Sinadurak

Peru Iparragirreren bigarren kronika: larunbata, abenduak 8

Igandea, 2018-12-09

Txaloak eta kultur politika

Autobusa Landakora gerturatu ahala agertu zaigu begien bistara Ahotsenean Gatibuk eman behar zuen kontzertua ikustera sartzeko zegoen ilara luzeegia. Palentinora joan naiz zuzenean, gosaltzera. Kafe hutsa eta gurineztatutako opil bat. Azukrea bota behar izan diot kafeari, Donostiatik Ermuan barna egindako autobus bidaiak nire baitan utzitako paisaia idilikoak herdoiltzeko eta aldi berean hain ustela eta hain alaia dirudien giroan sartzen laguntzeko. Opil gurineztatua kafetan busti ahala oroitu ditut azken aldiz oroituko banitu bezala ordu erdi atzera Zaldibar sarreran zain genituen bi zaldiak, marmolezko eta brontzezko eskultura bana, autobusaren aurrerabide traketsa begiradaz jarraitu dutenak. Ez dakit Anbotoko mendilerroaren bistak diren edo Durangoko Azokak berez ote dakarkidan halako malenkonia asaldatua.

Gosaria luzatu dut eta bertsolaritzaren azterketa soziologikoaren inguruko mahai-ingurua galdu. Betea zetorren eguna. Azken kafe apurrak kikaratik hurrupatu eta Landakorakoa egin dut. Bidean, Mendiko Sermoia dakarren liburuxka bat jarri didate eskuetan eta zer den ohartu ere egin gabe onartu dut, eskerrak emanez banatzaileari. Mendiko Sermoia. Zer agertuko liburuxkaren azalean eta Anbotoko mendilerroa; Euskal Herriko Kontseilu Ebanjelikoak badaki zerbait, Durangora gatozen bekatariok barkazio egarri garela bada ere. Hori guztia ere bada Durangoko Azoka, Landakoren periferian azokara datorren jendetzak erakarrita ugaltzen diren publizitate, kanpaina, protesta, aldarrikapen eta publizitate kanpaina itxurako protesta-aldarrikapen uholdea.

Jendetza zebilen ordurako postu batetik bestera zer ikusiko edo erosiko. Kazetarien gunera igotzeko eskaileren parean eratzen da egunero Toti Martinez de Lezearen sinadura jasotzeko ilara eta gaur ere ez da erraza izan Landakoren ertz honetan Goienkale eta Artekale banatzen dituen giza katea zeharkatzea. Elkartu ote dira punturen batean Gatibuzaleen eta Martinez de Lezearen sinadurazaleen ilarak?

 

Txaloak

Zerk darama bat esan dena entzun gabe esandakoari txalo egitera? Esan dena esaten ari ziren bitartean berriketa ozenean aritu denean bat, gainera, gainerakoei esandakoa ganoraz entzutea oztopatuz. 

Egitarauaren arabera, Pello Reparazen Baloreak proiektuaren aurkezpena zetorren Gotzon Barandiaranen Hitzen ahairea (Susa, 2018) liburuaren aurkezpenaren ondoren Ahotseneako solasaldien gunean. Andoni Tolosa ‘Morau’k gidatuta aurkeztu du Barandiaranek kantugintzaren eta idazleen arteko harremanaz diharduen saiakera. Koblakarien beharra azpimarratu dute Barandiaranek eta Morauk. Irabazleak historialari eta kazetari izan direla eta galtzaileak, ostera, poeta eta kantari izan direla aipatu du Barandiaranek, gure historia historia-liburu eta kazeta ofizialetan baino kantu eta poemetan topatu duela berak.

Hurrengo aurkezpenaren antizipazioz gerturatu diren gaztetxoek Ahotsenearen atzealdea bete dute amaitzeko minutu batzuk falta zirela, dagoeneko betea zegoen aretoa are gehiago betez; kanpoan ere geratu da nerabe andana, aurkezpena itxi duen harpa doinuaren azken notak amaitzearekin bat arrapaladan sartu dena areto oraindik betetik jendea ateratzeke zela. Kontuak horrela badarraio lekuetara arrapaladan sartzen diren nerabeekin lotuko dut betiko aurtengo Durangoko Azoka. 

Egon dira, hala ere, Morauren eta Barandiaranen hitzak entzun ez arren haiei txalo egiten zieten lagunei isiltzeko esan eta solasaldian arreta jarri duten gazteak. Saioa amaitzeko, bost diskoren izenak esan dizkio Morauk Barandiarani, azken honek disko horiek gogora/bihotzera dakarkiotena laburki aipa zezan. Ez ditut diskoen izenburuak apuntatu, eta asko ez diren arren ez ditut guztiak oroitzen. Oraingoz, eta oker ez banago, hauek ziren bost horietako lau: Kortaturen Kolpez kolpe, Hertzainaken Hertzainak, Ruper Ordorikaren, Hautsi da anphora eta Mikel Laboaren Bat-hiru. Bosgarrena ere, lepoa egingo nuke, ez zen mende honetan argitaratutakoa. 

Atera dira, atera direnez, hari interesgarriagoak ere solasaldian zehar; bertsolaritzak kantagintzari ekarri dionaz mintzatu dira, adibidez, baina aurkezpenaren ostean zapore arraro bat geratu zait gogoan, hala esan badaiteke, nahiz eta ziurrenik Barandiaranen eta Morauren solasaldiarekin zerikusi zuzenegirik ez duena. Orain dela aste batzuk Harkaitz Canok aipatu zuen zerbaiten oihartzunaren bidetik joan zait gomuta, beti disko berari bueltaka ari ez ote garen. Mahai-ingurua izan genuen Donostiako Literaktum jaialdian Esti Martinez Diaz de Ceriok eta biok, Samara Velte genuela gidari, idazlegaztetasunaz, eta, gero, ardo baten bueltan, Canok zirikatu gintuen, esanez aipatu genituen erreferentziak beraiek gure adina zutenean aipatzen zituzten berberak zirela; asko aurreratu ez dugula esan nahi zuela iruditu zitzaidan. 

Noski erreferentzia garaikideagoak ere baditugula, alboan daramatzagula, baina unean uneko diskurtsora ateratzea kostatzen zaigu agian, kultura orokorrekoak beharko luketen figurak aldiro haizatzen ibili beharrean, benetan hala balira txorimalo gisa hainbeste erabili beharko ez genituzkeenak, begirada apur bat gerturatu eta egungoa(goa) den sorkuntza dagoeneko existitzen den tradizio batean txertatu. Disko berari bueltaka ari ez ote garen, edo esaten dena entzun gabe txaloka etengabe.

 

Kultur politika

Ahotseneatik atera eta Plaza Nagusira aldatu naiz, gaztetxo korrontea zeharkatzeko ni baino helduagoa eta handiagoa den gizon bat bide-irekitzaile baliatuz. Aise egiten da aurrera dagoeneko bidea egina dagoen lekuan. Gogoetaren Plazan aritu dira Ander Lipus eta Maialen Errotabehere, Maia Muruagak gidaturik. Egitarauan ez zen ageri eta publikoaren gogoetan sortu da galdera, ea zertaz ote ziren mintzatzekoak, Muruagak esan duen artean asmatu ezinik. «Sormenetik bizi» izan da gogoetagaia, eta amaitzeko minutu batzuk falta zirela lagun baten deiak Gogoetaren Plaza utzarazi didan arren interesgarria izan da oso aipatu dutenetik entzun ahal izan dudana. 

Lipusek argi jarri ditu berak jarraituko zituen jokoaren arauak: bere jardunean istripua dela halako mahai-inguru eta solasaldietan parte hartu behar izatea eta bere izenean ari zela, bere bizipenetatik, ez euskal antzerkigintzaren izenean. Ulertu nahi izan diot antzerkigile gisa zegoela bertan, eta ez kultur analista gisa. Gurean usu gertatzen baita kultur sortzaileak bilakarazten ditugula, halabeharrez eta de facto, kultur analista, ikertzaile, kritikari eta kultur politikaren konpontzaile.

Errotabehere eta Lipus profesionaltasunaz eta ikusgarritasunaz aritu dira, besteak beste. Sortzaile, artista profesional izateaz eta ikusgarritasunaz. Euskal sortzaile eta artista gisa zehaztu behar, beharbada. Bokazioaz egin die lehen itauna Muruagak, nondik datorkien, antzerkigintzarakoa Lipusi, kantagintzarakoa Errotabehereri. Lipusek zergatik ez jakin arren betidanik izan ei du antzerkia egiteko gogoa, geroago etorri zaio beharra, kontzientzia, antzerkia Euskal Herrian eta euskaraz egitekoa. Errotabehereren familian ohikoa omen kantatzea, txikitatik ibili da bera, haur-koro batean, lehiaketetan eta beste, bokazioa, beharra, interesa beranduago heldu zitzaiola esan du, hamazazpi-hemezortzi urterekin. Bokazioa da profesionalizazioaren auzian erpinetako bat, Lipusi ez zitzaion arraroa egin bere bokazioa profesio bilakatzeko pausua, berak argi ikusten zuen, nahiz eta, esan duenez, Segurantza Sozialak sinesgogorrago hartu bere hautua. Errotabehere, aldiz, Agorila disketxean sartu zen lanean, eta aukera probestu zuen bere lehen diskoa bertan argitaratzeko, egun kantatzetik bizi da eta koro-zuzendaria ere bada, kantuaren beste ikuspegi bat ematen dio bigarren lan horrek. Ez litzatekeela beste lan batera itzuliko esan du, gustuko duena egiten jarraitu nahi duela, egoera prekarioa izan arren.

Egoera prekario horri buruz ere galdetu die Muruagak, eragiten al duen sortzen duten horretan. Prekarietatearen ertzak desberdinak dira administrazio frantsesaren menpe sortu edo espainiarraren menpe sortu. Dena dela, hauxe da biak batzen dituen puntu komuna: diru gutxi jartzen da kulturan edota gaizki banatzen. Euskal kulturaz ari gara, baiki.

Euskal kulturgintzaren zigorra den gurpil zoro bat (gehiago) aurki dezakegu hemen, egiten dena ez da ikusgarria ez dagoelako normalizaziorako (uler bedi euskal kultura kulturagisa egiaz hartzeko) borondate politikorik, kultur politikarik, eta egiten dena ez da normalizatzen ez dagoelako egiten den hori ikusgarri egiteko borondate politikorik. Dagoen kultur politikak ez du ez borondaterik ez gaitasunik kalitatezko kulturgintza bultzatzeko, babesteko eta zabaltzeko. Lipusek eman duen adibidea aproposa da: Futbol talderik gabeko estadioak dira antzerki konpainiarik gabeko antzokiak, eta halako asko dago gurean, zoritxarrez.

Hauxe atera dudan ondorioa: gaur egungo kultur politika ere entzun gabe txalo egitera mugatzen dela, Errotabeherek esan duen bezala, milaka batzuk euro bota hona, bota hara baina irizpide edo helburu garbirik gabe. Askorako ematen du txaloen metaforak.

 

 

Txaloak berriro ere

Arratsaldean ikusi ahal izan ditudan saioetan ere gogoz egin dut txalo, jendeak oro egin duen bezala, eta entzuten ahalegindu naiz oraingoan, jendea ere ahalegindu denez, solasaldietan eta elkarrizketetan ere amaieraraino geratu naiz. 

Idurre Eskisabelen Goseak janak (Susa, 2018; —eta bai, oso suseroa geratu zait azkenean, eguna—) poema liburuaren aurkezpenarekin hasi dut bazkalostea. Lorea Agirre izan du elkarrizketatzaile Eskisabelek, Amagoia Gurrutxagak eta Irati Agirreazkuenagak, aldiz, liburuko poemak irakurri dituzte galde-erantzun eta galde-erantzun artean. Astiro baina azkenean bete da aretotxoa eta poesiarako giro atsegina sortu da, nahiz poesia azidoa suerta daitekeen Eskisabelena, gazi-gozoa, irribarrea eragiten duenetakoa ituan asmatzearen asmatzez. Agirreren galderak ere poetikoak iruditu zaizkit, haien itxurazko abstraktutasunean liburuaren minera eta muinera heltzen zirenak; lurrera ekarriz erantzun ditu Eskisabelek, testua bera ere lurrera eta gorputzera, ahotsera ekarriz; gehiago, posible balitz.

Eguna ixteko, Gogoetaren Plazaren aurtengo azken saioan egon naiz. Hauxe zuen izenburua mahai-inguruak: Kulturaren transmisioa eskolan. Iratxe Retolaza, Maria Rivero, Pello Ulazia eta Mikel Artola aritu dira hezkuntza arautuan kulturaren transmisioari dagokionean izandako esperientziez. Kattalin Minerrek gidatu du saioa. Hainbeste lagun izanik galdera gutxi egin ahal izan ditu Minerrek. Dena den, eta esparru desberdinetakoak izaki —Retolaza literaturatik, Rivero musikatik, Ulazia arte plastikoetatik eta Artola bertsolaritzatik— bakoitzak ikuspegi desberdin batetik heldu ahal izan dio gaiari eta elkarrekiko osagarriak izan dira esan dituztenak. Ez naiz esan dituzten guztiak zerrendatzen hasiko, baina kronika honetan jorratu gaiekin zerikusia duelakoan Retolazaren aipamen bat ekarri nahiko nuke hona.

Retolazaren hitzetan, azken 30 urteetan ez dugu asmatu [kulturgintzan] egiten ari garenaren inguruko imajinario berri bat sortzen asmatu. Horrek azal dezake, agian, gure kultur erreferentzia konpartituak betikoak direlako itxura ematea, —Canoren gaztigua gogoan— eta, aldi berean, inoiz baino sorkuntza garatuago eta askotarikoagoa edukitzea.

Asma dezagun bada imajinario berri bat, berriro ere txalo egin dezagun, baina esaten dena entzun, egiten dena egiaz kontuan hartu ostean oraingoan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)