Pekinen bizitakoen eguneroko poetikoa argitaratu du Beatriz Chivitek

Pekineko kea izeneko poema-liburua kaleratu du Beatriz Chivite Ezkietak (Iruñea, 1991), Pamiela argitaletxearen eskutik. Orain dela sei urte hiri horretan bizi izan zen Chivite, eta han ikusi eta bizitakoen berri eman du poemetan. (Irudia: Katakrak).

bea_chivite

Pekineko kea izeneko poema-liburua aurkeztu du Beatriz Chivite Ezkieta iruindarrak, Pamiela etxearen eskutik. Argitara eman duen bigarren poema-liburua da hauxe, baina idatzi zuen lehenengoa. Halaxe azaldu du Jose Angel Irigarai editoreak behintzat. Aurrez, 2015ean, Metro liburua kaleratu zuen Chivitek Arabako Foru Aldundiaren eskutik, izan ere, Ernestina Champourcin lehiaketa irabazi zuen lan hari esker. Londresen bizi eta ikusitakoak bildu zituen bertan. Iaz, Bilboko Udalak antolatzen duen Blas de Otero saria irabazi zuen, Biennale poemarioari esker. Epe zehatzik ez daukan arren, aurten argitaratzekoa da lan hori.

Ekialdeaz, ekialdeko kutsuz

Pekineko kea liburuan biltzen diren poemak 2011. urtearen bueltan hasi zen Chivite idazten. Hain zuzen ere, garaitsu hartan joan zen Pekinera ikastera, eta hangoak kontatzen hasi. Irigarai: “Egia esan, duela bizpahiru urte gutxienez iritsi zen liburua Pamielara, eta segituan atzeman genion oso lan berezia zela, oso lan pollita, interesgarria eta freskoa zela, eta publikatu behar genuela”. Hainbat arrazoi tarteko berandutu egin da argitalpena, baina ez dute sekula etsi.

Chiviterena oso poesia gardena dela azpimarratu du Irigaraik, eta Ekialdeko tradizio poetikoarekin lotu du gainera: “kanpokoa beti deskribatzen da inpresioen bitartez, pintzelada batzuekin, kronika poetiko moduko bat egiten du; baina gero bada, beti, haikuetan bezala edo ekialdeko hainbat poesietan bezala, ustekabeko zentzua eta argi poetikoa ematen dio zerbait: irudi bat, metafora bat”. Chiviteren estiloa ez da batere barrokoa, elipsi asko erabiltzen du “baina badu puntu surrealista bat ere, batzuetan bukaeran ustekabeko irudi horiek erabiltzen dituenean, zentzua edo argia ekartzen diotenak poemari, badu surrealista den halako puntu berezi bat”. Bestalde, Irigaraik nabarmendu du ez dagoela poserik Chiviteren poemetan, oso natural ateratzen zaiola kutsu hori.

Pintzeladaka, eguneroko poetiko bat

Hainbat arrazoiren ondorioz hasi zen Chivite liburua idazten. Batetik, ohitura zuen, bidaiatzen zuenean, egunerokoak idazteko, eta Pekineko kea osatzen duten poemak ere horretarako idatzi zituen, “Pekineko egunak eta han sentitzen nuena adierazteko”. Pintzeladaka idatzi zuen, gainera: “modu esporadiko eta azkarrean idazten nituen, ez nintzen mahaian esertzen idaztera, baizik eta kalean sentitzen nuena hartzen nuen eta gero etortzen zenean botatzen nuen”. Filologia txinatarra eta hango arteari buruzko ikasketak egin ditu Chivitek, eta horrek ere badu loturarik bere poetikarekin: “ekialdeko artea asko gustatzen zitzaidan, eta pintzeladek eta minimalismoak asko erakartzen ninduten”. Margoaz ari garela, gainera, aipatzekoa da autoreak berak eginak direla liburuko apaindura guztiak, hala marrazkiak nola argazkiak.

Hiriaren eta pertsonaren aldaketak, batera

“Naturaren eta inguruaren aldaketak islatzea, modu sinple eta zuzenean harrapatzea gertatzen den hori”: horrela laburbildu zuen Chivitek haikuaren funtsa, eta hain zuzen ere, horri tiraka, Pekin hiriaren aldaketak eta bere aldaketa pertsonalak biak batera islatzen dira poemotan. Idazteko beste arrazoietako bat hauxe izan baitzen, egilearen arabera: “beti sentitu naiz beste idazle batzuen musa, agian nire izena Beatriz delako edo nire gurasoak idazleak direlako biak; kontua da nire lehenengo mutil-lagunak olerkiak idazten zizkidala, eta pasiboegi sentitzen nintzen. Liburu honekin, Pekinen nengoela, bat-batean sentitu nuen Danteren Beatriz izatetik Beatrizen Dante izatera pasatu nintzela, eta nire gorputzaren eta ahotsaren agentzia aurkitu nituen olerkietan”. Aldi berean, Chivite Pekinen zegoen bitartean, oso une berezia bizi zuen hiriak: “azken hamarkada honetan, Pekinek utzi dio oso hiri itxia izateari, eta bihurtu da hiri guztiz kapitalista bat. Gure gurasoen belaunaldiaren eta gure belaunaldiaren arteko aldea edo talka handia da, eta oso garbi ikusten da Pekinen”.

Aurkezpenean, bi poema irakurri zituen Chivitek, goian azaldutako guztiaren erakusgarri, eta amu:

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.