Sinadurak

Aforismoaz

Ostirala, 2018-06-15

Juan Kruz Igerabidek "Aforismoaz" artikulua idatzi du Hitzen Uberanen. Euskal literaturan utzi duen arrastoa aztertu, eta literatur tradizio ezberdinei begira jarri da bertan, aforismoaren definizio baten bila: "Esaten da aforismoa esperientziaren ondorio dela; baina edozein testu benazko ere ez ote da, bada, esperientziaren ondorio? Ezaugarri horrek ez digu balio aforismoa mugatzeko. Aforismoa pentsamenduarekin jolas zintzo-gaiztoan dabilen esaldi labur zorrotza dela esan daiteke, nolabait hartara hurbiltzeko."

 Aforismoa definitzea ez da samurra. Hain da esaldi pertsonala, non egile bakoitzaren aforismoei definizio berezia balegokioke, zuhur jokatzera. Bada alderik Demokrito baten aforismoen eta La Rochefoucauld baten aforismoen artean, ia bi gauza desberdin iruditzeraino. Edo Lec-ek eta Canettik egindakoen artean, oso bi ikuspuntu eta modu berezi. Esaten da aforismoa esperientziaren ondorio dela; baina edozein testu benazko ere ez ote da, bada, esperientziaren ondorio? Ezaugarri horrek ez digu balio aforismoa mugatzeko. Aforismoa pentsamenduarekin jolas zintzo-gaiztoan dabilen esaldi labur zorrotza dela esan daiteke, nolabait hartara hurbiltzeko. Balio izan du arauak emateko, balio izan du arauak hausteko; balio izan du gida gisa, balio izan du arrastotik nola irten burutzeko.

Aforismoak badu axiomatik, nahiz eta axiomak, berez, denok onartzen dugun oinarri bat izan, eta aforismoak ez.

Aforismoak badu adagiotik, nahiz eta adagioaren moral tradizionalari atximur eta itzulinguru egin aforismoak.

Aforismoak badu apotegmatik, nahiz eta oro har nahiago izaten duen pertsonaia ospetsuen esaldi ospetsuei azpildurak atera.

Aforismoak badu maximatik, nahiz eta besteri nola portatu erakutsi baino nahiago duen besteren portaerari ironiaz edo zeharka begiratu.

Aforismoak badu proberbiotik, nahiz eta aholkuak eman baino nahiago izaten duen aholkuak uretan beratzen jarri, bakailaoa bezala.

Aforismoak badu errefrau edo atsotitzetik, nahiz eta nahiago duen paremia pandemiatzat hartu eta antidotoak bilatu.

Aforismoak badu sententziatik, nahiz eta nahiago izaten duen giza portaerari buruzko epaietan kondenatuaren lekuan jarri.

Azken aldi honetan, bazter guztietan indarra hartzen ari da aforismoa bazterreko literatura-molde gisa. Euskaraz, Karlos Linazasoro jo eta su ari da, oso maila handiko aforismoak ekoitziz etengabe. Ia bere liburu “hibrido” guztietan lantzen du molde hori, eta baditu aforismo soilez osatutakoak ere. Ana Urkizak ere argitaratuak ditu aforismoak, eta EHUko Filosofia fakultateak urtero egiten duen lehiaketan ere egile ugarik hartzen dute parte. Egile eta lan guztiak aipatu eta aztertzeak luze joko luke; bestalde, egokiagoa da lan hori literatura-kritikan dabiltzanentzat, honako lan honetarako baino.

Hala ere, aforismoaren erabilera ez da bat-batean sortu euskal literaturan. Lehentxeago, Sarrionandiak erabilia zuen molde hori, nahiz eta saiakera laburrak egiteko joera nabariagoa izan harengan, hala Ni ez naiz hemengoan nola Marginalian. Mikel Lasak ere idatzi izan ditu batzu-batzuk Memory dump liburuan. Eta Anjel Lertxundi ere hurbiltzen da noizbehinka aforismora bere gogoeta-liburuetan (nobelarik narratiboenetan ere gogoeta beti presente dauka baina), nahiz eta, Sarrionandia bezala, saiakera laburretik gertuago ibili bera ere; Letrak kale-kantoitik izan zen Lertxundiren lehen saiakera laburren eta aforismo tankerako testuen bilduma joria. Joxerra Garziak ere argitaratu zituen zirto kritikoz beteriko aforismoak Egonean doazen geziak liburuan.

Zirtoa pentsamendu kritikoaren adierazle da, hizkuntza-trebezia gaiztoaren adierazpen huts ez denean behintzat. Nor ez ditu oroitzen Koldo Mitxelenaren zirtoak edo Miranderenak? Artikulugile onek zirtoa beti prest izan ohi dute, une egokian txertatzeko. Horra hor aforismoaren erabilera ohiko bat.

Euskal literatura-tradizioa, bestalde, dotrinaz eta gogoeta moralez betea dago; horien artean, joera aforistikoa duten zuhurtitzak sarri ageri dira. Axularren edo Agirre Asteasukoaren idatziak, esate baterako, aforismo-tankerako esaldiz zipriztinduak daude. Eta, atzerago jota, herri tradizioan ezin aipatu gabe utzi euskal errefrautegia; atsotitzak dira herri-pentsamenduaren bilduma. Hortik tiraka, pentsamolde tradizionala hankaz gora jartzea izan da aforismoen joeretako bat.

Non eta noiz jaio zen, ordea, aforismoa? Beharbada, idazkerarekin batera. Idatzirik zaharrenetako batean, Hammurabiren Kodean, aforismoak erabiltzen dira legeak adierazteko.

-Seme batek aita jotzen badu, eskua moztuko diote.

-Gizon batek beste gizon baten semeari begia ateratzen badio, berari ere begia aterako diote.

-Gizon batek semea herentziarik gabe uztea erabakitzen badu, eta epailearen aurrean "semea herentziarik gabe utzi dut" esaten badu, epaileak auzia aztertu egingo du. Semeak huts larririk egin ez badu, aitak ez du zilegi izango semea herentziarik gabe uztea.

Ikusten denez, aforismoa debekuak eta aginduak ezartzeko erabili zen hasieratik. Lehen nekazari-kultura handiak gizarteen antolakuntza abian jarri zutenean, arauak behar, eta hartarako hizkuntza zorroztu behar. Geroztik, bide luzea egin du araugintzak, gizakia arau eta arau-hausteetan kiribilduz, nahasteraino. Aforismo modernoaren ezaugarri nagusia kiribil horiek eragindako buru-nahasmenetik libratzea eta horietan sortu diren kontraesanak eta aizunkeriak agerian uztea izan da. Beraz, historian gizarte-eraikuntzarako erabili izan den moldeak dekonstrukziorako joera ere hartu du, batik bat aro modernotik aurrera, nahiz eta ez den ahaztu behar, esate baterako, latin literaturan bertan ere nabaria zela joera hori, batik bat epigrama-egileen artean, Marcial eta Juvenalengan esate baterako.

scrabble

Testu idatziak agertu aurretik, hala ere, ahozko tradizioak jasotzen zituen hala legeak nola teknikak nola kultura-sorkuntzak. Leinuaren eposean jasota zegoen kultura baten jakintza guztia, eta handik egoera bakoitzari zegokion “aforismoa” edo zuhurtitza atera zitekeen.

Greziarren Iliadan eta Odisean bildurik dago, hain zuzen, Greziar kulturaren ondarea, eta ondare hori aedoek ahoz adierazten zuten beren emanaldietan. Indiako epopeietan (Ramayana, Mahabarata) edo Veda direlakoetan, gauza bera. Eta berdin Gilgamesh epopeian. Biblia eta Korana ere ildo horretakoak dira, Ekialde Hurbileko tradizioak jasoz eraikiak baitira. Ugari dira horietan zuhurtitzak eta aforismoak: Hamar Aginduak, besteak beste. Biblian zuhurtitz sorta luzea dator, giza jokabide zuzenaren eta moral erlijiosoaren oinarri:

-Burdina burdinak zorrozten du.

-Hobe errieta azaleratu, maitasuna gorde baino.

-Zuhurra, gaizkia ikustean, ezkutatu egiten da.

Idazkera asmatzeak jakintza sistematizatzeko eta espezializatzeko aukera zabaldu zuen, dena corpus bakarrean gorde gabe, ahoz egiten zen moduan. Idazkerak sailkapena eragin zuen: alde batetik, legeak; bestetik, zientzia (astronomia, medikuntza, arkitektura...); bestetik, historia, artea, kultura oro har. Aforismoa, jakintza jasotzeko baino gehiago, jakintza garatzeko erabili zen harrezkeroztik.

Indian, esate baterako, Patanjalik aforismotan bildu zuen Yogari buruzko jakintza eta teknika, beharbada lehen aldiz bide espirituala norbanakoaren esku jarriz eta erlijio ofizialen dogmetatik askatuz. Oraindik ere, Patanjalik egindako sistematizazioan oinarritzen dira yogako korronte gehienak. Hona hemen Patanjaliren yoga-sutra deritzan batzuk:

-Buruaren ibili-behar geldiezina baretzeko prozesua da yoga.

-OM errepikatuz, oharmena esnatzen da.

-Burua baretzeko, arnasa bizi-pultsuarekin bateratu behar da.

Txinatarren kultura-tradizioan, Konfuziok eta Lao Tsek ezarri zituzten ildo nagusiak. Konfuziok gizarte historikoa xuxen eta artez eraikitzeko filosofia asmatu-moldatu zuen; haren idatzien artean, ezagunak dira aforismo tankerako analektak:

-Mingain bizkorra eta manera fazatiak gutxitan dira ontasun-adierazle.

-Pentsatu gabe ikastea alferrikakoa da; ikasi gabe pentsatzea, arriskutsua.

-Ez dut inor ezagutu bertutea sexua baino nahiago duenik.

Lao Tse Konfuzioren kontrakotzat aurkeztu izan dute oro har. Eta, hein batean, hala da. Lao Tseren Tao te King idatziaren bidea deseraikitzailea baita; gizakiongan errotzen diren pentsamoldeak astindu eta birmoldatzera bultzatzen ditu etengabe, erlatibismoa baino areago bizipenetan oinarrituriko etengabeko birmoldatze dinamiko bat bultzatuz. Dena dela, Konfuziorengan ere (maisu askoren pentsamoldeak biltzen zituelarik) ikus daitezke jokamolde horren zantzuak. Hona hemen Lao Tseren zenbait aforismo:

-Malgua bazara, tente iraungo duzu.

-Bigunak eta eztiak menderatzen du gogorra eta zakarra.

-Sastraka eta arantza besterik ez da jaiotzen armadak kanpatu duen lekuan.

I Ching bilduma, berriz, iragarpenen tradiziotik abiatuta, existentziako gorabeherak agertzen dituzten aforismo bitxi bezain misteriotsuz beterik dago. Yin-Yang kontrakotasunean oinarrituta (ordenagailu modernoek 0-1 bikotasunean garatzen duten sare harrigarri hori bezala) existentziaren ikuspegi oso bat eskaintzen du.

-Libra zaitez oineko behatz potolotik. Gero, laguna iritsiko zaizu, eta hartaz fida zaitezke.

-Ez ibili zalantzatan: bildu inguruan adiskideak, adatsa biltzen duen xingolak bezala.

-Egiozu ohore zeure akatsari, ezkutuko asmo bat besterik ez balitz bezala.

Budismoan ere “sutra” erako aforismoak oso ugariak dira. Burua argitzeko, paradoxen aurrean jartzen du etengabe arrazoimena, argitasun berri baten bila. Joera hori Zen tradizioan areagotu egin da, erantzun logikorik ez duten galderak eginez (koan deritzenak) edo haiku motako poesia garatuz.

-Izan zeuen buruen kriseilu.

-Pentsatzen duguna gara.

-Haizeak ez du mendia mugitzen. Ez gaitzespenak ez aintzak ez du mugitzen gizaki zuhurra.

-Zer hots ateratzen du esku bakarraren txaloak?

Badira eragin budista ikusi dutenak Kristautasunaren jatorrian ere. Bestalde, Jesusek Bibliaren erroak ukatu gabe, ikuspegi-berritze sakon bat eragin zuen, errukian eta gizakien berdintasunean oinarritua. Bigunak eta ahulak gogorra eta sendoa gainditzen dutela dioen aforismo taoista azken muturreraino eraman zuela dirudi.

-Erakutsidazue harginek bazterrera botatako harria. Hori da eustarri.

-Ikusten duzu besteren begian lasto izpia; zeurean ez, ordea, ziria.

-Gidariek esaten badizuete: “Begira: zeruan dago Erreinua”; orduan, hegaztiek aurrea hartuko dizuete. Esaten badizuete: “Begira: itsasoan dago Erreinua”; orduan, arrainek aurrea hartuko dizuete. Izan ere, Erreinua zeuen barruan duzue, eta orobat kanpoan.

Grezian, Mendebaldeko jakintzaren oinarriak eraiki zituztenean, lehen zientzialariek eta lehen filosofoek aforismoa baliatu zuten beren jakintza sistematizatzeko. Hipokratesen aforismoak dira, beharbada, garai hartako sistematizazio zientifikorik argiena, medikuntzaren alorrean; sintomen eta diagnostikoen sailkapen luze bat eskaintzen du, besteak beste.

-Luzea da artea (iraunkorra da zientzia), laburra bizitza.

-Luzaro sukarretan egon ondoren, delirioa eta disnea agertuz gero, heriotza gertu da.

-Histerikoak puzkertiak izan ohi dira.

-Malekoniatsuei eta nefritikoei on egiten diete odoluzkiek.

-Irenduek ez dute hezueriarik izaten, eta ez dira burusoil geratzen.

-Eskuineko barrabila hotz eta dardarti badago, heriotzaren seinale.

Greziar filosofiaren sorrera aforismoari lotua dago. Parmenidesen aforismo erabateko batek eman zion hasiera eztabaida ontologikoari.

-Badena bada, ez dena ez da.

Lehen pentsalariek esaldi aforistikoak erabili zituzten pentsamenduaren oinarriak ezartzeko, eta orobat zientziarenak (matematikaren axiomak, esate baterako). Hasierako pentsalarien artean, Heraklito aipatu izan da aforistarik behinentzat.

-Munduaren ordena, denontzat berbera, ez zuen Jainkoak egin, ez gizakiak; beti hala izan da, beti hala izango da, su bizia, neurriaren arabera piztuz eta itzaliz.

-Kontrakoak objektu berberari dagozkio: gorako eta beherako bidea bide berbera da.

-Gaixotasunak egiten du atsegin osasuna, gaizkiak ongia, goseak asea, lanak atsedena.

Harrigarria da pentsalari horien ondoren pentsamendu sistematikoa garatu aurretik (Platon, Aristoteles), pentsamoldea etengabe kolokan jartzen duen bat hain goiz agertu izana: Sokrates. Ez du soilik pentsamendu kritikoaren eta pentsakera zorroztearen dialektikaz jokatzen; pentsamoldea etengabe deseraikiz eraikitzearen paradoxa abiatzen du Sokratesek. Aforismoaren tradizioak behin eta berriz jorratuko du jokabide hori, pentsamendu fragmentarioaren bidez azpia janez pentsamendu-sistema erraldoiei.

Gerora, estoikoek eta Epikuroren jarraitzaileek ere aforismo ugari zabaldu zituzten greziar eta erromatarren artean. Bi horiek kontrako jarreratzat jo izan badira ere (batzuek, datorrena lasai jasan; besteek, bizitzaz ahalik eta gehien gozatu), biek ala biek bizitzako oinarrizko gauzetara eta soiltasunera jotzen dute; ez da harritzekoa, beraz, aforismoaren soiltasuna erabili izana bi mugimendu horietakoek.

-Gizakia are aberatsago, zenbat eta gauza gehiagori uko egiteko ahalmena izan (Epikuro).

-Alferrik du hitza filosofoak, baldin eta gizakien sufrikarioa leuntzeko balio ez badio (Epikuro).

-Aski izateari gutxi deritzonak inoiz ez du aski (Epikuro).

-Ez zait baliozko iruditzen inork ken diezadakeen ezer (Seneka).

-Ez inoiz etsi zoritxarraren aurrean; ez inoiz fidatu aberastasun-aroaz (Seneka).

-Gizakiak ezin du eduki nahi duen guztia, baina uko egin diezaioke ez daukan guztiari (Seneka).

-Jarri dizuten eginkizuna nola bete, zure esku dago. Zer eginkizun duzun, ez (Epikteto).

-Egin egin behar duzuna, bizitzan azken aukera balitz bezala (Marco Aurelio).

Erdi Aroan ere, jakintza garatzeko erabili izan zen aforismoa Mendebaldean, tradizio klasikoa eta erlijiosoa uztartuz. Gerora jaso izan dugun herri-tradizioko errefrauen garapen nagusia orduan gertatu zen, eta aro horren amaieran egin ziren lehen bildumak; Euskal Herrian, Garibai aipa daiteke:

-Goiz salda-hotsa, berandu bazkaria.

-Otsoak bere burua mandataririk onena.

-Hasiak egina dirudi.

Ondoren, Errenazimentua garatu eta Erreformaren ideia berriekin batera, pentsamenduaren berritzaileak agertu ziren, eta haien ondotik moralistak deituak izan direnak. Erasmok eta Tomas Morok, besteak beste, berebiziko eragina izan zuten aforismoaren garapenean, hala berek sortutako esaldiekin nola tradizio klasikotik egindako adagio-bilduma handiarekin.

-Garratzak dira jakintzaren erroak; gozoak, fruituak (Erasmok jasoa).

-Zen den lagun bat? Arima bat, bi gorputzetan (Erasmok jasoa).

-Ez du usain onik beti usain ona duenak (Erasmok jasoa).

-Ezin ezer eman gizaki bati beste bati kendu gabe (T. Moro).

-Ezin gizakia Jainkoagandik aparte egon, ez orobat politika moraletik (T. Moro).

-Eman arima bat aspertzen ez dena, edo zaputzik, hasperenik nahiz lanturik egiten ez duena; ez iezadazu utz oso benetan hartzen “ni” deritzan gauza inbasore hori.

Horren segidan, batik bat Frantzian jorratu zuten aforismoa, Montaignek (estoiko moderno hark), La Rochefoucaudek eta enparauek. Espainian, berriz, Huarte San Juan eta B. Gracián aipa ditzakegu.

-Heriotzak baratzean harrapa nazala, azak landatzen (Montaigne).

-Besteek onartzea lortzen dugun hori da egia gaur egun (Montaigne).

-Tronurik gorenean ere ipurdiaren gainean eseri behar (Montaigne).

-Besteek gaiztakeriaren kontrako gerra da bizitza (B. Gracián).

-Gauza bat egin gabe uzteko, aski da da egina dagoela pentsatzea (B. Gracián).

-Zerbaitek betiko iraun dezan, betikotasunean jardun behar hartan (B. Gracián).

-Gauzen benetako zientzia nahi duenak tente eta geldi iraun behar du (Huarte San Juan).

-Ez dago ezer kaltegarriagorik Errepublikan jakin-ustea duen ergela baino, batik bat agintean edo gobernuan badago (Huarte San Juan).

-Zaharrek atsegin dute aholku onak ematea, eredu txarrak emateko gauza ez direla berdintzeko (La Rochefoucauld).

-Gorespenari uko egitea bi bider gorespena bilatzea da (La Rochefoucauld).

-Beharrak libratzen gaitu aukeratu behar izatetik (Vauvenargues).

-Ospea: ezagutzen ez zaituztenek ezagutzea (Chamfort).

-Poetak ez du urrats egin behar jauzi egiteko aukera duenean (Joubert).

Moralismotik harago eginez, Spinoza bazterreko pentsalaria bihurtu zen, eta bere bazter hartatik eszpetizismo zintzoz (batzuetan zinikoz) filosofia errotik astinduz jardun zuen.

-Zer da ba amodioa plazera besterik, kanpoko zerbaitek eragina delako ustearekin?

-Giza ekintzak eta nahiak aztertzeko, lerro, plano eta solidoak neurtuz bezala jardun behar dut.

Azken aforismo horretan zabalik dago zientziaren eta positibismoaren bidea, gero Ilustrazioak garatuko zuena. Bide horretan, Lichtenberg-ekin egiten dugu topo, beharbada aforismo modernoaren aitapontekoarekin. Zenbaiten ustez, Freud-ek baino ehun urte lehenago jo zuen inkontzientearen oinarrietara giza portaera eta izaera aztertzeko.

-Planetako lurralderik entretenigarriena giza aurpegia duzu.

-Jarri zalantzan, gutxienez behin, oro, baita bi eta bi lau direna ere.

-Ezinezkoa da egiaren zuzia jendartean eramatea norbaiti bizarra erre gabe

imprenta

Schopenhauer ere bazterretik jardun zen, bere garaian ia inork aintzat hartu gabe; hala ere, gerora, berearekin irten zen arrazoiaren alorrean “berearekin irteteko artea” hain maisuki garatu zuen hura. Batez ere bere bizitzaren bigarren zatian osatu zituen aforismoak (luze samarrak, baina erroan aforismo labur dutenak).

-Zerbait nahi izatea eta nahi hori probable izatea nahastea da esperantza.

-Arrotza da mundu honetan bertutea.

-Etsipenen biltegia beharrezkoa da bizitzako bidaia egiteko.

Nietzsche Schopenhauerren ondorengotzat jotzen dute: Unibertsoak ez du Jainkorik ez zentzurik, guk geuk ematen dioguna ez bada.

-Lilura direla ahaztu dugun lilurak dira egiak.

-Norbaiti hegan egiten erakutsi ezin badiozu, erakutsi bizkorrago erortzen.

-Ongia eta gaizkia Jainkoaren aurreiritziak dira.

Geroago, Wittgensteinek arrazoimenaren ingeniaritza guztia martxan jarriko zuen, esan daitekeen guztia sintetizatzeko ahaleginean. Hortik aurrerakoak, haren ustez, ez dira esatekoak.

- Hizkuntza oporretara joatean agertzen da kezka filosofikoa.

-Esan daitekeena garbi esan daiteke. Esan ezin dugun arazo filosofikoa, hobe isilean pentsatzea.

-Filosofia ez da irakaspen multzo bat, etengabeko ekimen bat baizik.

-Nire hizkuntzaren mugak dira nire munduaren mugak.

Nietzscheri egotzi izan zaion nihilismoa muturrera eraman zuen, besteak beste, Cioranek. Badirudi heriotza izan zuela, nolabait esateko, pentsamendu-metodo.

-Bizitzea zorua galduz joatea da.

-Liburua ez da buruaz beste egitea geroratzea baino.

-Gauza bakar batek du garrantzia: galtzen ikasteak.

Estatu Batuetan, alde “positiboagotilk”, Emersonek tradizio klasikoa kapitalismo berriaren balio liberal demokratiko indibidualistekin uztartu zuen, berritasunaren goraipamena eginez.

-Ekin behin eta berriz zeureari; inoiz ez imitatu.

-Jendeak atsegin du egonkortasuna; ezinegonen bat duten arte ez dago zer eginik haiekin.

H.D. Thoreau, Emersonen dizipulu zuzena, gaurko ekologismoaren aitapontekotzat hartua izan da. Azken batean, pentsamendu liberalak bultzatutako indibidualismoa muturrera eraman zuen, aberastasunak pilatzeari uko egin eta bere buruan errotuz; hala, liberalismo kapitalistaren kontraesana agerian jarri zuen du, gizarte-arauekin talka eginez.

-Gobernu batek pertsona zuzenak zigortzen dituenean, gizaki zuzenaren lekua presondegia da.

-Basora joan nintzen, bizitzako gertaera funtsezkoak besterik bizi nahi ez nituelako.

-Gizaki bat besteen pausoan ez badoa, agian beste danbor bat entzuten duelako da.

Hogeigarren mendeko aforismoak ironiaren bidea bidea hartu du batik bat. Aipatu dugu Cioranen nihilismo muturrekoa. Beste alde batetik, Canettiren zorroztasun gupidagabea daukagu.

-Perfektuak ez dio inori sartzen uzten.

-Gizaki gehienak aspaldiko zoritxar baten mende daude, eta ez dakite zer zoritxar den.

-Profetek, egunen batean, jakingo dute iragana baino ez dutela ikusten.

Lec poloniarrak aforismo ozpindua landu izan du batez ere, besteren begian lasto izpirik txikiena ere ikusten duten horietakoa.

-Ura leporaino iristen zaizunean, ez kezka potablea den ala ez.

-Adimenaren lehen egitekoa: bere buruaz ez fidatzea.

-Argia ekarri nahi izan duten asko farola batetik zintzilikatu dituzte.

-Kontzientzia garbi zeukan; inoiz ez zuen erabiltzen.

Ozpinaren eta ironia finaren (ia sumaezinaren) artean dabiltza gaur egun egiten diren aforismorik gogoangarrienak.

-Gauzak asko aldatzen ez badira, egunen batean ni ere hil egingo naiz (K. Linazasoro).

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)