Munduko emakumeen literatura aztergai

Munduko emakumeen literaturari buruzko ikastaroa antolatu du Darabilbok, bihar hasi eta maiatzaren 17ra arte. Asteazkenetan izango dira saioak, 19etatik 21era, eta Josune Muñoz Skolastikako kidea arituko da irakasle-lanetan.

litmundu-01

Talde jarduerak, dohainik eta euskaraz antolatzen ditu Bilboko Darabilbo elkarteak. Oraingo honetan, Skolastika literatur eskolako irakasle den Josune Muñozek eskainiko du munduko emakumeen literaturari buruzko ikastaro bat. Horren harira, zenbait galdera egin dizkiogu Muñozi.

Ikastaroa egiteko ideia nondik sortu zen?

Darabilbo elkartearekin lan egiten dugun bigarren ikasturtea da hau. Aurrekoan egin genuen josteko ikastaro berezi bat, eta bigarren honetan jada eduki literarioekin hasi nahi izan dugu. Guk lehenago ere eman dugun ikastaro hau, eta bereziki egokitu dugu lau saiotako ikastaro batean sar dadin.

Zer alde dago normalean egiten dituzun ikastaroen eta ikastaro honen artean?

Darabilbon proposatzen dugun ikastaro hau lehenengo kontaktu bat litzateke, nolabait ere. Egingo duguna izango da panoramika bat, jakiteko euskaraz badagoela zer irakurria, eta beste ikastaroetan baino teoria gehiago emango dugu. Panoramika teoriko horretan bibliografia ere aipatuko dugu, geroago parte-hartzaileek aukera izan dezaten haien kabuz irakurtzeko liburuak. Jakina, liburuen ezaugarriak azpimarratuko ditugu, eta bakoitzaren nortasuna komentatuko, baina ez daukagu denborarik testuetan kokatzeko eta aztertzen hasteko.

Norbaiti panoramika hori interesatuz gero, egongo da aukerarik horretan sakontzeko beste ikastaroren batean?

Bai, suposatzen da udan lasaiago irakurtzeko aukera emango duela honek, eta sakondu nahi izanez gero, hurrengo ikasturteari begira, saio gehiagotan luzatuko litzatekeen beste ikastaro bat jarriko dela martxan.

Zer autore aipatuko duzue ikastaroan?

Kontinente bakoitzean idazle bati erreparatuko diogu batez ere, euskarar itzulita dagoenaren arabera, betiere kontuan harturik nahiko gutxi dela. Afrikaren kasuan, nola ez, Mariama Bâren Hain gutun luzea erabiliko dugu ardatz. Gure ohiko metodologia erabiliko dugu, beraz, ahozko literatura ere komentatuko dugu, idatziaz gainera. Normalean, ahozko literatura gehiago lantzen da Afrikan, baina guk, kasu honetan, Xerezaderen bitartez, Ekialde Hurbilean kokatuko dugu. Ikastaroa nahiko panoramikoa den legez, Xerezaderekin hasiko gara, eta blogariekin bukatuko.

josune

Orotara, lau saio egingo dituzte: asteazkenetan, iluntzeko zazpietatik bederatzietara, Skolastikaren egoitzan (Berastegi kalea, 1). Hona hemen datak eta gaiak:

Apirilak 26: Munduko emakumeen literatura; panoramika.

Maiatzak 3: Ekialde hurbileko literatura.

Maiatzak 10: Asiako emakumeen literatura.

Maiatzak 17: Afrikako emakumeen literatura.

Izena eman nahi baduzue, segi hona.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.