Sinadurak

Hitzak, besterik ez

Astelehena, 2018-02-19

Yuval Noah Harari idazle israeldarrak goraipatua izan zen liburua argitaratu zuen 2011an: "Sapiens, animaliengandik jainkoetara. Gizadiaren historia labur bat". Tradizio espiritual askotan formulatua izan den ideia bat garatu zuen bertan, gizakiok animaliengandik bereizi gineneko ideia, noizbait jainko bihurtzeko ametsetan. Bidaia horren erdi aldean geundeke orain, jauzi edo garapen espiritual baten atarian, mundua denontzako bizileku duin eta gozoagoa bilakatzeko zoriaren atarian.

Berriki, prentsako elkarrizketa batean, bere heriotzaren gaia izan du mintzagai, eta bat egin dut, idazle izan arren, hitzekiko eta istorioekiko agertzen duen mesfidantzarekin. "Homo sapiens da animalia bat istorioak kontatzen dituena, istorioak pentsatzen eta uste duena unibertsoak istorio bat bezala funtzionatzen duela (…). Jendeak unibertsoaz kontatzen dituen istorio guztiak –juduen historia, kristauena, musulmanena- gizakiak asmatutako fikzioak baino ez dira". Eta borobiltzeko, esango du: "Fikziozko istorio guztiei uko egiten diozunean errealitatea lehen baino argitasun handiagoz ikus dezakezu".

Zertaz dagoen harro galdeturik: "Jendeak munduaz kontatzen zizkidan istorio gehienetatik askatu nintzela, eta egiaz galdetzeko ausardia izan nuela, amandre ipuin gozoekin konformatu ordez". Egia ezagutzeko ez dagoela ezein istorio sinetsi beharrik, ez teoria konplikaturik, ez dagoela ezer kontrolatu, sortu edo epaitu beharrik. Aski dela oraineko errealitatea zuzenean ikustea, hemen eta orain gertatzen ari dena.

Idazle batengan harrigarriak begitantzen zaizkidan hitzak, bere lana istorioak kontatzea den unetik, baina ulertzen dut zer esan nahi duen, nire baitako sentipen baten ispilu baitira Harariren gogoetak. Eta agian idazle guztienak. Zertarako idatzi, edo zertarako gehiago idatzi, liburu bat beste baten atzetik, paperaren aurrean tematurik, bizitza sarritan beste nonbaiten gertatzen ari den sentipen saminak barruak aztoratzen dituenean.

Nondik sortzen ote den idatzi behar hau. Gure bide naturala ez ote litzatekeen, animaliengandik jainkotzera doan gizakiaren antzera, idaztetik isiltasunera bidaiatzen duen idazlearena.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)