Antton Olariagaren marrak eta hitzak ikusgai

Marra eta hitza erakusketa antolatu dute Komikigunean, Antton Olariaga marrazkilariaren lana ardatz. Otsailaren 20an ireki zuten erakusketa eta martxoaren 17ra arte egongo da ikusgai. Olariagaren hainbat lan biltzen dira bertan: ilustrazioak, tirak, azalak… Bihar, solasean arituko dira marrazkilaria eta Koldo Izagirre idazlea.

anttonOlariaga

Hilaren 20tik hasi eta martxoaren 17ra arte, Antton Olariaga (Usurbil, 1946) marrazkilariaren lanak erakutsiko dituzte Donostiako Komikigunean. Ibilbide luzeko marrazkilaria da Olariaga. 70eko hamarkadan ekin zion lanari, Valentziako Las Provincias egunkariko ilustrazioak eginez, eta, gerora, euskarazko prentsan hasi zen lanean: Zeruko Argia, Anaitasuna… Gaur egun, Zakilixut tira egiten du egunero Berria egunkarian.

Literaturan ere ibili da, azalak egiten. Erein argitaletxearen eskutik etorri zitzaion hori egiteko lehen aukera. Arlo horretan bertan, kolaborazio berezia egin zuen iaz Olariagak Harkaitz Cano idazlearekin eta Jexuxmai Lopetegi musikariarekin. Horren emaitza da Itzal zaunka disko-liburu ilustratua.

Komikigintzan ere jardun da, Altza Porru bilduman eta Xabiroi aldizkarian egin ditu azkenak. Lan horiek guztiak ikusteko aukera egongo da erakusketan; gainera, Parrapean III. Komiki Jardunaldietarako egin zituen panelak ere erakutsiko dituzte.

Koldo Izagirrerekin solasean

Erakusketaz gainera, zenbait jarduera antolatu dituzte Komikigunean, Olariagaren lana hobeto ezagutzeko. Pasa den astean, hilak 22, erakusketaren bisita gidatua egin zuen marrazkilariak, eta, bihar, martxoak 1, solasean arituko da Koldo Izagirre idazlearekin. Komikigunean bertan, arratsaldeko 19etan.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.