Bidaiei begira, hitzez eta ahotsez

Aurten ere antolatu dute Durangoko eta inguruko hainbat literatur zalek Hitzez eta Ahotsez egitasmoa. Aurreko urteetan, Joseba Sarrionandiari, Itsasoari eta Durangaldeko idazleei erreparatu zieten, eta, laugarren edizio honetan, berriz, “Bidaia” izango dute hizpide. Maiatzaren 5ean egingo dute irakurraldi publikoa, Plateruena Kafe Antzokian.

Hitzez eta ahotsez 2017(2)

2014an antolatu zuten lehen aldiz Hitzez eta Ahotsez egitasmoa Durangoko hainbat literatur zalek. Antolatzaileek esan zigutenez, “olgetan benetan sortu zen. Zortzi literatur zale batu ginen eta  “Sarri, hitzez eta ahotsez” izeneko egitasmoa jarri genuen martxan  2014an. Gure helburu nagusia gure ingurukoak euskal literaturara hurbiltzea izan zen, zelanbait esatearren, euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea. Arrakastatsua suertatu zen partaideen kopuru aldetik, bai solasaldietan, bai jendaurreko irakurraldi nagusian. Emaitza ikusita bigarren edizioa antolatzen animatu ginen eta, konturatu barik, hirugarrenean murgilduta gaude”. Iaz esan ziguten hori, eta bistan denez, egitasmoak jendea bildu zuen hirugarren hartan ere, eta laugarrenarekin datoz orain.

Nola funtzionatzen duen egitasmoak? Bada, gai bat hartu, eta horren bueltan antolatzen dituzte hainbat ekitaldi. Aurten, bidaiaren bueltan ibiliko dira. Edonola ere,  “zentzu zabalean” hartu behar da gai hori, izan ere, prestatu dituzten hitzorduetan, “Anbotora, Kubara zein SPra” egindako bidaiez gainera, norbere barruko bidaiek ere izango baitute tokirik.

Irakurraldi publikoa da guztiaren muina, baina, iazko edizioaz geroztik, tertulia dialogikoak ere antolatu dituzte: “8-10 laguneko taldeetan elkartzen gara irakurritakoa komentatzeko. Taldeetan aniztasuna egon dadin saiatzen gara, bai sexu, adin, zein pentsamolde aldetik, modu honetan, geure iritzia plazaratuz eta besteen ideiak entzunez guztiok aberasten gara. Solasaldietan parte hartzeko ez da idazle edota testuen inguruko ezagutza berezirik behar. Gutako bakoitzak  testua irakurtzean zerk deitu dion arreta azaltzen du, berbak, esaldi jakin bat, pasarteren bat, protagonistaren izaerak, lekuen deskribapenak… eta hari horretatik tiraka gai askoren inguruan jarduten dugu, unibertsalak asko eta asko”. Martxoaren 9an egin zuten edizio honetako tertulia dialogikoa.

Bestalde, hitzaldirik ere izan da. Pasa den otsailaren 10ean, Miren Agur Meabek “Identitate poetiko bat norabide” izeneko berbaldia eskaini zuen Durangoko Arte eta Historiaren Museoan. Hitzaldi horretan, bere bilakaera poetikoaren zirriborro bat egin zuen.

Datorren astean egingo dute, azkenik, irakurraldi publikoa, maiatzaren 5ean. Sei orduz arituko dira bidaiaren gaiaren inguruko testuak irakurtzen hainbat lagun, Plateruena Kafe Antzokian. Irakurtzeko testuak izan daitezke norberak idatziak, beste norbaitek idatzi baina norberak aukeratuak, edo antolatzaileek emanak. Parte hartzeko, emailez (hitzezetaahotsez@gmail.com) edo telefonoz (699872395) jar zaitezkete harremanetan antolatzaileekin. Iaz, 246 irakurle bildu ziren, eta antolatzaileek espero dute aurten are jende gehiago batzea.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.