Ume galduaren historiarekin itxi da zirkulua

Elena Ferranteren tetralogiako azkena argitaratu du Igelak: Ume galduaren historia. Aurretik etorri ziren Adiskide paregabea, Abizen berriaren historia eta Ihesi doana eta gelditzen dena. Laugarrenarekin itxi da Lila eta Lenù lagun napolitarren historia.

ferrante

Mundu mailako sona lortu du Elena Ferrantek Adiskide Paregabearen tetralogiari esker. Igela argitaletxeak begiratzen dio Italiako literaturari, eta, halaxe, 2015ean ekarri zuen euskarara Fernando Reyk lehen zenbakia, tetralogiaren izenburu berekoa. Hortxe ezagutu genituen Lenù eta Lila adiskideak, Napoliko auzo pobre bateko alabak biak. Hortxe ezagutu genituen haien haur jolasak eta eskolako kontuak, baina baita auzoko soziologia ere, auzoko indarkeria eta hiriko beste toki batzuekiko aldea. Hortxe ezagutu genituen, gerora, hurrengo hiru liburuetan hainbat buruhauste eta buelta ekarriko zituzten pertsonaiak, besteak beste, solaratarrak eta Nino Sarratore. Ferranteren teknika narratiboak azpimarratu zituen Alex Gurrutxagak liburu horri buruzko kritikan:

Pertsonaien karakterizazioa da azpimarratu beharreko alderdi bat —ia nobela psikologikoaren ildoan—. Bi haurrak heltzen ari dira, eta euren mundua eta euren barrua nola aldatzen diren ikusten dugu: lagunarteko tirabirak, eskola, aurreneko sexu harremanak, eta abar. Lila, hasierako Goetheren aipuak iradokitzen duen bezala, pikaroa da, Lenu kitzikatzen duena. Harreman estu orok bezala, ertz asko ditu bi haurren artekoak —maitasuna, jelosia, gozotasuna, tentsioa—, eta horiek guztiak islatzen ditu Ferrantek.

Baina iniziazio nobela baino gehiago da Adiskide paregabea. Izan ere, pertsonaien karakterizazioarekin batera, Napoliko jendartearen erretratua da nabarmentzen dena —ez alferrik, espazio nagusiak irekiak, publikoak dira—. Inoiz gehiegi kontatu gabe, pixkana-pixkana, argazki konplexua osatzen du egileak: politika, historia, botere harremanak eta erlijioa azaleratzen dira pertsonaien bitartez. Eta, oroz gain, gaizkia ikusten du Lenuk bere inguruan, ezin beltzagoa den gaizkia: indarkeria, bortxa eta matxismoa dira nagusi, justizia kolpeka egiten da, eta nahikoa dira zapata berri eder batzuk inguruko paisaiaren hondamen eta miseria nabarmentzeko.

Kontateknika oso orekatua da, nahiko klasikoa: ordena kronologikoa, tenpo konstantea, eta bi protagonistei jarraitzen dien fokalizazioa. Kapituluak laburrak eta oso bisualak dira. Batez ere egilearen kontatzeko ahala ikusten da. Narratzailea, Lenu, lekukoa da, eta horrela, pertsonaiaren barne mundua bistan jartzen zaigu. Aldi berean, idazleak sotilki nahasten ditu Lenuk bere begiz ikusi duena eta Lilak kontatu diona; horrela, kanpoko mundua ere modu konplexuan birsortua dago.

2016an iritsi ziren tetralogiaren hurrengo bi zenbakiak: Abizen berriaren historia (Fernando Rey itzultzaile) eta Ihesi doana eta gelditzen dena (Miren Iriarte itzultzaile). Lehenengo liburuaren amaieran ezkondu berria da Lila, unibertsitatera bidean doa Lenù. Bigarrenean, beraz, bereizirik topatu genituen bien bideak. Era berean, nobela horretan aurki dezake irakurleak, Igela argitaletxekoen esanetan “gaur eguneko egoera asaldagarriaren ernamuina”. Hirugarrenean, berriz, helduak dira jada Lila eta Lenù, umeak ekarri dituzte biek, eta helduaroko arazoei ari dira aurre egiten, Italiako giro politiko nahasiaren erdian. Lilak utzia du ezkon-bizitza latza, baina lan-bizitza du orain miseria-iturri; Lenùk eskuratua du, aldiz, sona idazle gisa. Hirugarrenari buruz ere idatzi zuen Alex Gurrutxagak Berrian. Hauexek azpimarratu zituen:

Protagonisten barruaren ikerketa sakona eta errealitatearen erretratu aberatsa ezkontzea da Ferranteren liburuen meritu nagusia. Batetik, pertsona mugiarazten duten hari ilunak bistaratzen ditu egileak: egoismoa, beldurra, inbidia, arrakasta gosea eta abar. Bestetik, multifokalizazioaren bidez, fokua batean eta bestean jarriz, gizarteko gai kolektiboak ere lantzen ditu. Pertsonaien bizitzek beti daukate alderdi soziala, eta, haiei jarraituz, hainbat gai agertzen dira: sexu askapena, ikasle mugimenduak, politika eta abar. Adibidez, hirugarren liburuaren hasieran, narratzaileak Lilari ematen dio hitza, eta honek bere bizimoduari buruzko xehetasunak kontatzen ditu. Lilak hestebete fabrika batean egiten du lan, egoera miserablean. Pasarte horretan lan egoerak, langile mugimenduak eta sindikalismoak hartzen dute, besteak beste, garrantzia. Baina, hortik aurrera, fokuak Elenarengana jotzen du berriz, eta amatasuna, bikote harremana, idazle bizitza… etortzen dira lehen planora.

Asko orokortuz, bi osagai klabe daude. Indarkeria da bata: bikote harremanak, familia eta gizarte antolamendua blaitzen dituen bortxa; indarkeria matxista, mafia, jipoiak, hilketak eta abar. Bestea emakumearen egoera da, eta honek eremu guztietan daukan posizio azpiratua. Bi gune nagusi horiek gurutzatzen dituzte liburuok eta, adiskidetasunarekin batera, etengabe sakonean dauden gaiak dira.

Luzaroan itxaron beharrik gabe iritsi da Ume galduaren historia (Fernando Rey itzultzaile), eta itxi da zirkulua. Hala azaldu dute Igela argitaletxekoek beren blogean:

Itxi da zirkulua: Lilaren desagertzearen berri ematen zigun nobelak hasieran, behin betiko ezabatzearekin mehatxu egina zen emakumearen haurtzaroa eta nerabezaroa ematen zigun Elena Greco idazleak. Bien arteko adiskidetasunak mende erdia iraun zuen, gorabehera dexenterekin.(…) Orain, Ume galduaren historiarekin, zirkulua itxi da, bi emakumeen adiskidetasun gorabeheratsuaren azken urteak nolakoa izan diren argitzen du, eta agian lehenbiziko liburuan desagertze horrek izan zezakeen atarramentua airean gelditzen bazen, orain, azkenekoan, zer interpretazio eman beharko litzaiokeen argitzen da nolabait, eta, suspenseko nobela onetan bezala, betiere zerbait zintzilik geldituko da.

Ez da langintza makala izan Elena Ferranteren laurak euskarara ekartzea. Orotara, 2.500 orri inguru hartzen ditu lautan banatutako eleberri honek, hots, Bibliak adina. Nekeza izan bada ere, Igelakoei irakurle sutsuen harrerak eman die aurrera segitzeko indarra: “askoren harrera sutsuak eta batzuen akuilukada txeratsuak bultzatu gaitu honaino iristera: euskal irakurleak laurak ditu eskura, gogorra baina atsegina izan den lan latzaren ondorio”. Ferranteren obrari buruzko erreportaje bat argitaratu genuen iazko abenduan, bigarren eta hirugarren eleberriak argitaratu zituztela-eta. Bertan azaltzen genituen liburuei buruzko hainbat kontu, besteak beste Napoli hiriak duen garrantzia eta nazioarteko arrakastaren gakoak zeintzuk izan daitezkeen. Erreportaje hartan genioen bezala diogu honako honetan ere, aprobetxatu Igelaren ekina, eta gozatu mende erdi hartzen duen literatur ibilbideaz.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.