Arpoilariaren gogoetak

Martxel Mariskalek Azken zakatzak (Susa) liburua plazaratu du

Bizitzaren amaiera naiz batzuetan / zauria besteen arimetan. Hauskortasunaren doinua nagusitzen da bere mintzairan. Hitz-jarioa edozein unetan errendituko zaiola dirudi. Bere idazmoldea, ordea, irmoa da. Sakona. Poeta sendoarena bezalakoa. Arpoia tentuz darabilen arrantzalearen parekoa. Bizitzaren amaiera naiz batzuetan / zauria besteen arimetan / eta ustekabeko sendabidea / dardararik egiten ez duen / zalantzatan galtzen ez den / esku sinesgarria / noizean behin. 

MartxelMariskal

Itsasoa eta oinazea

Itsasoa eta oinazea. Martxel Mariskalen Azken zakatzak (Susa) poema liburuan bi gai horiek nabarmentzen dira. “Itsasoa izan da nire eskola eta oinazearen bitartez ari naiz pertsona bezala doktoregoa egiten. Horren lekuko da liburutxo hau”, halaxe aitortu zuen liburuaren aurkezpen ekitaldian.


Edertasunaren bilaketa

Itsasoa eta oinazea hizpide nagusiak izanik ere, liburuan badira bestelako gaiak. Eguneroko martxan, “zaila egiten zaigu edertasunaren aldeko jarrera hartzea. Eta liburu honetan joera hori kontzientea da”. Idazteak pentsamenduetan sakontzeko aukera eskaintzen du, baina Martxel Mariskalek beste helburu batzuk erdietsi nahi izan ditu: “edertasunaren bila ere aritu naiz poema hauen bitartez”.


Poesia p larriarekin

Liburu honetatik haratago, “poesia p handiarekin aldarrikatu nahiko nuke. Bizitzaren aurrean, jarrera bezala azpimarratu nahiko nuke poesia”. Hondarribiko idazlearen ustez, “oso kezkagarria da pertsonok hartzen ari garen bidea. Poesia alboratzen jarraitzen badugu, ez gara oso urrutira iritsiko. Behar dugu poesia, zeren bestela dena da transakzioa eta etekina eta utilitarismoa”.


“Ez gabiltza ondo”

Martxel Mariskalen ustez, “gizarte hau diskurtso bisualean murgilduta dago erabat. Oso jarrera pasiboa dugu eta alpertu egin gara ikaragarri. Gure gizatasuna ahazten badugu, eta ahazten ari gara, ez gabiltza ondo. Horregatik inportantea iruditzen zait idaztea. Beste lengoaia mota bat da”. Eta irakurtzea ere funtsezkotzat jotzen du Mariskalek: “irakurtzean pertsonak agente aktibo bat izan behar du derrigorrez”.

Alpertasun horren barruan, literatura mota bat gailendu dela dio Mariskalek. Beste literatur mota bat bada, ordea. “Hausnarketa bat eskatzen duena, baina hori ez doa egungo bizimoduarekin bat”.


“Parketatzean datza sormen-lanaren magia”

Idaztea adierazpide bat da. Baina sormen-lanaz ari garenez, partekatzea funtsezkoa da Martxel Mariskalentzat. Beti Mugan taldean jotzen zuenean edo Lisabörentzat letrak idazten aritu izan denean, “sormena beti planteatu dut partekatze bat bezala. Partekatze horretan datza sormen lanaren magia. Eta magiarik badu bere barrenean, sortuko da. 1, 2, 3 edo 4 irakurlek liburua bere egiten dutenean”.

Arreta behar da horretarako. Eta denbora. Eta gogoa. “Baina plazerrarekin ere hartu behar da liburua. Nik idatzi dudan bezala. Plazerrarik ez bada sormen lanean, alperrik ari gara”.


Hitza esentziarik gabe gelditzen ari da

Martxel Mariskalen gogoetak haratago doaz. Bizi garen moduan hitz egiten dugula dio. Eta entzun, gero eta gutxiago entzuten dugula. “Hitza esentziarik gabe gelditzen ari da. Eta indarra galtzen ari da, ikaragarri”. Dena den, hitzak balio teraupetikoa duela uste du, “oso garrantzitsua iruditzen zait baina ez bakarrik egoera traumatikoak bizi dituenarentzat, edonorentzat baizik”.

Hitzaren erabilpen funtzionalaz haratago joan beharko genukeela uste du Hondarribiko idazleak: “hori da poesia, hori da edertasuna, hori da gizaki egiten gaituena. Eta hitzik gabe ez gara gizakiak. Berreskuratu dezagun hitza, eta erabili dezagun identitate batekin, erabili dezagun kontzienteki”.


Bidaiatzeko ere badira poema hauek

Lau pareten artean idatzita dago Azken zakatzak (Susa) liburua. Oinazeak baldintzatuta bizi den idazlea baita Martxel Mariskal. Hala ere, bidaiatzeko aukera eskaintzen du bere poesiak. Indar hori du literaturak. Montreal, Boston, Ternua, Pasai Donibane… Hainbat tokitan ibilitakoa da poeta, eta toki horien oihartzunak, usainak eta irudiak islatu ditu bere lehen poema liburuan.

MartxelMariskalAzkenZakatzak

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

0 Responses to Arpoilariaren gogoetak

  1. Joseba Mikel Ugalde Joseba Mikel Ugalde says:

    Bi hitzetan
    erabat ados
    liburua eskuetan
    bi egun
    momentuaren zain
    elkartuko gara
    besarkada kresaltsuak