Gabriel Kortaren “Maitasunaren indarra”

Gabriel Kortak zazpigarren poesia liburua plazaratu du, autoedizioaren bidetik. Maitasunaren indarra izeneko liburuan bere poesiagintzaren konstanteak topatuko ditu irakurleak: eromena, baztertuaren lekua egungo jendartearen erraietan, maitasunaren papera eta definizioa, bakardadea, poesia idaztearen zentzua, estigmak, poetak egunerokotasunetik bizitzari luzatzen dion biziraupen oihua.

gabriel korta

Gabriel Kortak 80eko hamarkadan hasi zuen ibilbidea literaturan: Isiletik (Ustela, 1980) eta Okaranak (Susa, 1986). Ondoren isilaldi luzea etorri zen, gaixotasun psikikoen atzaparretan jausita. 2002An bueltatu zen argitaratzera, bere iguruko hainbat lagunen eta idazleen laguntzaz, Harri hautsiak izeneko lanarekin. Autoedizioaren bidea hartu zuen liburu harekin, eta orduz geroztik modu horretara heldu zaizkigu bere lan berri guztiak. 2010ean ordura arte plazaratutako hiru liburuak bakar batean bildu, berikusi, eta laugarren bat gehitu zien, hortik Laugarrenak lau titulua. Haren ondoren etorri zaizkigu Elurra galtza motzetan (2012), Diot (2013) eta honakoa, urtarrilean aurkeztu duen Maitasunaren indarra (2016).

Poema laburrak dira Maitasunaren indarra liburuko gehienak, baina jarraian irakurriz gero bakarrizketa baten antza hartzen dute, poetaren pentsamenduaren haria kateatzen da poematik poemara. Egileak berak hitzaurrean aitortzen duenez, bi zati ditu berez liburuak: Maitasunaren indarra izenekoak poema gehienak biltzen ditu, eta baina bada Euripean egarri izeneko bigarren bat ere: “Badauka liburu honek poema berri batzuen premia. Eta hemen sartu ditut “Euripean egarri” izenburuarekin. Beraz, liburu honek bi zati ditu, edo bi liburu beharbada”.

Ez da hitzaurrean Kortak dakarkigun azalpen bakarra. Bertan gordin eta eder azaltzen ditu egileak bere poesiagintzaren zergatia:

“(…)
Kantatu dezala kantariak maitasun kanta eder bat.
Poesia ez da nirekin hasten, bukatzen ere ez… Datozela poetak beren poemekin!
Diosala egiten dizuet denoi lanbide gogor hau loriatzeko.
Onartu behar dut urteen nekea, udazkenean bizi naiz, zahartzen ikasi behar dut.
Aranondoaren gerizpera itzuli, lagunarteko zirkulu errespetatura… asko sentitzen dut baina ezin dut ahantzi psikiatriak izan duen oinatz mikatza nire poesiagintzan.
Kasik nire bizitzaren erdia egin dut psikiatrian sartuta. Nola ahaztu psikiatria? Nola ahaztu patioak eta bertako pasabideak? Nola ahaztu gure poz urriak?
Liburu bat, poemario bat, kale berri bat bezala da, bizitzaren ezaugarri guztiekin.
(…)

img497

Honatx liburutik ekarritako lau ale:

PSIKOSIA

Mintzen ninduen musika
Entzuten nuen
Hilobietatik zetorrela zirudien
Hilik zegoen eguna
Eta bide ertzean odol hari bat
Ez dakit norena zen
Baina norbaitek odol hari bat uzten zuen
Bide ertzean
Bitartean musika entzuten nuen
Kantu beldurgarriek
Ikaratzen ninduten
Denak zeukan esanahia

ZUEK ZARETE

Zuek zarete nire musak
Pertsonak
Nostalgiazko kaleetan

KONTZIENTZIA

Askatasun-kontzientzia daukadalako
Duintasunez beterik nago
Askatasuna maitatzea maitasuna da
Egunero ikusten dudan maitasun keinua
Faroa bezain bakartia izan arren
Atsegina da
Beti ibiliko naiz zorionaren afaean.

BIDE ONA

Arrangura ez da bide ona
Kuraia behar da jarraitzeko
Ni baztertuen herrikoa naiz
Herri behartsu baten herrikoa
Baditut hezur konponduak
Baditut ebakiondoak
Bakardadea eta sarrerak ospitaleetan
64 urte ditut.

Irakurri HEMEN OarsoBidasoko Hitzan egin dioten elkarrizketa.

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.