua edota euskararen beraren erabilpena jaietan. Gizartea aldatu da eta harekin batera ia hutsetik sortutako pertsonaia da.

Badugu, aldiz, ahozkotik paperera aldatu ez den pertsonai erabat literario bat, beharbada euskal literaturan baserritaren irudia oso polemikoa edo eztabaidatsua izan delako, besteak beste erdaraz gehienbat jorratu baitute hiriburuetako señoritoek euskaldun nekazari ustez ezjakin eta artaburuaren karikatura betiere egin nahian. Euskaraz ordea guztiz kontrakoa izan da, izandako saioak euskaldun baserritarren irudia duintzeko asmotan izan dira gehienetan, hau da, Txomin de Regato pertsonai lotsagorrigarriaren kontra. Alde horretatik, kosta egiten da Celedonen pertsonaia euskal letretan irudikatzea ez baldin bada beste behin ere parodia bat egite aldera, gure Celedonen ezaugarriak edo datuak ez baitira oso erakargarriak goi mailako literaturako aproposa izan zitekeen pertsonai duin eta batez ere benetan mamitsu, original bat sortzeko. Edo agian bai, baten batek daki, literaturan dena posible baita idazten duen lumaren trebezia jaun eta jabe.

 

Txema Arinas

Berroztin, 2018/08/03


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.