Iheserako gogo bat

Juan Luis Zabalak Ospa (Susa) narrazio liburua plazaratu du

Ipuin berri hauekin bere narraziogintza helduarora iritsi dela uste du Juan Luis Zabalak. “Ipuingintza modernoaren ezagutza osoago batetik abiatuta egin dut liburu hau”. Liburuaren aurkezpenean egin zituen adierazpenekin osatu dugu ondoko bideo-kronika. “Ipuin gehienetan bada ihesi egin nahi duen norbait, edo iheserako gogo bat”. Hortik liburuak hartu duen izenburua: Ospa (Susa).

JuanLuisZabala01

Ospa (Susa) liburuan ez dago narrazio guztiak batzen dituen gai bakarra. “Liburu jakin baterako pentsatu gabe idatziak izan dira. Ipuinak guztiz autonomoak eta independenteak dira eta nire bizitzaren aro ezberdinetan eginak daude”.


“Iheserako gogo bat”

Estiloan eta kezketan, ordea, bada batasun moduko bat. Liburuaren izenburua bera ere, ipuin askoren adierazgarri izan daitekeela dio Juan Luis Zabalak. “Ipuin gehienetan bada ihesi egin nahi duen norbait, edo iheserako gogo bat”.


Sorkuntzari buruzko kezkak 

Tematikari dagokionez, “kultura munduko pertsona ezagun asko agertzen dira ipuin hauetan, baina seguraski Txistu eta biok (Algaida) nobelan baino gutxiago. Hemen neurtuago da kulturaren agerpena”. Dena den, sorkuntzari buruzko kezka behin baino gehiagotan azaleratzen da.


Idazlea eta bere pertsonaiak

Bibliografia majo baten egile da Juan Luis Zabala. Bere lana definitzerakoan, nobelen zein narrazio liburuen izaerari buruzko gogoeta hauxe egin zuen: “Nobelak nire bizitzako egoera ezberdinen isla dira. Ipuinetan aldiz, ez nago hain lotuta nire bizitzari. Eta distantzia gehiago dago pertsonaien eta nire artean. Baina ezin dut saihestu pertsonaiak nire oso antzekoak izatea”. Ospa liburuko ipuinetan, hain zuzen, egilearen oroitzapen autobiografikoak ageri dira. “Eta pertsonaiak nik nahi baino antzekoagoak ditut. Saiatzen naiz distantzia gehiago jartzen baina zaila egiten zait”.


Idazlea eta bere gustuko idazleak

Cortazar, Chejov edota Borgesen eragina ez ezik, euskal ipuingintza modernoko idazle batzuen eragina izan duela onartzen du: “Eider Rodriguez, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Koldo Izagirre, Karlos Linazasoro, Patxi Iturregi, Javi Cillero, Iban Zaldua… Ipuingintza horren eragina badago honetan. Baita beste hizkuntza batean idazten duten beste batzuena ere, Pedro Ugarterena adibidez”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.