Sinadurak

Dakigunaren argitan

Astelehena, 2018-09-03

dakigunaren argitan

Ez dakigunetik jakin ahal izateko bidean literaturak zer ematen digu?, denbora-pasa hutsala da soilik?, dakigunaren errepikapena besterik ez al da narratiba edo galdera berriak egin ahal izateko modurik eraginkorrena?, ezaguera eta adimena lantzeko tresna dugu nobelagintza?

Zia Haider Rahmanek, In the light of what we know izeneko eleberrian (Macmillan, 2015) ezaguerako mugak arretaz aztertzen ditu Pakistanen eta Bangladeshen erroak dituen matematikari baten eta Londreseko bankari baten harremanen bidez.

Izenburutik abiatuta, idazleak eguneroko bizitzan gure esperientzien oroimenez kanpotik galderak egiteko gauza ez garela frogatzeko antolatzen du egitura narratiboa.

Nobelak dio balio duen ezaguera, gizakiak  deserosoenak eta erantzuten zailenak diren galderak eginez irabazten duen hura dela. Eta, halaber, argiki, pertsona baten munduaren ikuspegia aberasteko gai den ezaguera, bizimodua astuntzen bukatzen duela, baita ingurunearekiko erlazioa zailtzen. Pentsatzea ez baita doakoa.

Zia Haideren liburuak oso ondo azaltzen du zenbatekoraino adituak garen bizitzan behar bezalako galderak saihesten, nola ikasten dugun oroimenak birmoldatzen eta kaltea eragiten dizkiguten gertaerak mozorrotzen, edota bizitza patxadagabetzen dituzten galderak baztertzen…baina horretarako dago, egon, literatura: gure eguneroko bizitzaren narratibek, bada, ezaguera hedatzeko balio duten galderen sorrera eragozten dutelako.

John Verdonen Wolf Lake nobela beltzean (Hardcover,2016) vudu sendagiletzan sinesten duen pertsonaia baten istorioa azaltzen da eta sorginkeria batek gaitzak jota dagoenari ezin zaiola esan aztiaren madarikazioak ez duela balio diosku.

Hark bere buruari ezin dio galdetu era zientifikoan zer gertatzen zaion, aitzitik, berak dituen sinesmenekin batera doazen azalpenak besterik ez ditu ulertuko. Berarentzat diskurtso medikuak ez du baliorik. Non daude, orduan, gaixo hori sendatuko dituen hitzak?...bere sinesmenaren araberako beste istorio batean, berak ulertuko duen narrazio berri batean hain zuzen ere.

Handik aurrera galdera berriak sortuko direlako, ezaguera zabaltzen arituko da, adimena aberasten, literaturaren bidez.

Bizitza arruntean, berriz, amaiera desatseginetara iristen diren galderak ez egiten ikasten dugu eta hori, nola edo hala, ordaindu egiten da: adimenaren suntsiketa izaten da ordaina. Eta hau funtsezko eragin nabarmenak dituen gauza da, literaturak sendatzen laguntzen duena egiantzekotasuna dela medio.

fitorodriguez.eus

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)