Sinadurak

Irakurri, irakurri, madarikatuak!

Ostirala, 2018-05-18

Karmen, Amaia, Begońa, Andrea, Itsaso, Irati, Aintzane. Izan litezke kosmonauta, meatzari, tabernari edo taxista. Eta, akaso, hala izango dira, ez dakigu. Denak ala denak irakurle direlako eseri gara gu haien aurrean, eta rec botoia sakatu dugu, hain gutxitan entzuten diren irakurleen ahotsak grabatzeko.

Irakurlea oso presente dago literaturaren ekosisteman. Idazten duen bitartean, idazleak buruan erabiliko du beti, eta haren ahots-tonua imitatuz irakurriko ditu boz gora idatzi berri dituen paragrafoak, balekoak diren ala ez asmatu nahian. Editoreak ere maiz hartuko du ahotan, idazle aldrebesari gogorarazteko, irakurleak beste zerbait nahi duela, eta idazle finari esateko, irakurleak beste zerbait nahi duela. Liburu-saltzaileak ahaleginak eta bi egingo ditu irakurleak arrantzatzeko, nobela bat saltzeko, kasik beste nobela bat ematen duen marketin-ariketa ezinezkoen bidez.

Halakoxe izaki misteriotsu bat dira irakurleak, itzalpe moduko batean bizitzera kondenatuak. Inork ez daki ondo nor diren, idazleek, editoreek edo liburu-saltzaileek asmatu dizkieten ahots, gustu eta istorioetatik harago zein jaka jantzi, zein fruta jan edo zein liburu maite duten.

Eta, hala ere, beti daude denon ahotan.


Mundu guztia da artista

Inongo plaza edo kalek ez darama irakurle baten izenik. Ez dute estatuarik. Eskuak burura eramaten ditugu, noizean behin, azterlanen batek zein gutxi diren esaten digunean. Erakundeek irakurzaletasuna bultzatzeko plantak egiten dituzte sarri, baina gogo eta baliabide urriz. Gure gizartearen norabidea, baina, beste bat dela iradokitzen digute Boris Groys filosofo eta arte kritikariaren hitzok: “Gaur egun, mundu guztia da artista, mundu guztiak nahi du zerbait esan, zerbait idatzi, Interneten zerbait eskegi. Mundu guztiak nahi ditu gauzak egin, baina inork ez dauka ez interesik ez denborarik gauza horiei begiratzeko”.

BEGOŃA RAMIREZ Borisen iritzi berekoa da, “gizartean, oro har, hala gertatzen dela ematen du, mundu guztiak izan nahi duela ipuinaren izarra eta gutxi interesatzen zaigula ondokoen errealitateak ezagutzea. Baina ni baikorra naiz eta, zorionez, denetik dago. Gazte asko eta asko oso konprometituta ikusten ditut, entzuteko gogoz”. BEGOŃAK pilatuta ditu motxilan urte batzu-bazuk eta irakurritako liburu mordoxka bat. Eta, halakoetan, ohikoa izaten da begirada gazteengana itzultzea. ITSASO VAZQUEZ gaztearengana, esate baterako, unibertsitateko testu-liburuen eta liburutegian hartutako liburuen artean bizi dena. “Jendea ez da hain espezial sentitzen, haien burua bakarrik goraipatzeko eta besteena ez ikusteko. Esango nuke badugula interesa besteek zer egiten duten ikusteko”.

Ukaezina da, hala ere, gure gizartean dagoen nabarmenkeriarako joera. Nor izateko, ezinbestekoa da telebistan agertzea, edo youtuben, edo twitterreko izarren artean. Esatea, ez entzutea. Beldur eta zalantza batzuekin bada ere, liburu bat idaztea ere gehi geniezaioke zerrenda horri. Eta, beldur eta zalantza barik, liburu bat irakurtzea ez genuke sekula zerrenda horretan sartuko, inor ez baita horregatik famatzen. Nolanahi ere, kultur munduaren zutabea da ikuslea, irakurlea. “Irakurlerik gabe ez dago literaturarik, hori argi dago. Jakina, idazlerik gabe ere ez. Zalantzarik ez dago euskaraz irakurleak behar ditugula. Idazleak ez dakit, baina irakurleak, bai”. IRATI MARAŃONEK argi dauka bera bezalako ehunka, milaka irakurle behar ditugula.


“Euskarazko irakurleak, oro har, emakumeak izaten dira, 50 urtetik gorakoak gehienak, eta, normalean, eleberria aukeratzen dutenak”


Gaur egungo irakurle gutxi horien artean orduak eta orduak ematen dituena, aldiz, ANDREA AIAPE da, liburuzaina, eta, beharbada horregatik, irakurlea aho-bilorik gabe babesten sendoena: “Irakurlearengan maiz konplexu moduko bat dago, eta uste du berak ez daukala mailarik segun eta zer gauzez hitz egiteko. Kultur munduan erabiltzen diren diskurtso hanpatu horietaraino salto handi bat dago, eta jendea ez da ausartzen bere iritzia ematera. Zenbat pertsona daude Euskal Herrian literaturari buruz hitz egiten dutenak publikoki? Hamar, hamabost…? Pena bat da niretzat.”


IRAKURRIERREPO02

Zenbat gera?

Entzun dezagun, bada, irakurleek zer duten esateko. Baina, ezer baino lehen, saia gaitezen gure solaskidearen soslaia egiten. Udaberriarekin batera etorri zen Siadecok Elkarrentzat egindako azterketa, kultur kontsumoa aztergai zuena. Eta, negu luzetik esnatzen diren loreek ohi duten moduan, akaso emozio larregiz, euskaraz irakurtzeko ohitura dutenak 172.000 direla esan zigun. Puztuxea ematen du datuak. Eskolan behartutako irakurleak kenduta, herenarekin geratuko ginateke. Eta hala ere. Duela sei urte, 12.000 irakurle kalkulatu zituen Jon Alonsok, 10.000 inguru, berriz, Iban Zalduak.

“Euskarazko irakurleak, oro har, emakumeak izaten dira, 50 urtetik gorakoak gehienak, eta, normalean, eleberria aukeratzen dutenak. Eta umeak, noski. Euskaraz gehien irakurtzen dutenak, nabarmen, umeak dira. Gazte batzuk Institutuan agindu dizkieten liburuak hartzera etortzen dira liburutegira, liburuak erostea ez baita merkea. Ume asko ere badatoz, baina, gero, gaztaroan galdu egiten ditugu. Beharbada, ez diegu behar duten hori eskaintzen: ez daukagu haientzako espazio bat, haien materialak ganoraz antolatzeko. Beraz, ez da leku erakargarria haientzat”. Datu hotzak liburutegiaren berora ekarri dizkigu ANDREAK.

Liburutegian arratsalde bat igarotzea aski da bere hitzak baieztatzeko. Adineko emakumeak nagusi. Irakurketa, funtsean, barrura begira egiten den lana da, bakarka, eta, esan berri dugun moduan, distira publiko gutxikoa. Emakumezkoaren kategoriari atxiki dizkiogun ezaugarriak, bete-betean. Luzeak dira patriarkatuaren atzaparrak. Eta ez da kasualitatea, halaber, adinekoak izatea, behin zaintza-lan gogorrenetatik libratuta (funtsean, seme-alabak haztea), orduantxe eskaintzen baitiote berriro irakurketari haien denboraren zati handi bat. AINTZANE EGILIOR zaku horretan sar genezake, eta haren begiek irakurri dituzten ehunka liburuei esker, gainera, begirada zorrotzari eutsi dio: “adineko gizonen fokua arrakasta profesionalera bideratuta dago, edo ariketa intelektualera, batez ere haien buruak nabarmentzeko, eta hor jartzen dute libido guztia. Irakurtzen badute, helburu horrekin irakurtzen dute.”

Guk ere, Benito Lertxundik kantatu bezala, ez daukagu oso argi zenbat geran. Baina ez diogu beldur handiegirik gutxi izateari, horrek esan nahi baitu, bidean aurrera eginez gero, asko izan gaitezkeela.


Irakurritakoaz harro

Baina jo dezagun hasierara. Zeintzuk dira irakurleak egingo duen bidaia luzea abiarazten duten lehenengo urrats txikiak? KARMEN ZABALETAK, twiterren txio-txioka ere badabilen irakurleak, eman dizkigu hastapeneko argibideak: “Eskolako azken urteetan hasi nintzen irakurtzen, batez ere herriko liburutegian hartutako liburuak. Gurasoek oinarrizko ikasketak egin zituzten, baserri-giroan bizi ginen, eta etxean ez zegoen libururik ni haurra nintzenean. Hala ere, amak ipuinak eta kondairak kontatzen zizkigun beti. Hori ere literatura da, noski, eta ziur nago eragina izan duela nigan. Lehen, etxe gehienetan ez zegoen libururik, ez bada burgesen etxeetan. Nire kasuan, beraz, nire kontura egindako prozesu bat izan da”.

KARMENEN bizipenek beste hainbat irakurleren bizipenekin bat egiten dute. Bide antzekoa ibili du AMAIA ALDAMIZETXEBARRIAK ere bai. Bere kasuan, gainera, jaio zen unetik beretik literaturarekin lotuta egon da. “Nik beti irakurri dut, eskura nuen edozein gauza. Irakurle orojalea izan naiz, eta beti gustura. Etxean ez zegoen liburu askorik. Gainera, egun batean, halako zoro-haize batek jo zuen aitona, eta etxeko liburu guztiak erre zituen korralera aterata. Neba nagusiak bat libratzea lortu zuen, ertz guztiak erreta, eta liburu hori etxean gordeta daukat oraindik” esan digu harro, irakurle guztiek barruan daramaten fetitxista ezkutatu gabe. “Jaio nintzenean, aitak irakurrita zeukan Amaia o los vascos en el siglo VIII, eta horregatik naiz ni Amaia”.


“Gurasoek badute erantzukizuna, baina irakasle batzuek ere ardura handia daukate irakurzaletasuna bultzatzeko lanean”


AINTZANEK barnetegian ikasi zuen, baina jakin zuen zorroztasun eta iluntasun haren erdian bere bidea aurkitzen “Enid Blyton-en Santa Clara edo Torres de Malory bildumako liburuak hartzen nituen liburutegian. Barnetegian, bederatzietan argiak itzaltzen zituzten, eta logelan sartuta egon behar genuen, ilunpean. Baina ni izaren azpian sartzen nintzen, argitxo batekin liburu horiek irakurtzera. Geroago etorriko ziren Jean Eyre, Emily Brontë eta halako literatura erromantiko ona, eta gaztetan, hippyagoa nintzenez, Jack Kerouac eta halakoak irakurtzen hasi nintzen”.

Irakurtzeko grinak ez du mugarik, begien bistakoa da. Gure irakurleen artean, bada krimena aitortu diguna ere: “Roal Dahl eta Michael Ende asko gustatzen zitzaizkidan gaztetan. Charlie y la fabrica de chocolate eskolako liburutegitik eraman nuen, eta ez nuen sekula itzuli”. Badaezpada, ez dugu haren izenik esango.

Baina bidea ez da beti hain arantzarik gabea izaten. BEGOŃAK gogoan dituen irakurritako lehenengo liburuak eskolan agindutakoak izan ziren, “hala ere, zorionez, laster zaletu nintzen”. ITSASOREN bidea arantzatsuagoa izan zen: “Hasiera batean, nahiko behartuta irakurtzen nuen, agintzen zizkidaten liburuak-eta. Izugarri kostatzen zitzaidan irakurtzea. Oso pixkanaka zaletu nintzen, eta, orain, unibertsitatean, literaturako ikasgai denak hartu ditut, nik hala nahi izanda. Nola edo hala, inposizio horrek balio izan du zaletzeko”. Inposizioaren ondorioz, irakurtzeko gaitasuna handitzen dela uste du ITSASOK, eta gero eta gusturago irakurtzen duzula. “Umetan liburu bat irakurtzea asko kostatzen zitzaidan, eta orain gusturago hartzen ditut.”

Bidea bata ala bestea izan, ematen du helmuga beti dela antzekoa. Jorge Luis Borgesen hitzak erabiliz, “idatzi duten horretaz harro egongo dira batzuk, baina ni irakurritakoaz nago harro”.


IRAKURRIERREPO04

Irudimenaren eta memoriaren luzapena

Behin honaino iritsita, ez diezaiogun iskin egin korapilo handienetako bati. Nola piztu liburu-zaletasuna. Erakundeek, noizean behin, espedientea betetzeko kanpaina gutxi-asko distiratsuren bat edo beste egiten dute. Baina liburutegiak izaten dira gerra honen fronte nagusietako bat, ANDREAREN esanen arabera, gogo handiz, baina baliabide urriz. “Ipuin-kontalariak, literatura tailerrak gazteentzat, egun seinalatuen inguruan material bereziak, eskolei liburutegia ezagutarazteko ekintzak... horiek guztiek eragina daukate, noski. Batez ere iraupen luzea duten eta familia-giroan egiten diren ekintzek. Dena dela, gure aurrekontuekin oso zaila da jarduera gehiago eta ganorazkoagoak egitea.”

IRATIK eskola eta institutuetan jarri nahi izan du fokua, kezkatuta baitago bertan gertatzen denarekin. “Gurasoek badute erantzukizuna, baina irakasle batzuek ere ardura handia daukate gai honetan. Irakurzaletasuna bultzatzeko mugimendu bat antolatu beharko lukete, eta pedagogia handia egin. Baina sentsazioa daukat beti gomendatzen dituztela autore berberak; betiko hiruzpalau egileekin bueltaka dabiltza, eta horrela ezinezkoa da”. IRATIREN iritzia indartzera dator KARMENEN esperientzia, eskolan izandako irakasle bat izan baitzen haren irakurzaletasunaren abiapuntua, “Federico García Lorca, Antonio Machado eta beste hainbat klasikoren testuak irakurtzen genituen, eta hura niri izugarri gustatzen zitzaidan. (…) la luna vino a la fragua con su polison de nardos, mesedez!, edertasun bat zegoen erromantze hartan. Gero, institutuan ere oso irakasle on eta irakurzaleak izan nituen”.

Institutuan dituen semeekin kezkatuta dago AINTZANE, haren aburuz, liburuak irudimena garatzeko ezinbestekoa den fantasiaren iturburu baitira, “eta nik ez dakit nondik demontre jasoko duten haiek fantasia hori. Gainera, gu narrazio linealak irakurtzera ohituta gaude. Orain, gazteek esteken bidez irakurtzen dute, jauzika, eta liburuak, eskolan agindutakoak besterik ez. Hutsaren hurrengoa da hori. Auskalo nora eramango gaituen bide honek”. Antzeko bidetik jo du KARMENEK ere, konbentzituta baitago jendeak asko irakurtzen duela, “baina ez literatura. Sare sozial batean ibiltzen den jende gehienak gauza ugari irakurtzen ditu egunero, baina askotan testu laburrak eta azalekoak izaten dira. Horregatik hain zaila egiten zaie askori nobela bat leitzea”. BEGOŃA ahalegindu da ikuspegi positiboa eransten: “Hala da. Guk, irudimena eta fantasia garatzeko, liburuak besterik ez genituen garai batean. Oraingo gazteek beste hamaika kanal dituzte, eta, beharbada, hortik lortzen dute egarri hori asetzeko behar duten ura”.


“Liburuak txerriak bezalakoak dira, den-dena aprobetxatzen da, eta denetik aurkituko duzu bertan”


Ohi den moduan, bideak hamaika eta helmuga bakarra. Bidegurutzean, sobera ez galtzeko, Jorge Luis irakurle harroaren hitzetara jo dugu berriro, eta han aurkitu liburuaren benetako neurria. “Gizakiak asmatu dituen tresna guztien artean liburua da harrigarriena; beste guztiak bere gorputzaren luzapenak besterik ez dira... liburua da irudimenaren eta memoriaren luzapena den bakarra”.


Liburu on batekin oheratzea

Bide berari segika bada ere, AMAIAK beste itxura bat hartu dio liburuari. “Liburuak txerriak bezalakoak dira, den-dena aprobetxatzen da. Denetik aurkituko duzu liburu batean: esaldi eder bat, bizitzan sekula ezagutuko ez dituzun pertsonaiak, istorio zoragarriak… beti dago zerbait”. Behin hona iritsita, inozoa ematen du galderak, baina pertinentea balitz bezala bota dugu, badaezpada. “Zergatik irakurtzen dudan?”, zer galdetzen ari den ez dakienari oparitzen den begirasun zorrotzaz begiratu gaitu AMAIAK. “Eta zuk zergatik arnasten duzu? Pareko galdera da. Nik beti irakurri dut eta nire bizitzaren parte da”. Kosta egin zaigu arnasa berriro hartzea.

Hil ala biziko kontua da arnasarena. Hain urrutira joan gabe, baina, irakurketaren balio kasik terapeutikoa azpimarratu nahi izan du BEGOŃAK, harentzat liburu batek bizitzen laguntzen baitu. “Bizitzan, batzuetan, hutsik sentitzen zara, eta liburu batek bete dezake hutsune hori. Bidaia bat proposatuko dizu, atakatik ateratzeko norabide bat eskaini... Bizitza zabalagoa da literaturari esker.” Eta animaliak ekarri ditu berriro grabagailura. “Liburuaren egunean, hainbat idazleren esaldiak jarri zituzten liburutegian, eta Miren Agur Meaberenak deitu zidan arreta: liburu bat altzoan hartzen duzun katu bat da”. Miau.

Hagitzez funtzionalagoa dela aitortu digu ITSASOK, haren irakurketa gehienak unibertsitateko ikasketekin lotuta egoten baitira. “Nik ez dut askorik irakurtzen plazeragatik. Benetako gertaeretan oinarritutako liburuen bila ari naiz beti, benetako zerbait eman eta zer edo zer ikasaraziko didatenak”. Haren gaztetasuna dela-eta, ITSASO ez da izan ate bat itxi berri duen euskal gatazkak azken urte luzeegietan eman dituen gertaera askoren lekuko zuzen, “baina literaturari esker, euskal gatazkan jaso diren gauza askotaz jabetu ahal izan naiz, dagoeneko iraganekoak direnez, teleberrian ematen ez dituztenak”.

Faltan botatzen ariko zarete zenbait erantzun tipiko. “Bi topiko botako ditut”, abisatu digu IRATIK, “batetik, irakurtzen asko ikasten dut; eta, bestetik, literaturak beste errealitate, egoera, espazio, denbora batzuetara hurbiltzeko aukera ematen dit”. Baina ezin izan dio barruko bulkadari eutsi, “...eta zoriontsu egiten nau. Zoriontsu egiten nauten gauzen zerrendan oso goian dago irakurtzea. Hori bai, tamalez, nahi baino gutxiago irakurtzen dut. Egunero pixka bat irakurtzen ahalegintzen naiz, hala ere, ohean, lokartu aurretik”.

Joseba Sarrionandiak gaztigatu digu berriki: “Ohera zaitez liburu on batekin edo, behintzat, liburu on bat irakurri duen batekin”. Zalantzarik ez dago ohea dela irakurlearen territorio libre nagusia, baina ez bakarra. Gure irakurle guztiek aldean daramate beti liburu bat, eta nonahi ateratzeko kapaz dira, mugikorren pantailak itsututa dagoen jende oldearen artean, berdin trenean, autobusean, kafetegian edo, AMAIAK bezala, baita ortuan ere: “nekatzen banaiz edo eguzki lar badago, hantxe atseden hartu eta liburua ateratzen dut”.


“Bizitza tristeagoa izango litzateke libururik gabe, hotzagoa, eta zuri-beltzean ikusiko genuke mundua, aterperik batere gabe”


Zein ez da, noizbait, kale erdian liburu bat eskutan duela, frankotiratzaile sentitu? Gauza jakina da fusildun tiratzaileak otso bakartiak izan ohi direla, liburudun tiratzaileak legez, nahiz azkenaldi luzean elkartzen ere hasi diren, irakurle-taldetan. Liburudun tiratzaileak, jakina. “Irakurle bakoitzak irakurtzeko bere modua dauka, bere ideiak, bere ikuspuntuak”, eta horiek denak partekatzea oso gustagarria zaiola kontatu digu BEGOŃAK. “Horrez gain, argitaratzen diren liburuen berri izateko ere balio du”. Egile berriak ezagutzeko aukera izan du IRATIK irakurle-taldeari esker, “beste hizkuntza batzuetan idazten dutenak euskaraz irakurri ditut, eta euskaraz idatzi eta nik ezagutzen ez nituen autoreak deskubritu ditut. Denek bezala, nik ere baditut nire idazle kutunak, Eider Rodriguez edo Xabier Montoia kasu, baina beti da ederra beste ahots batzuk aurkitzea”.


IRAKURRIERREPO03

Iragana eta etorkizuna

Bidearen amaierara iritsi gara. Erreta ditugu begiak hainbeste irakurtzeaz, eta kasik azken hatsa ematear da grabagailuaren memoria. Bide amaiera guztietan bezala, eseri eta (liburua atera aurretik) atzera begiratzeko unea da. AMAIAREN aitonarenganaino itzuli ditugu begiak, eta korralean sutara bota zituen liburuen erre-usaina heldu zaigu sudurrera. Krudelak izatea erabaki dugu.

“Liburu guztiak erreko balituzte, ba... pena handia hartuko nuke, baina nola edo hala moldatuko nintzateke”. ITSASOREN iritzi berekoa da IRATI ere: “Orain esan dezakegu ez dugula gure burua imajinatzen libururik gabe, baina topatuko genuke liburuak ordezkatzeko beste zerbait. Esango nuke ahozkotasunera joko genukeela. Hori bai, ez litzateke gauza bera izango, inondik inora”. Gazteak dira oraindik Itsaso eta Irati, eta igual horregatik uste dute liburuek ireki dizkieten zauriak itxi egin daitezkeela.

Sekula ixten ez diren zauriak oraindik irekita hitz egin digu AINTZANEK. “Bizitza tristeagoa izango litzateke libururik gabe, hotzagoa. Zuri-beltzean ikusiko genuke mundua, aterperik batere gabe. Liburuek hausnartzera bultzatzen gaituzte, eta horrela garatzen dugu ikuspegi kritikoa. Hortik atera kontuak zernolakoa litzatekeen mundua libururik gabe”. Ez dugu irudimen ariketa izugarririk egin behar. Ray Bradburyk egin zuen guregatik. Haren Fahrenheit 451 ireki besterik ez dugu erre-usaina sudurreratzeko. Hark esana da: “libururik gabe zer daukagu? Ez iraganik, ez eta etorkizunik ere”.

Ke artean azkar mugitu beharra dago, irtenbide bila. Argi dauka AMAIAK: “Nik liburuak behar ditut. Libururik gabe nire bizitza ez litzateke bizitza izango”, eta, ahozkotasunaren hariari tiraka, kantuan hasi zaigu: “(…) liburu guztiak erre ziren. / Gizon batzuk leku batean ezkutatu ziren / eta saiatu ziren liburu guztiak buruz ikasten / eta liburu bihurtu ziren / itxuraz gizon izan arren”. Isilune labur bat egin du, barrurantz. “Ni liburu bihurtuko nintzateke”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)