Sinadurak

Norbere burua itzultzen

Ostirala, 2018-09-28

Norberak idatzitakoa beste hizkuntza batera pasatzen hastean autoitzulpenaren prozesua martxan jartzen da. Euskal idazle bat baino gehiago izan da bere literatur lanak erdaretara eman dituena.

Autoitzulpenaz ari garenean, lan bat beste hizkuntza batera egile originalak berak eramateari buruz ari gara. Idazle euskaldunek ere badakite horri buruz. Baina, zerk darama idazle bat bere burua itzultzera?


Autoitzulpenaren testuinguratzea

Badira autoitzulpenaren jaiotza Erdi Ardoan kokatzen duten ikertzaileak, Julio César Santoyo filologo espainiarra tarteko. Literatura unibertsalean aski ezagunak diren egile askok erabaki dute beren lanak norberak itzultzea: Geoffrey Chaucer, Vladimir Nabokov, Tomás Moro, Samuel Beckett, Karen Blixen, Julien Green, Rabindranath Tagore, Nancy Huston, Eileen Chang, Anne Weber, Luigi Pirandello edota Chinghiz Aitmatovek, esaterako.

Baldintza bat eskatzen du autoitzulpenak: bi hizkuntza ongi menderatzea. Eta, Euskal Herria bezalako eremu linguistiko batean, non euskara hizkuntza gutxitua den, euskaradun hiztun –eta ondorioz, idazle- guztiak dira, gutxienez elebidun: euskara eta gaztelera menderatuko dituzte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko egileek, eta euskara eta frantsesa Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberokoek. Gurea bezalako eremu geografikoetan ematen den autoitzulpegintzak baditu ezaugarri batzuk.

Garazi Arrula itzultzaile eta ikertzaileak iazko abenduan EHUko Letren Fakultateko Autoitzulpena eremu diglosikoetan jardunaldien baitan autoitzulpenari buruzko aurkezpenean “euskal hiztun kopuru murritzak eta euskararen ofizialtasun maila ezberdinak, lurralde antolaketa administratiboaren ondorioz, eragina du literatur sorkuntzan eta itzulpengintzan. Hizkuntza nagusiekiko mendekotasuna ezin ukatuzkoa da”, esanez abiatu zuen Askabide edo morrontza? Euskaratik erdaretara autoitzultzen aurkezpena. “Bi hizkuntzen arteko harreman soziala funtsezkoa da autoitzulpena ulertzeko. Gurean egiten dena idazketa endogenoko elebitasunean oinarritzen da: euskara tarteko egiten direnak supra-autoitzulpenak dira, hizkuntza periferiko subordinatutik nagusi, hegemonikora doa noranzkoa”.

Manu Lopez Gaseni ikertzaileak eta EHUko irakasleak lau arrazoi aipatzen ditu autoitzulpenaren atzean eta Elearazi blogeko Kanpora, barrura begiratzeko post-ean ekarri zizkigun gogora Arrulak berak 2013an: «Idazleek bi hizkuntzak menderatzen dituztela erakusteko nahia; autoreek beren lana berridazteko beharra sentitzea; arrazoi ekonomikoak edo itzultzaile falta; eta literaturaren berezitasunak hala eskatzea». Arrula bosgarren zio bat gehitzera ausartu zen sarrera hartan, “idazleen egoa aipatuko nuke bosgarren arrazoitzat”, horretarako, Unai Elorriaga, SPrako tranbia-ren (Elkar, 2001) egile entzutetsuaren hitz hauek ekarri zituen gogora: «Ez nioke inori utziko nire lanak gaztelaniara itzultzen, ongi baitakit zer den itzultzea: asko maite ditut nire liburuak».


“Arrazoi ekonomikoa da autoitzulpenaren bidera jo duten egileek errepikatzen dutenetako bat”


Gaur, autoitzulpenari buruzko tesi bat lantzen ari denean, Arrula nafarra haratago doa, literatura sistemari lotutako arrazoi batzuk gehitzen ditu: argitaletxeei errentagarriago ateratzen zaiela autoreak berak itzultzea testua edo itzulpenaren prestigioa eskasa dela oraindik (jardunaldietako hitzaldiak EHUtb katean daude ikusgai).


Txin-txin, txin-txin diruaren hotsa

Autoitzulpenaren bidea probatu duten euskal idazleak asko dira. Jaso denaren arabera, autoitzuli zuen lehenengo egile euskalduna Arnaud Oihenart izan zen, 1657an atsotitz eta poesia bilduma bat itzuli baitzuen. Autoitzulpenaren loraldia, batez ere azken hiru hamarkadetan eman da: Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Iban Zaldua, Miren Agur Meabe, Eider Rodriguez, Karmele Jaio, Aingeru Epaltza, Lander Garro, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Katixa Agirre... Guk, autoitzulpenaren bide hori, batzuetan arrakastaz eta beste batzuetan ez hainbeste, aukeratu duten lau egile euskaldunengana jo dugu beraien motiboen bila.

Arrazoi ekonomikoa da autoitzulpenaren bidera jo duten egileek errepikatzen dutenetako bat. Katixa Agirrek, adibidez, horrexegatik jo zuen autoitzulpenaren hautura. Agirrek Atertu arte itxaron argitaratu zuen 2015ean, Elkarrekin. Urte hartan, 111 Akademiaren saria jaso zuen eta euskarazko liburu salduenetako bat izan zen.

Hala ere, bere lehenengo nobela zena gaztelerara itzultzea erabaki zuenean, baina, itzultzaile profesional bati ordaintzeko dirurik ez zuelako erabaki zuen bere gain hartzea lan hori: “Momentu hartan itzulpena argitaratuko zuen argitaletxe interesaturik ez nuen eta ezin nion itzultzaile bati lana musutruk egin zezan eskatu”. Emaitza Los turistas desganados (Pre-Textos, 2017) izan zen.

Harkaitz Canok ere, lehen liburua gaztelerara eraman zuenekoa oroitzean, “arrazoi praktiko” hori bera aipatzen du: “Itzultzaile bati ordaintzeko dirurik ez zegoen”. Piano gainean gosaltzen (Erein, 2000) kronika newyorkatarra El puente desafinado (Erein, 2003). Gerora, bere lan gehiago itzuli ditu: Dardararen Interpretazioa/Interpretación de los temblores (Atenea, 2004); Beluna jazz (Susa, 1996)/Jazz y Alaska en la misma frase (Seix Barral, 2004); Belarraren ahoa (Alberdania, 2004)/El filo de la hierba (Alberdania, 2007); Norbait dabil sute-eskaileran (Susa, 2001)/Alguien anda en la escalera de incendios (El Gaviero, 2008); Itsasoa etxe barruan (Elkar, 2003)/El mar en la cocina (Macmillan, 2008); Zinea eta literatura: begiaren ajeak (Elkar, 2008)/Ojo y medio (Meettok, 2010); Pasaia blues (Susa, 1999)/Pasaia blues (Ttarttalo, 2012)-Mikel Iturriarekin batera itzulia-; Neguko zirkoa (Susa, 2005)/Circo de invierno (Pamiela, 2013); Beti oporretan (Susa, 2015)/El turista perpetuo (Seix Barral, 2017) eta, azkena, Orkestra lurtarra (Elkar, 2013)/La orquestra terrestre (SM Barco de Vapor, 2017). Canok poesia, narrazioak, nobela, saiakera, haur literatura… sortu duen ia genero literario guztiak bere kabuz itzultzea erabaki du.


Dena ez da dirua

Autoitzulpenaren atzean, baina, Canok “arrazoi praktiko” izendatu duen hori baino gehiago dago, noski. Izan daitezke enkarguak, izan daitezke irakurle gehiagorengana heltzeko gogoa, edo, Canok berak gehitzen dituen arrazoi hauek: “Autoitzulpenak norbere burua beste hizkuntza batean berrasmatzeko aukera ematen du, ezagutzen duzun beste hizkuntza bat ispilu bezala erabilita zure buruaren zein irudi deformatu azaltzen den deskubritzeko jakin-mina, etabar banuen.  Autoitzulpengintza, zure beste niak ezagutu eta norbere buruarekin psikoanalisi domestiko apur bat egiteko modua izan daiteke. Eta zeure buruarekin modu autoironiko batean jokatzeko era bat ere bai”.

ItxaroBorda01

Autoitzulpenean eskarmentua duen beste euskal autoreetako bat Itxaro Borda dugu. 2000. urtearen bueltan hasi zen berak idatzitakoa itzultzen. Hautsak errautsa bezain poema bilduman (Maiatz, 2001) argitaratu zituen lehenengoz poemak euskaraz eta frantsesez. Aitortzen duenez, “ez zen erabaki erraza izan, nire ideologia linguistikoa trahitzen nuelako sentsazioa nuelako”.


“Norberaren testuarekin ari zarela eta libertate gehiago hartzen ahal da jatorrizko idazkiarekin”


Traizio linguistikoaren kontu hori, baina, “are urrunago” eraman zuen idazle lapurtarrak Baionako Quai Rouge argitaletxearen eskutik %100 Basque (Susa, 2001) frantsesez argitaratzeko proposamena jaso zuenean. Alta, enkarguari baietz esan zion eta 2003an ikusi zuen argia %100 Basque-k frantsesez. “Geroztik, noiztenka liburu elebidunak plazaratzen ditut, batez ere Maiatzen eskutik”. Tartean, Amaia Ezpeldoi dektektibe ezagunaren ibilerak. “Denborarekin nerau ere libreago nabil buruan ditudan hizkuntzekin, harreman baketsuagoa dudala frantsesarekin bereziki”.


Autoitzulpenaren abantailak…

Autoitzulpenarekin, ongi baino hobeto daki egileak zer idatzi zuen, zer adierazi nahi zuen eta zer den zabaldu nahi izan zuena: “Autoreak esan zuena jakiteaz gain, esan nahi/uste izan zenuena ere badakizu, nahiz eta beharbada ez zenuen euskaraz bere garaian uste izan zenuen bezain zehatz adierazi beti… Eta horrek amorrua ematen du, ikasketa prozesu galanta da autoitzulpena”. Eta, prozesu horiek, momentuan frustrazioa sortu badezake ere, gerora idazlearentzako beti izango dira positiboak.

Testua norberarena izateak dakarren “kontrol sentsazioa” aipatzen du Katixa Agirrek abantaila gisa, aitortu arren kontrol hori batzuetan “egiazkoa izango dela, edo ez”.

Itxaro Bordak dioskunez, “norberaren testuarekin ari zarela eta libertate gehiago hartzen ahal da jatorrizko idazkiarekin, eta bestetik, sortze prozesu batean itzulpenak miraila edo ispilu papera jotzen ahal du”.


“Testu bat irakurtzeko modurik onena hura itzultzen saiatzea zela omen zioen Italo Calvino idazle italiarrak”


Urte batzuk atzera eginda, erreskatatuko ditugu Harkaitz Canoren beraren hitzak, Ficoban Bego Montorio itzultzaileak gidatuta mahai-inguru baten bueltan esan zituenak. Ordukoan ere Canok aipatu zituen Bordak aipatzen duen “libertate” horri buruz: “Itzultzaile batek bere buruari muga gehiago jartzen dizkio; adibidez, idazle batek erabaki dezake momentu batean bere sormen lan bateko kapitulu oso bat kentzea, itzultzaileak ordea, ez. Askatasun gehiago har ditzaket, testua neurea ez balitz hartuko ez nituzkeenak. Jakina, hor dago irristakortasuna, bai eta jatorrizkoa izorratzeko arriskua ere”.


Testu bat irakurtzeko modurik onena hura itzultzen saiatzea zela omen zioen Italo Calvino idazle italiarrak, “eta beraz, norbere burua irakurtzeko modurik onena norbere burua itzultzen saiatzea da agian”, dio Harkaitz Canok.


… eta desabantailak

Ideia horretan are gehiago sakondu digu Canok: “Testuarekiko distantzia askirik ez duzunez, eta konfiantza berriz gehiegi, handiegia da berridazketaren arriskua. Itzultzaile baten tresnak ez dauzkazunez, esaldi edo pasarte bat itzultzen asmatzen ez duzunean, edo, besterik gabe, itzulpena nola geratzen den gustatzen ez zaizunean, arazoa konpontzen saiatu beharrean, hura saihestu eta beste zerbait ezberdina idazteko tentazioa izan zenezake, jatorrizkoaren esanahitik eta erritmotik urrunduz...”. Beraz, horrelako egoera baten aurrean nola jokatu behar du autoitzulpenean dabilen egileak? “Odol hotza eskatzen du hori ez egiteak, arriskua baituzu zure buruarekin aspertu eta itzulpen lan bat egin beharrean birkreazio bat edo testu ezberdin bat idazteko”. Canok, esperiantziarekin, birkrezioaren bidetik urruntzen eta itzulpenean fintzen ikasi du: “Nire lehen autoitzulpenetan berridazleagoa nintzela uste dut, baina urteekin modu zerebralagoan lan egiten dudala uste dut, eta itzultzaileagoa naizela, nahiz eta batzuetan jatorrizko testuari aldaketatxoak egin”.


“Arriskua duzu zure buruarekin aspertu eta itzulpen lan bat egin beharrean birkreazio bat edo testu ezberdin bat idazteko”


Idazlana hobetzeko tentazioa eustea zaila dela aitortzen du Itxaro Bordak ere. “Itzulpena a posteriori egin dudanean, adibidez %100 Basque nobelaren kasuan -lan handia eta aspergarria izan zena-, testuari aldaketak ekartzeko tentazioari uko egitea suertatu zitzaidan zailena”. “Egia da ezberdintasunak badirela nobela horren euskarazko bertsioaren eta frantsesezkoaren artean. Horrelakorik ez dago noski Bego Montoriok egin zuen gaztelerazko bertsioan (Meettok, 2012)”.

“Denborak ematen dizun perspektibarekin idatzitakoarekin aurrez aurre topo egitea” beti ez dela erraza aitortzen du Katixa Agirrek.

Eta, norberak bere testua ederki asko ezagutzeak ez du esan nahi hura itzultzeko gaitasuna baduenik. Jon Arretxek aipatzen duenez, “behin saiatu nintzen nire liburu bat erdaratzen eta hain txarto geratu zitzaidan, inoiz gehiago halakorik ez egitea erabaki bainuen. Harrezkero, itzultzaileek itzultzen dituzte nire liburuak”.

Arretxek autoitzulpenaren inguruko zailtasunak badaudela aitortzeko beldurrik eta lotsarik ez du. Idaztetik bizi den heinean, itzulpenaren beharra eta gogoa aitortzen ditu, “alde batetik, ogibide eder honi eusteko eta bestetik, nire obrak jende gehiagorengana heltzeko”. Harresi handirantz (Begiko, 2018) autoitzultzen hasi zenean Euskal Herritik kanpoko irakurleengana heltzea zaila egiten zitzaiola konturatu zen: “Euskaldunok ez gara konturatzen, baina gaztelaniaz egiten dugunean euskarakada asko erabiltzen ditugu, eta horrek eragin kaltegarria dauka irakurleak Euskal Herritik kanpokoak direnean”.

Azkenean, basauriarrak autoitzulpenaren bidea alde batera utzi, eta orain arte bezala, itzultzaile profesionalen esku utzi du bere lanak beste hizkuntzetara ematearen ardura -Jon Arretxeren azkeneko lanak Kristina Fernandezek itzuli ditu- Bai norberak bere burua itzultzean edo beste norbaiten lana itzultzerakoan, “Lan izugarria iruditzen zait itzulpen literario on bat egitea, eta behar den denbora lan original gehiago sortzeko aprobetxatzea nahiago izan dut”.


Norentzako autoitzultzen dugu euskaldunok?

Euskaraz idazten duten idazleek maiz erantzun behar izaten dute zergatik idazten duzu euskaraz? galdera. Gazteleraz edo frantsesez idatziz gero askoz irakurle gehiago izango lituzketenaren ustea oso zabalduta dago. Ficoban Bego Montorioren gidaritzapean, Juan Luis Zabala eta Jon Alonsorekin batera partekatutako mahai baten bueltan esan zituen hitz hauek Harkaitz Cano lasartearrak:  “Zure lanak itzultzea hasieran pentsatzen duzu euskaraz ez dakien hemengo komunitatearentzat izan daitekeela. Baina badirudi haientzat arrotz, eta are misterio puntu bat daukazula. A priori pentsatzen dugu bertako komunitateak, zu partaide zarelako, halako interesa edukiko duela, baina gezurra da. Jende horrek nahiago du irakurri Paul Auster”. Are, Canok badaki gehiago saltzen duela euskaraz gazteleraz baino. (EIZIEren webgunean elkarrizketa osorik irakurtzeko aukera dago Senez aldizkariaren 32. zenbakian).

Cano01

Euskal idazle guztiak dira elebidunak gutxienez. “Eta guk, bi hizkuntzak ezagutzen ditugun aldetik, badugu testuen baliokide ideal bat gaztelaniaz”, aitortzen du Canok. Eta, ziurrenik, geroz eta idazle ezezagunagoa, saritu gabekoa… orduan eta zailagoa da egile horren lanak beste hizkuntza batera emateko pausoa egi bihurtzea. Horientzat, bestela ezinezkoa litzatekeena gauzatzeko aukera ematen du autoitzulpenak.

Euskaratik, batez ere, gaztelaniara autoitzuli da orain arte (autoitzulpenen %86 inguru euskara-gaztelera izan dela neurtu dute Arrula eta Elizabete Manterola ikertzaileek) eta %11,8 da frantsesera egindako kopurua. Autoitzulpenaren atzean literatura baino askoz gehiago baitago…

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)