Irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina abiatuko du aurten ere Topaguneak

Topaguneak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren bosgarren edizioa aurkeztu du Donostian. Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa Hego Euskal Herriko 12 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker. Hona, Topaguneak berak emandako azalpenak “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoari buruz.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
Irakurri
Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da lehen pausua. Hartzea eta irakurtzea, noski.
Gozatu
Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun… Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
Oparitu
Azken pausua, aurrekoetan bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari… edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, prezioaren %25 ordaindu ahal izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erostean, edo %50 Euskara Elkarteko kidea izanez gero.
Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.
Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:
· Batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea
· Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
· Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.
Hasiera, Liburuaren Egunean
Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, uztailaren 23an izango du: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko.
Esan bezala, 12 herritan egongo da martxan kanpaina hau datozen hiru hilabeteotan, tokian tokiko Euskara Elkarteek sustatuta:
· Araban: Aramaio (Txirritola)
· Bizkaian: Santurtzi (Bai Esan), Ermua (Euskal Birusa), Basauri (Euskarabila).
· Gipuzkoan: Deba (Zuhatza), Lazkao (Goierriko Euskal Eskola), Andoain, Asteasu, Amasa-Villabona (M. Larramendi), Urnieta (Inistorra – M. Larramendi)
· Nafarroan: Irurtzun (Aizpea), Lizarra (Garean).
2010ean 16 herritan gauzatu zen IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU, eta gehienetan eragin positiboa izan zuen liburutegietako euskarazko liburuen maileguan, batez ere, 18 urtetik gorako irakurleen artean. Liburu salmentetan ere izan zuen eragin positiboa egitasmoak, izan ere, 600 liburu baino gehiago saldu ziren parte hartu zuten 23 liburu dendetan, erosleek horretarako egitasmoak eskaintzen dien erosketa-txekea erabilita.
Egitasmoak Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundien babesaz gain, honako argitaletxeen laguntzari esker izaten da posible: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela eta Susa.
This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>