Sinadurak

2.0 kapitalismoa

Astelehena, 2018-10-08

Mundu globalizatu honetan jakinduria kolektiboaz baliatzeak ekarriko lizkigukeen onurei irekiko dizkiet begiak.

Harritu egin nau, eta, era berean, poztu Hirosi Tasaka ezagutzeak. Izan ere, ingeniari eta filosofo japoniar honi entzun berri diot nola estimulatu daitekeen jakinduria kolektiboa Jokoen teoria baliatuta. Alabaina, ez da bera izan hausnarketa honetara bideratu nauen lehenengoa, John Nash matematikaria baizik, Ekonomiako Nobel sariduna izan baitzen hizpide dudan Jokoen teoriaren ondorioztatzaile eta asmatzaile.

Joko batzuk 0 baturakoak dira, eta ez dira izaten kolaboratiboak, baztertzaileak baizik. Jokamolde honetako partaideen utilitateen batura zero izan ohi da. Alegia, nik irabazten badut, zuk galdu egingo duzu; edota zuk irabazten baduzu, nik galdu egingo dut. Komunitate nahiz gizarte eredu honetan ez da baliorik sortzen, partaideek elkar irensten baitute. MITeko Sloan Schooleko zuzendari Laster Thurowk eragin handiko liburua idatzia du gai honen inguruan; hain zuzen ere, 0 baturako gizartea izenburua duena.

2.0 kapitalismoa, aitzitik, joko kolaboratiboetan oinarritzen da, eta irabazi-irabazi binomioa du ardatz nagusi. Jokamolde honetan partaideek, interaktuatuz, komunitate inteligenteak osatzen dituzte; baita irabazi ere, jokoa nahiz testuingurua dena delakoa izanik ere. Alegia, nik/guk irabazten badut/badugu, zu(e)k ere irabazi egingo duzu(e). Eta alderantziz. Molde hauxe da, nire aburuz, gure gizartean gailendu beharko litzatekeena.

Horiek horrela, jokamolde kolaboratiboek sustatuko lituzketen organizazio eta gizarteak antolatzea dugu erronka, haien baturaren emaitza guztiondako onura izango bailitzateke. Hori lortuko badugu, globalki pentsatu beharko dugu, eta tokian jardun. Bide horretatik, komunitate osoaren partaidetza lortuko genuke, eta, ondorioz, guztiok hazi eta hezi egingo ginateke; baita jakinduria, ezagutza, kultura, dirua… partekatu eta geureganatu ere. Denok bilakatuko ginateke partidaren irabazle. Horretantxe datza 2.0 kapitalismoa.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)