Jokin Apalategik gaztetan idatzitako bi antzezlan argitaratu ditu

Jokin Apalategik gaztetan idatzitako bi antzezlan plazaratu ditu Erbia biper beltxean bezala izeneko bilduman, Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik. “Borroka ala ihes” eta “Mitoen baratza” dira antzezlan horiek.

img496

Jokin Apalategik gaztetan idatzitako bi antzerki obrarekin osatu du “Erbia piper beltxean bezala” bilduma. Egileak berak idatzi du liburuaren sarrera laburra, liburu honen zergatiaren argigarri:

“1963ko urritik aitzina nire bizitzan haustura eta norabide aldaketa jabetu ziren. Haustura, orduarte, bizitza idealizatzeko neuzkan baloreak ipurtargi bilakatzen joan zirelako eta, aldi berean, haien tokia hartuz nire jokabidean funtsezko izango ziren herritar eta sozial baloreak sutsu piztu zirelako. Hasteko, nire bizian lehen aldiz, euskaraz idatzitako liburu bat irakurtzen hasi nintzen. Zoriontsu sentiarazi ninduen desafio hark. Mundu gozo hau nirea duk, esan nuen. Eta bat-batean euskaraz idatzi nezakeela frogatu nahi izan nion nire buruari. Zer idatzi pentsatzen jarri eta antzerki obra izan zitekeela iruditu zitzaidan. Nagikeriak utzi eta, nire baitan ematen ari ziren hausturen gazi-gezak kontatzera igaro nintzen. Liburuxka honetan agertzen diren bi antzerki obra hauek izan ziren nire lehen idazkera saioaren emaitza. Elizak eta estatuak eskuz esku burdinezko neurriekin inposatzen ziguten giroa, herri eta sozial ezjakintasuna, identitatearen osagai genituen faktoreen ukoa eta debekua, nahas-mahas, barrenaturik genituenak astinduz nola borrokara igaro ginen agertzen da hogei urteko gaztearen irudietan. Lehen pieza, Ataungo Sarako gelan On Joxe Mieli irakurri nion oso-osorik. Nik aipatzean euskaraz idazten hasi nintzela eta antzerki pieza bat nuela, berehala irakurtzeko eskatu baitzidan. Errespetu osoarekin, azken hitzeraino, entzun zuen nire irakurketa.”

Idazleari buruz

Jokin Apalategi Ataunen sortua da 1943an. Formazio luzeko ibilbidea da berea. Filosofian lizentziatua; soziologian doktore; antropologian EHUko irakasle titularra; psikologia sozialean EHUko ohorezko irakaslea da. Hainbat libururen egilea dugu nola euskaraz hala frantsesez eta gazteleraz. Ehundik gora artikulu zientifiko ere argitaratuak baditu. Noizbait poesia liburuxka ere argitaratu zuen. Oraingoan, gaztetan idatzitako bi antzerki obrarekin datorkigu.

Pasartea

Oihala altxatzean Jon jokalekuan bakar-bakarrik dago. Mahai ertzean eserita eta hanka bat aulki gainean duela. Bereterretxeren “Haltzak ez du bihotzik” poema abesten ari da.

JON: (Orain pentsatuz, eta oso lasai) Gizakia nor da? Bai, gizakia esan dut. Nor gara gu: hura, zu, eta ni? Mundua zer da? Bai, mundua diot. Den-dena, begien aurrean daukaguna eta nortasun alorrean, gordeenean, nabarmentzen gaituen oro. Gizakiaren ibilaldiak zentzurik bai al du? Eta munduak? Biak batasunean osatzekoak direla, baina elkar osatu al dezakete? Mundua bilakatzen doa etengabe. Gizakia berriz, mundu indarren aurrean, gidaritza gogoetatsua daukan izaki bakarra da. Gizakia den izakiaren jarrera, borroka ala ihesa daiteke. Are gehiago, borrokan bakarrik datza gizakia den izakiaren aukera sano bakarra. Ihes ahala, gogoetatsu den gizkaiak bakarrik dauka narturan. Eta konpromisotik eskapatzeko daukan ahala adierazten du. Beste izakiak oro, nahi ala ez, borroka dira. Izadi indarren jarraitzaile, beste aukerarik gabeak dira. Gizakia aske da, den hori, ez denean bihurtzeko. Munduko ustelkeriak, gizakiaren izakia, hainbat aldiz, ez izakian bilakatu izan dela salatzen du. Gure ihes bakoitza, denetik ez denerako urratsa da…

(Atea zabalduz, Amaia sartzen da jokalekuan, Joni begira jarririk, hura pentsalari ikustean, honela mintzo da…)

AMAIA: Zer zaude hain serio, ezbeharren bat al duzu?

JON: (Ageri duen egoera aldatu gabe). Ez nengoen. Ari nintzen.

AMAIA: Ari zinela, norekin? Lau hormen erdian bakarrik, eta ari zinela?

JON: (Altxatuz) Ez nago lau hormen erdian, bakarrik. Niretzat, mundua oro, bizidunak oro, bizidunen osagarri direnak oro, nire aurrean adi daude.

AMAIA: Zure zai? Ez zaidazu parregurerik eman! Gutaz ez da inor axolatzen.

JON: Nitaz eta berdin zutaz denak oroitzen ahal dira.

AMAIA: Baina Jon, sukarra duzu ala?

(…)

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.