Sinadurak

Bilbotik Bilbora: literatur paseo bat hirian barrena

Ostirala, 2018-04-20

Hiriak hamaika dira munduan. Eta makina bat bertan bizi diren idazleak. Bi ekarri ditugu hona, Goizalde Landabaso eta Lutxo Egia, hitz egin diezaguten hiriaz eta literaturaz. Kopenhage edo New York izan zitekeen haien bizilekua, hiriak hamaika baitira munduan. Baina ez, Bilbo da. Bilbo bakarra delako munduan.

Bilbotik Bilbora: literatur paseo bat hirian barrena

Mundua zer da antzoki handi bat baino? Eta bizitza, teatro hutsa. Edo opera bat. Gaur oihala ireki denean, Bilbo antzeratzen duen dekoratuarekin egin dute topo gure begiek. Eta oholtza gainean, bi idazle, Goizalde Landabaso eta Lutxo Egia. Kontu eta kantu aritzeko libretoa Lutxok ekarri du: “Hiri hori da hiri hau”, 2016ko Eako Poesia Egunetarako prestatu zuen obra laburra, literatura lanen eskutik, Bilbotik paseoan garamatzana. Goizalde prest agertu da luzatutako eskuari heldu eta hirian barrena ibilian joateko. Has dadila emankizuna!

1. Ekintza: Hiri hau. Arratoiak, barkuak eta paseoak.

(Olabeagako kaia. Betiko itxurari eusten dio oraindik, gero eta zaharrago, gero eta eroriago, eta, hala ere, alboko inguru berrituarekin alderatuta, gero eta ederrago.)

LUTXO

(Libretotik irakurtzen du hasieran)

“Paisaia ideologia da. Baina paisaia transitoa ere bada. Formateaturik gaude ikusteko paisaia modu estatiko batean, baina paisaia tolesek eta geruzek osatua da; paisaia espazioari eragiten dioten esperientzia guztien palimpsesto moduan eratzen da. Lekuturiko hots eta usain horiek geure geruzak dira. Eta horrek guztiak gu osatzen gaitu.”

Ni Santanderren jaio nintzen, baina ordurako gurasoak Bilbon bizi ziren, Gregorio de la Revilla kalean, Astoria ondoan. Gero etxea erosi zuten Mallona futbol zelaiaren ondoan. Horra nire lehenengo geruza. Alde hori zeharo aldatu da gaur egun. Duela 45 urte, ia-ia desagertzen ari zen siderurgia-gune bat zen, eta egunero zeuden grebak. Hura zen gure jolasgunea, eta gogoan ondo iltzatuta geratu zaizkit bertako soinuak, Etxebarriako sirenaren uluak, tailerretako sufre-usaina…

GOIZALDE

Nire lehenengo geruza Guggenheimen alboan dago, errekaren aurrean. Han jaio nintzen ni, amaren ginekologoaren kontsulta bertan zegoelako. Bestela, ni deustuarra izan naiz beti.

Bilbo hura, grisagoa, ilunagoa, zikinagoa, gehiago gustatzen zitzaidan. Oso gogoan dut nola igotzen zen Deustuko zubia. Egunkariek albistea jasotzen zuten, Líneas Pinillosek karga zekarrela, zubia zabalduko zela eta adi egoteko, trafikoan aldaketak egingo zirela. Aita eta amaren eskutik joaten ginen itsasontzia zelan sartzen zen ikustera.

LUTXO

Niretzat Bilbo igandeetako paseoak ere baziren, gurasoekin erdigunera joaten ginenean. Garai hartatik irudi bat azpimarratu beharko banu, Areatzako zubia izango litzateke, eta ni zubian itsasadarrari begira, La Naja azpian zeuden jonkiei so, denak lerro-lerro. Eta itsasbeherarekin agertzen ziren arratoitzarrak, batetik bestera korrika eta igerian.

GOIZALDE

Horiek oraindik ere badaude.

LUTXO

Nik ez ditut aspaldian ikusi, baina lehen irudi oso potentea zen.

GOIZALDE

Lehen gehiago ziren eta, igual, handiagoak ere bai. Baina hor daude oraindik.

(Gogora ekarri dut Goizalderen “Domeka goiz bat-batean” poemaren amaiera: “Hiriak beste usain bat du / perfektua dirudi. / Baina orduan / erreka bazterreko arratoia begira gelditu zait / eta nik / nazka sentitu dut”. Arratoi haien bizilekura, itsasadarrera jausi egin du solasak.)

LUTXO

(Libretotik irakurtzen du)

“Bernardo Atxagak itsasadarrarekin lotu izan du Bilbo, ziutatea. Haren geografia afektiboa barkuen presentziari lotua dago, mareari, portuari.”

GOIZALDE

Itsasadarraren presentzia oso indartsua da, nahiz eta urte batzuetan hari bizkarra emanda egin ziren etxeak. Orain, kontrakoa gertatzen da. Post-industrializazioaren eraginez, Bilbo industria-hiri bat izateari utziko ziola eta zerbitzu-hiri bat izango zela erabaki zutenean, berriro ohartu ziren itsasadarra zein garrantzitsua zen.

LUTXO

Ados nago. Itsasadarra hiriaren DNAn dago. Hiria sortu aurretik ere, gune hau itsasadarrari begira sortu zen. Ordutik, unean une, modu askotan bizi izan da hiri hau itsasadarrari begira, eta beti kudeatu eta ustiatu da modu batean ala bestean. Guggenheim, Euskalduna jauregia, Balmorik diseinatutako guztia, udaletxetik Abandoibarrarantz egindako transitoa… hori dena ezin da ulertu itsasadarrik gabe. Esango nuke itsasadarra beste modu batera berrinterpretatu dela, baina pisurik kendu gabe.

Thomas Krensek (Guggenheim Fundazioko buruak) Joseba Zulaikari kontatu zion nola bururatu zitzaion museoa toki horretan jartzea. La Salveko zubipetik korrika ari omen zen gau batez, eta orduan ikusi zuen oso garbi han, Pinillosen, eraiki behar zela. Ekintza horrekin erabaki zuen hiriaren down town berriaren kokalekua.

GOIZALDE

Hala ere ematen du itsasadarra nolabait mutilatu nahi izan dutela Euskalduna zubia eraikitzerakoan, zubi hori ezin baita altxatu eta zabaldu. Inoiz berriz itsasontziak sartzeko asmorik balego, zubi hori suntsitu beharko lukete. Ez dakit hiria pentsatzen dutenek zelan daukaten hain begirada murritza eta ez duten pentsatzen, agian, egunen batean, itsasontziak itzuliko direla.

(Cristina Peri Rossiren “Los grandes transatlánticos” poemaren azken ahapaldi hauek dira orain burua inbaditu didatenak: “me amabas / porque una tarde de invierno, / en lugar del cine, / te llevé a ver salir los barcos”. Kito, Bilbon inor ezingo da gehiago maitemindu horrela. Baina beti geratuko zaigu maitearen ondoan paseatzeko aukera, itsasadarretik.)

LUTXO

(Libretotik irakurtzen du)

“(…) zeren eta ibiltzea baita historikoki gizajendearen lehen ekintza paisaia eraikitzeko.”

Situazionistei hartutako ideia bat da: ibiltzen eraikitzen dugu paisaia politikoa. Baudelairren flâneur ideia hura, Walser… literaturan paseoaren ideia asko gustatzen zait, eta nik erabiltzen dut idazten dudanean. “Txakur ingelesak” ipuin-bilduman bada horrela antolatutako ipuin bat, paseoaren figura horrekin.

GOIZALDE

Ibiltzea ideiak ordenatzea da, eta ni asko ibiltzen naiz horregatik. Bizitzak gainezka egiten didanean, okurritzen zaidan gauza onena ibiltzea da. Abandoibarratik paseatzen naiz asko. Izugarri gustatzen zait Deustuko erriberari beste aldetik begiratzea, asko aldatzen baita paisaia.

LUTXO

“Zubigile” nobelaren zati handi bat Deustuibarra eta Zorrotzaurreko gune horretan gertatzen da. Hura idazten ari nintzela, egunero joaten nintzen bertara, Vicinay Cadenasera, Consonni enpresara, marmoldegietara... Bilbon kasik edozein tokitatik paseatzea gustatzen zait, batez ere alde zaharreko kaleetatik, Bilbitik… Pasealeku bihurtu zaigun itsasadarrean, dena iruditzen zait berdinagoa. Kale Nagusian ere gozatzen dut, Bilbo oso ederra baita, bere eraikin modernista horiekin guztiekin. Plazer estetiko hutsa da.

GOIZALDE

Nire plazerrik handienetakoa hirian gauez paseatzea da, batez ere euria egin badu. Gelditzen den usain hori… orduan gustatzen zait ibiltzea. Hala ere, ez dut askotan egiten, Bilbo gero eta arriskutsuagoa iruditzen zaidalako emakumeentzat, eta leku batzuei betoa jarri diet. Hiriak paseoan joateko eragozpen handiak ditu, fisikoak ere bai asko. Gero eta konplikatuagoa da ibiltzea. 

 

2. Ekintza: Hiri hori. Guggenheim, Athletic eta BBC

(Itsas-museoa. Hiri zaharraren eta berriaren arteko mugan. Bertatik erraz ikusten dira, alde batera, Olabeaga eta Zorrotzaurreko etxe eta fabrika eroriak; eta bestera, forma ezinezkoz sendo dirauten Guggenheim museoa edo Euskalduna jauregia.)

LUTXO

(Libretotik irakurtzen du hasieran)

“Guggenheim museoak aldaketa abiarazten du, transmodernitatean murgilaraziko gaitu. Desindustrializazioaren zauriak ezingo dira industria berriekin itxi, irtenbidea ez dago eraikitzean, deseraikitzean baizik, Frank Gheryren deseraikitzean.”

Museoa zabaldu baino hilabete batzuk lehenago, pertsona batek deitu zidan museoaren aurkako argazki kolektibo batean parte hartzeko esanez. Nik ezetz esan nion, ez bainuen garbi museoaren kontra nengoen ala ez. Orain gauza bera egingo nuke, ez zait erabaki hura damutzen. Egia esateko, ez dut uste museoa berez txarra izan denik hirirako.

GOIZALDE

Nik ere ez neukan oso argi alde edo kontra nengoen, izan ere, gauza guztietan lez, beti dago alde ala kontra agertzeko motiborik. Orain, denboraren joanarekin, zenbait erabaki kulturalekin kritikoa izan naiteke, baina museoa ona izan da hiriarentzat.

LUTXO

Kontua, azkenean, zera da, zer hiri mota nahi dugun. Ezinezkoa da hiri bat kontrolatzea. Pentsa, Guggenheim bultzatzen ari zirenean ere, Aldundiaren Ogasun sailean eta ez Kulturan, haren alde ari zirenek ere ez zeukaten oso argi non sartzen ziren eta nora eramango zituen bide hark. Batzuetan, gauzak ezin dira planifikatu, eta horretan EAJkoak nahiko zintzoak izan dira, aitortu berri baitute ez zekitela oso ondo non sartzen ari ziren.

GOIZALDE

Orain, museoaren edukiez-eta zer esan. Ba bai, izan nitzake zenbait zalantza eta kritika. Baina urteak pasatuta, ezin dut imajinatu Guggenheimik gabeko Bilbo bat, edo metrorik gabekoa. Askotan esaten diot nire buruari: nola bizi ginen metrorik gabe?

LUTXO

Eta gauza bera industriarekin. Gogoan dut Euskaldunako azken gatazkak eman zirenean, ni Deustuko Unibertsitatean nengoela, eta zubi inguruan ibiltzen ginela haien alde. Gure aldarri nagusia zen industriak hirian geratu behar zuela. Gaur egun, ezinezkoa da halako industria bat imajinatzea hemen erdigunean.

Agian, kontua ez da Guggenheim bai ala ez, Alondegia bai ala ez, edo BBK Live bai ala ez. Hori oso dikotomia kabroia da. Azken batean, kultur ereduarekin eroso gauden ala ez begiratu behar dugu. Nola ezin dezakegun dena eraitsi eta beste eredu oso bat eraiki, ikusi behar dugu nola izan gaitezkeen, unean une, kritiko.

(Baina zalantza piztu zait hemen: zenbat balio du idazlearen hitz kritikoak. Edo zitalago: zenbat balio du idazlearen hitzak? Zer indar du bere irudimenak sortutako paisaia fisiko eta politikoak hiritarren iruditerian txertatzeko?)

LUTXO

Arestik idazten zuenean zenbat irakurle zituen?

GOIZALDE

Eta zenbat ditu gaur egun?

LUTXO

Euskarazko idazle batek Bilbon zenbat irakurle ditu? Zernolako eragina sor dezake? Bat ere ez. Aramburuk bere Patria Bilbon kokatu izan balu, sortuko zuen Bilboren gaineko irudi bat, eta irudi hori azken urteetan sortutako indartsuena izango zen. Botere hegemonikoak sortzen du irudia.

GOIZALDE

Bilbo asko jipoitu dute eta jipoitzen ari dira. Bilborekin zerikusi gutxi daukan Bilboren irudi bat eraiki da, eta irudi hori Bilborekin zerikusia ez daukan jendeak eraiki du. Esate baterako, esaten dute: Bilbo hiri erdalduna da. Eta hori ez da egia, Bilbon % 20 euskalduna baita, eta ez baitago munduan euskaldun gehiago daukan hiri edo herririk. Bilbo oso espainola dela esaten dute. Bada, niri ez zait iruditzen, kontua baita espainoltasunaren eta euskalduntasunaren langa non jartzen den, eta nork jartzen duen. Garaia da Bilbo ere aldarrikatzeko, dauden Bilbo guztiak aldarrikatzeko, bere alde on eta txar guztiekin.

LUTXO

Esango nuke, eta beharbada oker egon naiteke, literaturak oro har sekula ez duela indarrik izan iruditeria kolektiboan eragiteko. Beti izan da gauza oso minoritario bat, duela ehun eta berrehun urte ere bai. Bilboren irudia ez da sortzen literaturatik. Eta literaturatik sortzekotan, zeharka izaten da, hedabideetan literatura eta Bilbo lotuta esaten direnekin, idazleen inguruko erreportajeetan, elkarrizketetan.

GOIZALDE

Gaur egun Bilboren iruditeria Athleticek sortzen du. Oso tristea da, baina hala da. Athleticengatik daki jendeak Bilbo non dagoen. Literatura zer da horren ondoan? Hutsaren hurrengoa.

LUTXO

Gainera, garai batean, Bilboren irudia, printzipioz, bertakoak soilik sortzen zuen. Gaur egun, ez da horrela. Are pisu handiagoa izan dezake kanpotarrak.

GOIZALDE

Hor daukagu, esate baterako, Thomas Krens.

LUTXO

Edo Newsweek, Times, BBC… Eta haiek egiten dituzten erreportajeetan guk erreproduzitzen ditugun irudiak. Irudi horiek sortu egiten dira, badoaz eta badatoz, eta kontrolaezinak dira. Eta, horrela, pixkanaka, hiria sortzen, birsortzen, aldatzen eta eraldatzen doa.

GOIZALDE

Eta gugan ikaragarrizko eragina daukate kanpoko irudi horiek.

LUTXO

Beste maila apalago horretan, Paddy Rekalde, Sonia Gonzalez, Urtzi Urrutikoetxea… idazle askoren testuetan ere oso presente dago Bilbo. Nik tesi bat defendatu nahi nuen Hiri hori da hiri hau liburuan, eta hiru idazle hautatu nituen: Gotzon Barandiaran, Jon Arretxe eta Irati Jimenez. Bilbo leku bat baino gehiago da haien zenbait liburutan, eta pertsonaiek Bilbon bizi izandako aldaketen gaineko iritzia ematen dute, deserosotasunez.

GOIZALDE

Bitxia da, hala ere, hiru idazle horiek ez direla Bilbokoak. Hor badago hiriari kanpotik begiratzen dionaren mitifikazio puntu bat, nolabait.

Goizalde eta Lutxo 4

3. Ekintza: Hiri hori da hiri hau. Jonkiak, Woody Allen eta tranbiak.

(Kafetegi bat, izar mordodun hotelez eta fatxada garbidun etxez inguratuta. Taberna moderno bat da, beirate zabalekin, eta barruan, ur-jauzi txiki bat. Ura, dekorazio bihurtuta. Itsasadarraren gaineko metafora gaizto bat balitz bezala. Azkenean, bi hiriak hiri bakarra dira. Edo Goizalderen “Munstroak” poemaren hitzak erabiliz: “Gauzain izan nahi duzu orduan / jabetzen zaren arte: / zu zara munstro horiek.”)

GOIZALDE

Ez nuke esango bi Bilbo soilik daudenik. Bilbo barruan Bilbo asko daude. Batzuetan, beharbada goitik dauden borroka politikoek horretara eramaten gaituztelako, diskurtso guztia dikotomiara bideratzen dugu. Baina Bilbo gu gara, gutako bakoitza, eta nik hori oso presente daukat.

LUTXO

Bai, baina diskurtso politikoan, eta baita literaturan ere, sinplifikazio batera jotzen dugu. Ni oso Manuel Delgado zalea naiz eta hark, Lefebvreren eraginez, hiria eta urbanoa kontzeptuak bereizten ditu. Hiria ikusten dugun hori litzateke, eraikinak, parkeak… baina urbanoa bizirik dagoen guztia da, alegia, gu geu, pertsonak, egunero gertatzen diren milioika harreman horiek. Hortaz, hiria antzeman ezina da. Baina idazteko, heldulekuren bat behar dugu eta diskurtso politikotik hartu dugu tentsio dialektiko hori.

GOIZALDE

Iruditzen zait, baina, disidentzia ez dagoela ondo ikusita. Horrelako postulatuak ematen direnean, batean ala bestean egon behar duzu, bestela disidente bat zara, ala, are okerrago, outsider bat. Horrela, ezin duzu Bilbori buruzko ikusmolde libre bat eman, beti gaudelako eragin edo kutsadura horren mende.

(Libretoa azkeneko orrialdeetatik ireki du Lutxok. Obra amaitzear eta zirkulua ixtear dagoela, zaila da jakitea beste norabait iritsi ote garen, ala hasi ginen leku berean bukatu den paseoa, baina ingelesezko izenez beteta eta bake antzean orain. Zer idatzi behar du idazleak basamortu honetan?)

LUTXO

(Libretotik irakurtzen)

“XXI. mendeko euskal literaturak bi Bilboren arteko tentsioa islatu du, lehengo hiri zoragarria eta turistentzat diseinaturiko egungo hiria. Eta nago hori baliagarria izan dela, baina irudipena dut paisaia horrek ez duela gehiagorako ematen. Esango nuke bukaera heldu zaiola. Alegia, idealizazioaren bukaera.”

Literaturan zein bizitzan oro har, Bilboren aldaketa handi hori ematen denean, eta ez dakigunean oso ondo nora goazen, utopia bat abiarazten da. Erakundeek eta EAJren diskurtsoak eutopiaren alde egiten du: “hau guztia ona da”. Beste aldean, horri kontra egiten dion diskurtso bat sortzen da, Bilbo distopiko bat irudikatzen duena. Berriki, distopia horren sortzaileek ere onartu dute diskurtso horren porrota. Eutopiak irabazi du, eta Bilbo deseroso eta distopikoaren diskurtsoak gaur egun ez dauka jarraitzailerik. Izan gaitezke kritiko honekin eta harekin, baina orain ez daukagu diskurtso orokorrik.

GOIZALDE

Esango nuke Bilbon zarata gutxiago dagoela orain, baina tentsioak hor dirau. Erdigunetik pixka bat aparte bizi gara gu, eta nire etxepean jonkiak daude xiringekin eta itsasadarrean arrantza egiten, jateko. Jendea kontenedoreetan ibiltzen da gauzen bila, nire lagun askok ezin dute pisu bat lortu…Tentsioa egon badago, baina orain zelofan erraldoi batek estaltzen gaitu.

LUTXO

Idazleak hiriari zenbateko zukua atera ahal dion da gakoa. Bilboko San Frantziskon kokatu dezakezu istorio bat, aipatu dituzun osagai horiekin, eta prostituzioarekin, droga-trafikoarekin… baina arrunkerian erraz eror zintezke. Aldiz, istorio zuriago bat ere osatu dezakezu Bilbon, eta entretenigarria izan. Hor dago idazlearen erronka. Lehen, Bilbo mugituagoa izan zitekeen, gatazkatsuagoa, hori hala da. Baina orain idazleak egokitu behar du errealitate berrira.

GOIZALDE

Berdin dio non idazten duzun, Bilbon, New Yorken ala Seguran, beti sor daitezke istorio zoragarriak. Kontua betikoa da: inguruari begiratzeko gai izan behar duzu.

LUTXO

Literaturaren mamia, azkenean, sinesgarritasuna transmititzea da, berdin da egia ala gezurra den. Esate baterako, Woody Allenen film bat ikusten dudanean, New Yorken sekula egon gabe, sinesgarria egiten zait. Hain da sinesgarria non Europan, eta Bilbon ere bai, saiatu garen New York hori imitatzen eta horra hurbiltzen. Deustu ibarrako irla horren proiektuak izen bat zeukan lehen: Bilboko Manhattan. Loraldian Bilbronx egiten denean, horra begira gaude. Edo Hernani kalea, Dos de Mayo… Soho deitzen diote horri. Ez dakigu oso ondo zertaz ari garen, baina hiperrealismo horretan erortzen gara, eta halako proiekzioak egiten ditugu.

(Eta fini. Orain, bizi ondoren, hiltzea besterik ez zaigu geratzen. Goizalderen “Irtenbide bat, faborez” poemak hala dio: “Bihar artekoan hiltzen banaiz / gera bedi argi: / ez nuen hemen hil nahi.”)

GOIZALDE

Niri ez litzaidake gustatuko hiltzea

LUTXO

Klaro, niri ere ez.

GOIZALDE

Hil behar bagara, izan dadila oso berandu.

LUTXO

Eta osasuntsu.

GOIZALDE

Poema horren atzean ez dago Bilbo, hori ere argi gera bedi. Oso pozik eta gustura bizi naiz Bilbon, eta gustatuko litzaidake hiltzea ondo sentiarazten nauen leku batean. Bilbok ondo sentiarazten nau orain, baina auskalo bihar.

LUTXO

Bizi naizen artean pozik bizi nahiko nuke. Bilbon poza ematen dit ikusteak harreman asko izan eta jende asko ezagutzeko aukera ematen dizun hiria dela, hiri txiki bat bada ere.

Hori bai, modu tragiko batean hil nahiko nuke. Ez tranbiak harrapatuta.

GOIZALDE

La Salveko zubitik behera burua botata, nahiko argazki tipikoa bada ere.

LUTXO

Heriotza performatibo bat kasik. Performance baten ondoren hiltzea. Horrek noski, egoarekin zerikusi handia dauka.

GOIZALDE

Hala uste baituzu betiko iraungo duzula.

LUTXO

Sortzailearen pentsamendu bete-betea da hori.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)