Sinadurak

Lore basa

Astelehena, 2018-05-07


They say Jorn’s wildflowers have died

but I saw Greystone in a dream last night

and all the roses started to bloom

when I stepped into the garden

Oreli Arkotxa


 

Duela urte batzuk, 2012ko abenduaren 29an, Parisen, Tuileries-etako lorategian den liburutegi xume bezain xarmagarrian nuen, pintura erakusketa batetik itzultzen nintzela, Marco Martellak ingelesetik omen itzulia duen Le jardin perdu deskubritu. Frantses ederrean izkiriatua den « itzulpena » Actes Sudek Arlesen agertu zuen 2011ean. Sekretuz betea den liburuxka dugu, Jorn de Précy misteriotsu batek egina. Egia eta fikzioaren artetik jalgia den obra. Martellari eskua eman diezaiogun, errestotik segi dezagun. Jorn de Précy 1837an Reykjaviken sortu zen ontasunak zituen familia batean. 1854ean Islandia betikoz uzten du Erroma, Venezia, Toskana, Paris, Londres eta Ingalaterraren bisitatzeko. Parisetik iragaten delarik, Goncourt anaiek diote omen beti ametsetan galdua dela dirudiela eta « hor ez denaren behakoa» duela. Oxfordshire eskualdea gustatzen zaio, eta han ditu erroak eginen Greystone lurraldea erosiz. Jorn de Précy 1916ko azaroaren 12an hil omen zen eta Samuel Bloch baratze egileari utzi omen zion Greystone. 1956an lurraldea erosia izan omen izan zen eta aberatsendako erreserbatua den omen zuten eraiki han. Marco Martellik dio ahantzia zen The Lost Garden Londreseko zaharreria-merkatu batean zuela atxeman « duela hiru urte », guti gora behera 2008an beraz.

Jorn de Précy Thoreauren Desobedientzia zibilaren (1849) urratsetan dabila. Hiritarrarentzat baratzean da kokatzen disidentziari gunea uzten dion bazter-lekua. Baratze horretan (baratzezainaren lan delikatua sumatzen ere ez dela) libroki heldu dira landare guztiak, zuhaitz, lore eta baratzekariak. Azpimarratzen du «Orainean sustraitzen gaituen» baratzearen erritmo baketsua justu sistema kapitalistaren abiadura lasterraren kontrakoa dela : «…sistema kapitalista, geroz eta lasterrago doan erritmoan oinarritzen baita bizirik irauteko, eta beti eginahal gehiago eskatzen baitie menperatuak dituen jendeei…».

Jorn de Précyk ez ditu gustuko sobera antolatuak diren baratzeak. Leize pintoreskoekin, edo arroka artifizialekin apainduak direnak. Haren iritziz, gure baratzeek antikitateko baratzeak imitatu beharko lituzkete. Parentesien artean diren espazio-gune beharko lukete izan, pausa eta haustura-leku, antzez-lekuak, kanposantuak edo eroetxeak diren bezala. Itxura gutiko leku horietan ere ahantz daitekeelakoz iragaten ari den denbora. Baratzean egonez, baratzeko musikaren « notak » entzuten direlakoz.

Jorn de Précyk dio hamalau hamabost urtetan sekulako bozkarioa sentitzen zuela Islandiako mendixka biluzietan zebilelarik urki multzo batzuen itzalean diren eta eguzkiak argitzen dituen ziklamen ubelak ikusten zituelarik. Borobilean elkarretaratuak diren urkiek «hutsik gabeko borobila» egiten dutelarik. Eta bera arbolek egin xoko guri aterbetsu horretan sartzen dela. Marra beltzez apainduak diren enbor zilarreztatuen edertasuna ere aipatzen du. Trunko eder horien baten kontra bizkarrez jartzen delarik. Eta begiak hetsirik dagoelarik, luzaz. Bere baitaratua. Eta berriz begiak irekitzean iduritzen zaiola «unibertso osoa » duela aintzinean. Tontor batean denez, haren bixta badoa urrun, sumendi gorrantzen kaskoetan gaindi, itsasoraino. Han urrunean trankil arrantzan ari den ontzi hura baino haratago ere. Orduan du konprenditzen baratzea Eden dela.

Martellak dio, Bob Dylanek Whashingtonen, Vietnameko gerlaren kontra zen manifestaldi batean zuela Jorn’s Wildflowers balada kantatu 1960 urteetan. Eta ez zuela sekula grabatu. Baladaren incipita ezarri dut hitz honen atarian.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)