Eider Perez: “Sari bat irabaztea beti da pozgarria”

Amodiozko Gutun Lehiaketa irabazi berri du

Bergarako Jardun euskara elkarteak Amodiozko Gutun Lehiaketaren sariak banatu zituen aurreko astean. Lehenengo saria Trintxerpeko Eider Perez gaztearentzat izan zen. Bigarren saria bitan banatu behar izan zuten. Sariaren erdia Iñigo Legorburu errenteriarrarentzat izan zen eta beste erdia Lasarte-Oriako Ane Labakarentzat. Eider Perezek azaldu digunez. “sari bat irabaztea beti da pozgarria eta izan daiteke idazten jarraitzeko motibazio eraginkor bat ere bai”.

Jardun

Itsasoaren eta maitasun harremanen arteko paralelismo moduko bat egin duzu ‘Bi arrain’ izeneko gutunean. Bateko zein besteko gorabeherak parekatzean datza gutunaren xarma, ezta?

Gutuna herri arrantzale giroan idatzia da, kaiaren inguruan, eta eremu hori baliatzen du gutunaren idazleak senti duena adierazi eta irudikatzeko.

Gutunean deskribatzen den portualdea, herrian antzematen den giro berezi edo intrigazko hori, nola bapatean itsasoak behera egiten duen, nola arrainak… hori guztiori gutuna idazten duenaren sentipenen isla da, sabelean senti duenaren extrapolazio edo azaleratze bat.

Bai, agian itsasaldeko parajearen eta maitasun adierazpenaren arteko elkarreragin hori izan daiteke testuaren ezaugarririk nabarmenena.

‘Bi arrain’ gutunak narrazio labur baten traza du. Ipuingintza erakargarria al zaizu? 

Bai, gustuko ditut ipuinen antzeko hitz gutxi eta nahikoa dituzten kontakizunak. Nahiago dut ipuin, mikroipuin, poema edo esaldi soil bat. Beharbada idazleak gehiago transmititu eta irakurleak gehiago jaso dezakeelako kontatu nahi den hori laburra, konprimitua eta, aldi berean, dimentsio handikoa bada. Dimentsio handikoa imaginazioari eta interpretazioari dagokionean.

Gutunak ere laburrak izaten dira, agian ez hain literarioak edo ipuin estilokoak. Baina, kasu honetan, ipuin estilokoa izateak oinarrian dagoen mezu laburra edertzen du. Kontaera nahiko narratibo eta bisuala da, eta horrek kontatu nahi dena irudikatzen laguntzen du, ipuingintzan bezala.

Sari bat irabaztea beti da pozgarria. Saritua izateak idazten jarraitzeko grina areagotu al dizu?

Sari bat irabaztea beti da pozgarria eta izan daiteke idazten jarraitzeko motibazio eraginkor bat ere bai. Euskal literatura sariketetan, ekitaldietan edo ekimenetan parte hartuz gustua hartzen zaio idazteari, literaturari oro har. Bai, idazten jarraitzeko grina areagotu dezakete sariketek. Idazteko aitzakia ere badira askotan. Eta, esango nuke, potentzial handia ere badirela; badute indarra eta badute jomuga euskal literatura eta sorkuntzan. Horregatik, halako egitasmoak babestu eta zabaldu behar dira: lehen esan bezala motibazio bat izan daitezke literatura idatzi, irakurri edo entzun nahi duen edonorentzat… eta noizbehinka tokatzen dira esperoko edo ezusteko sariak (epaimahaikideek emanak edo ez) eta hauek bultzatzen zaituzte beste behin edo beste inon idatzi eta aurkeztera.


“Idazteko aitzakia berri bat falta zait bakarrik”

Lehiaketa batera aurkeztu zaren lehen aldia izan al da? Ba al duzu bestelako sormen lanik etxeko tiraderan?

Ez da lehen aldia. Gainera, iaz ere aurkeztu nintzen Amodiozko Gutunen lehiaketan Kaosari gutuna lanarekin. Aurretik parte hartu izan dut Urruzuno, Azkue, Satarka… eta halako literatura lehiaketetan eta baita bestelako literatura ekimenetan ere.

Bestelako sormen lanik… buruan gehienak, olerki, ipuin, oharrak paperetan. Idazteko aitzakia berri bat falta zait bakarrik.

Argazkia: Pasaiako Hitza. Eider Perezen alboan Iñigo Legorburu ageri da, sariketan bigarren izan den idazlea.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.