Sinadurak

Kultura, galtzear?

Astelehena, 2018-05-28

Begirada bat. Leihoan hautsa moduko bat. Begirada lausotua geratzen da. Ez dut nahi onartu. Ikusmena argia izatea nahiko nuke. Agian begiak nekatu zaizkit. Baina hala ere, begiak garbiak eduki nahi ditut. Ez dut nahi zipriztinik, ez dut nahi zakarrik ene begietan. Haurraren begirada berreskuratu nahi dut. Ezjakintasunaren begirada. Kutsadurarik gabekoa. Kutsadura bakarra, ni neu izatea. Onena, leihoa gaur goiz argi honetan irekitzea izango da. Eta urruneko begirada bat begiratzea.

Nire adimena, arbel huts bat da. Hasiera batean, konturatzen naiz, urteak igaro diren neurrian, nire barnean, sentimenduaz gain, geruza gutxi dudala, kanpotik, xurgatzeko, ur tanta gutxik bustitzen nautela. Eta nik euria moduko nahi. Zirimiri bat nahiko nuke, arima blai eginda geratzeko. Honekin batera, beste musika entzun nahiko nuke. Harmonia bat, non zaratak ez du aparkalekurik. Une honetan, pentsatzen ari naizen une honetan, berreskuratu nahi dut ni naizen hau, pentsatzen duen sustantzia. Descartesen lana berreskuratu. Ideiak, argiak, laburrak izatea.

Denbora behar dut. Behar bada, denbora geratu tren geltoki batean. Edwar Hopperren begirada izan. Eta bizitzari, geltokiak eraiki. Geltoki horietan, hitzez, gizakia berreskuratu. Mundua, liburu handi bat da, gertakariz betea. Erreparatu horietaz. Voltairen lorategia berreskuratu. Izpiritua, landu.

Gure baitan, lengoaia, hizkuntza dugu, gara. Abiatu gaitezen. Izan, garena. Bernardo Atxagak, duela urte batzuk elkarrizketa batean, esaten zuen, besteak beste, Mitxelenak, Arestik, Txillardegik, gure hizkuntza eta kulturarekiko harrotasun bat sartu zigutela. Gaur egun eutsi ahal diogu planteamendu horri? Kulturarekiko, hizkuntzarekiko, ba al dago atxikimendurik? Norbanakoentzat ariketa bat litzateke hau. Egun, auziari, aurpegiari begiratu beharrean, bizkarra emanda bizi gara? Asko aipatzen da XXI. mende honetan, George Orwellen 1984. Anai handiaren arrastoa handia dela alegia. Ez ote da hau, beti bezala, gure ardura izan behar zuena, kanpoko eragile baten esku utzi? Benetan, ez al gara ari bizitzen, Aldous Huxleyren Bai mundu berria, unean uneko balizko zoriontasun iraupen gutxikoa?

Abstrakzioa, sinboloa, izan dira giza eboluzioaren ardatz nagusietako bat. Gizakiak bere baitatik sortu egin du. Sormen ahalmen hori, ez dugu utzi behar kamusten. Kontraesan handi batean bizi gara. Artifiziozko aurrerapen ikaragarri batzuekin bizi gara, hauek ere gizakiak sortuak, eta aldiz, bizkarra ematen ari gara, izpirituaren sormenari. Ergeldu egin gara. Hemen ere alienazio bat gauzatu da. Kultura gara, eta besterentze batean erori gara.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)