Liburu grafikoak bikoteka sortzeko tailerra

Bikoteka izeneko tailerra antolatu dute Galtzagorri elkarteak eta Iruñeko Udalak; helburua: liburu ilustratu bat nola pentsatu idatzi, sekuentziatu eta marrazten irakastea. Harkaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea izango dira irakasle, eta martxoaren 27tik 29ra bitarte egingo da, Iruñeko San Frantzisko liburutegian. Haurrentzako Album Ilustratuak sortzeko Etxeparen Sariaren laguntza ere jaso dute.

Captura de pantalla 2017-02-24 a las 12.22.33

BIKOTEKA ikastaroa antolatu dute Galtzagorri elkarteak eta Iruñeko Udalak. Besteak beste, honako galdera hauek gidatuko dute hiru eguneko ikastaroa:

Zein da liburu ilustratu baten abiapuntua? Nola eraikitzen da pertsonaia bat irudiz eta nola hitzez? Zeintzu dira arketipoak eta nola funtzionatzen dute? Nola sekuentziatzen da istorio bat? Nola atera dakioke ahalik eta etekinik gehien irudizko lengoaiari, hitzek diotena literalki ilustratu beharrean istorioari dimentsio berri bat emateko?

Zortzina idazlek eta marrazkilarik hartuko dute parte ikastaroan, eta bikoteka egingo dute lan, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso irakasleen gidaritzapean. Tailerrean parte hartzen duen bikote bakoitzak liburu ilustratu baten proiektua jarriko du abian. Tailerreko formazioa doan eskainiko zaie epaimahaiak aukeratzen dituen 16 lagunei (8 bikoteei) eta beka bana jasoko dute bertan sortuko diren lanak bideratzeko.

Martxoaren 27tik 29ra egingo da ikastaroa, Iruñeko San Frantzisko liburutegian Informazio gehiago eskuratzeko, jo ezazue Galtzagorriren webgunera, edo, bestela jarri elkartekoekin harremanetan, 943471487 telefonoaren bidez edo galtzagorri@galtzagorri.eus posta-helbidearen bitartez. Bestalde, hemen irakur ditzakezue deialdiaren oinarriak, osorik.

IZENA EMATEKO BALDINTZAK

Baldintza orokorrak:

- Idazle eta ilustratzaileek parte hartu dezakete, bakarka zein binaka. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko zaie.

- Parte-hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan eta aurkezten diren hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

- Parte-hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute eta euskaraz jakin behar dute.

- Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.

Non eta nola eman izena:

- Ilustratzaile bakoitzak bere 3 ilustrazio bidali beharko ditu: argitaratuak edo ez, bere ustetan bere lana hobekien jaso edo biltzen duten 3 irudiak.

- Idazle bakoitzak testu labur bat bidali beharko du: argitaratua edo ez, bere ustetan bere lana hobekien islatzen duen idazlana. Gehienez ere orrialde bateko luzera izan behar du.

- Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko dute galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera: curriculuma, NANaren kopia bat, posta elektronikoaren helbidea, telefono zenbakia. 

Izena emateko epea:

- Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2017ko martxoaren 10a izango da. Aukeratutakoei 2017ko martxoaren 20rako erantzungo zaie.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.