“Antzezlan hau gure memoria bizia da”

Francoren bilobari gutuna antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XVII. Donostia Antzerki Saria.

Franco

Epaimahaiaren esanetan, “sorkuntza lan bikaina egin da eta nabarmentzekoa da gaiak lantzerakoan aurretik egindako ikerketa lan sakona. Talde lana zoragarria da eta trebetasun dramatiko ikaragarria erakutsi dute, bizitasun handiko momentuak une hunkigarriekin tartekatuz”.

Istorioak, eszenak eta erritmo narratiboa maisuki bideratuta dagoela azpimarratu du epaimahaiak. “Horrez gain, pertsonaien karakterizazioa ezin egokiagoa da; aktoreak pertsonaiak biluztu eta bakoitzaren intimitatean sartzen baitira. Antzezlanaren hariari ere ondo eusten zaio eta ikuslea ez da galtzen nahiz eta hainbat pertsonaia eta istorio tartekatu. Bestalde gaia sakontasunez jorratu da baina umoreari tartea eginez”.

Epaimahaiaren esanetan, “antzezlan hau gure memoria bizia da, eta antzerkiak bakarrik gorpuztu dezake horrela”.

Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an egingo da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. 19:30ean saria emango zaie antzezlanaren egileei (Artedrama, Dejabu panpin Laborategia eta Le Petit Théàtre de Pain taldeei),  eta ondoren lan irabazlea taularatuko dute bertan.


Frankismoak utzitako zauriak

Diktadura garaiak gure gizartean utzitako zauriei erreparatzen dio Francoren bilobari gutuna antzezlanak. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzia, Ximun Fuchsek zuzendua, eta zazpi aktorek jokaturiko obra da hauxe.

Franco2

Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas dira antzezlaneko protagonistak oholtza gainean.


Saio ugari begibistan

Francoren bilobari gutuna urriaren 31n estreinatu zuten eta saio ugari eskaini dituzte geroztik. Hemen kontsulta dezakezue egutegi osoa. Martxoan Beran, Atarrabian, Erandion, Beasainen, Igorren, Hernanin, Biarritzen eta Hendaian arituko dira.

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.