Zebrabidearen uberan: Aritz Gorrotxategi eta Txakur Gorria kolektiboa

Bi ostiralean behin, Arrosa Sareko Zebrabidea irratsaioan arituko gara, Hitzen Uberan atariko edukiei tiraka: pasa den ostiralean, Aritz Gorrotxategiren eta Txakur Gorria kolektiboaren elkarrizketak aipatu genituen.

FotorCreated

Arrosa Sareko Zebrabidea magazinak literaturari tartea egiten dio ostiralero. Gonbidapena luzatu digute eta, hemendik aurrera, han izango gara bi astean behin. Helburua: Hitzen Uberan atarian argitaratzen ditugun edukiei errepasoa egitea; besteak beste, elkarrizketei emango diogu arreta berezia, horiexek baitira gure eduki mamitsuenetakoak.

Pasa den ostiralean, hilak 3, izan ginen han. Bi elkarrizketa aipatu genituen, Aritz Gorrotxategirena eta Txakur Gorria kolektiboarena. Behean entzun dezakezue kolaborazioa, osorik.

KOLABORAZIOAN NABARMENDU GENITUENAK

Aritz Gorrotxategi, Zer egingo dugu orain opariekin? ipuin-liburuari buruz.

Krisiari buruz zerbait errealista idatzi nahi nuen, eta ipuinak oso formatu egokia zirela ikusi nuen. Hainbat pertsonaien gorabeherak islatu nahi nituen, gertakari itxuraz ezdeus baten atzetik egon daitekeen benetako zama azaleratu edo iradoki nahi nuen.

Oso hurbilekoa dut esperientzia, eta gurasotasunaren bilakaera deigarria da. Mitifikatu edo idealizatu egiten da, haur baten bizitza publiko bihurtzen da txikitatik. Gauzak magnifikatu egiten dira, eta ñoñokeria puntu bat ere badago. Nik nahiago dut pribatutasuna, erakuskeriatik aldentzea. Zein guraso on eta maitagarriak garen publikoki erakusteko sindromeak jota bizi gara. Gauzak lasaiago hartu beharko genituzke, ez bakarrik gure mesedetan, baita haurrenenean ere.

Beti gustatu izan zaizkit kausa galduen jarraitzaileak, On Kixoterengandik hasita. Absurdotasun horren atzean zentzu asko dago. Eta susmoa dut askotan gauzak eta erritoak onartu eta errepikatu egiten ditugula inertzia hutsagatik, tradizioagatik, benetan zertan ari garen gehiegi hausnartu gabe. Ez al da Olentzero kapitalismo basatiaren ikur bat, geure komenientziara moldatutako gezur bat? Zergatik barkatzen dizkiogu hari Errege Magoei barkatzen ez dizkiogunak? Euskalduna delako? Zer dago kontraesan horien atzean? Zer ari gara ospatzen benetan? Arestian aipatu heroi horiek aurrez aurre jartzen gaituzte gure zenbait errealitate instituzional benetan absurdorekin, eta gauzak beste ikuspegi batetik ikustera eraman gaitzakete.

Urteak daramatzat autonomo bezala lanean, autonomo eta euskal kulturan… Atera kontuak. Baina gorroto dut, halaber, beti negarrez aritzea. Aurrera egin beharra dago nola edo hala. Irudipena dut horretan ere ez ote garen eroso samar bihurtu. Errua besteek dute beti: politikariek, Trump-ek, bankariek… Eta hori hala da neurri handi batean, baina guk ere delegatu egin dugu erruduntasunaren kontzientzia. Erraza da besteei dena egoztea, onak eta txarrak marra zuzenez bereiztea. Zer egin dugu guk gauzak aldatzeko? Esan asko, egin gutxi. Beharbada horrelakoak gara. Errudunak bilatzen ditugu geure berekoikeria zuritzeko.

Txakur Gorria kolektiboko kideak, beren ibilbideari buruz:

Hirurok egoera antzekoan geunden: karrerak amaitzear, eta etorkizunari mesfidantzaz begira. Akordan egiten den artisau azoka bat aitzakiatzat erabilita, lehenengo liburuxka sortzea erabaki genuen bertara eramateko. Nerea Turkian zegoen Erasmusen, eta handik bidali zuen ipuin laburra; gero Malenek eta Mariñek forma eman zioten. Berehala konturatu ginen bidea ezin zela han amaitu.

[Liburu-objektuak egiteaz] Hirurok gara paperzaleak eta objektu bezala gustatzen zaizkigu, beraz, argi geneukan hasieran hortik jo nahi genuela. Maiz prozesuak berak erabaki du zein liburu mota jaioko den amaieran. Dena den, ez gara horretara mugatzen, diziplina ezberdinak landu nahi ditugu eta horrek formatu berriak ekarriko ditu.

[Argitaletxeetan publikatzeaz] Egia esan ez dakigu, ez garelako ahalegindu, baina irudipena dugu sarrera estuagoa izan daitekeela ideientzat, zurrunagoa. Ez ahalegintze hutsa ere esanguratsua da agian. Gure ustez, galbaherik pasatu beharrik ez izatea bikaina da, inoren zain egon beharrik ez izatea. Imajinatu badugu eta gustuko badugu, existituko da.

Ikus-entzunezko proiektu batekin ari gara orain, apirilerako edo prest egongo dena. Eta antzerkia eta testuen errezitaldia uztartuko dituen emanaldi bat ere buruan darabilgu. Gero, gutako edonori bururatzen zaion horri ere forma ematen saiatuko gara.

Webgunea zabalduko dugu laster, baina bitartean emailez (txakurgorria3@gmail.com) edo Facebookeko orrialdearen bitartez jar zaitezkete gurekin harremanetan. Eskatutako liburuak etxera bidaltzen ditugu nahi izanez gero –edo nonbaiten elkartu eta kafetxo bat hartu, posible denetan-. Liburu denda batzuetan saltzen jartzeko asmo ere badugu, baina lasai-lasai.

 

This entry was posted in Albisteak, ga-Zebrabidea, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.