Yolanda Arrietari elkarrizketa

Aho bete amets (Denonartean) saiakera hartu dugu hizpide

“25 urte dira lehen liburua atera nuenetik, eta orduantxe hasi nintzen hitzaldi-tailerrak eskaintzen”. Yolanda Arrietak urteotan pilatu duen esperientzia Aho bete amets (Denonartean) saiakeran laburbildu du. Hain juxtu, liburu honetan oinarritzen den ikastaroa eskainiko du uztailaren hasieran Donostian. Izen-ematea zabalik da oraindik.

Yolanda_Arrieta1

Yolanda_Arrieta2

Yolanda_Arrieta3

Yolanda_Arrieta4

Urte asko dira ipuinaren bueltan egin dituzunak.

25 urte dira lehen liburua atera nuenetik, eta orduantxe hasi nintzen hitzaldi-tailerrak eskaintzen. Haurrekin, gazteekin, gurasoekin zein hezitzaileekin. Hitzalditik baino gehiago dute tailerretik, hartuemana dagoelako.

Bakarreko sorkuntza dago eta taldeko sorkuntza dago, baina taldeko sorkuntza horren barruan beste bi adar bereiztuko nituzke: idatzizkoa eta ahozkoa. Nik, zorionez, ahozkoa etxean jaso nuen. Naturalki. Etxean kantatu egin dugu asko, herrian ere bai. Eta nik hori guztia barru-barruan daukat. Idazten dudanean ere, irakurri egiten dut beti. Niretzat ahozkoa eta idatzizkoa iturri bereko bi ur dira. Idatziz jarritakoak nahiz ahoz esandakoak.

 

Saiakera honetan, ahozkoari erreparatu diozu bereziki.

Urte hauetan ikusi dut ahozkoa jaisten joan dela apurka-apurka. Batez ere ume txikiekin. Eta ume txikiekin egiten ez dena, ondoren gero eta gutxiago egingo da gazteekin. Azken hamar urteotan hala ere, psikomotrizitateak indar handia hartu du: ume txikien kasuan bereziki, eta hori zoragarria iruditzen zait; gorputzari garrantzia ematen zaiolako. Hor indar asko jarri da.

 

Ahotsa alboratuta geratu da ordea. Antzeko iradokizunik egiten duzu liburuan.

Hori da. Literaturak badauka bere garrantzia. Askorentzat, umeei irakurtzea inportantea da. Baina liburua eskuan harturik eta, maiz, logika honi jarraituz: “irakurriko dizut irakurri egin behar delako”. Batzuk gustuz egingo dute noski, baina beste batzuk ez. Eta nire ustez, paperaren aurreko beste esperientzia hori, organikoa dena, gorputzarekin zerikusia duena, oso garrantzitsua da. Ahotsa gorputza da; hitza gorputzera eramanda. Azala, begiak, begirada, zu, ni eta esaten duguna. Uste dut hortxe hasten dela letrekiko gustua. Hor sumatu dut, hain juxtu, jaitsiera moduko bat azken urteotan.

Beste alderdi bat ere nabarmendu nahiko nuke. Tradizioarekin lotuta dagoena. Tradizioari astindu ederra ematen ari gara, generoaren ikuspegitik batez ere. Eta ipuin tradizionaletan esaten diren hainbat gauzei ere bai. Gure tradizioko euskal sehaska kantetan badira letra batzuk oso bortitzak izan daitezkeenak. Horiek gure barruaren ondoezaren isla direla defendatzen duenik bada. Baina egia da irudi bortitz horiek, desatsegin samarrak izan zitezkeenak, maiz ez zaizkigula baliogarriak izan. Eta horrek ahozkoa alde batera uztea ekarri du. Hori sumatzen nuen aspalditik, baina azken bospasei urteotan nire iloben umeekin jabetu naiz horretaz. Baita gurasoekin egin ditudan tailerretan ere. Nola transmititu kantu horiek. Ba kezka horrekin hasi ginen jolasean, eta letrak egokitzen joan gara.

 

Aho bete amets (Denonartean) saiakerak badu biografiatik. Beste ezaugarri batzuk ere baditu. Eskaintzen dituzun tailerretako apunteen erakusgarri dela esan daiteke, ezta?

Jendearekin zabiltzanean argudiatu ere egin behar duzu, ezin zara soilik zure susmoetan oinarritu. Nik egiten ditudan gauza guztiak nire ni-tik pasatzen dira. Hori oso argi daukat. Norberaren ni horretatik abiatzen da sorkuntza. Horrek funtsa eta indarra ematen dio egiten duzun horri. Nik ideia hori ez dut baztertzen, indartu baizik. Baina egia da ezin naizela neugan geratu. Ni-a izan behar du baina besteekin partekatzeko eta besteei agertzeko “nik horrela ikusten dut. Eta hau ona da honengatik eta honengatik”. Liburuan tarte bat eskaini diot harridurari, beste tarte bat isiltasunari, beste tarte bat elkarrekintzari, beste tarte bat hitzari ahots bihurtzeko.

Dena den, ahozkoa bezain garrantzitsua iruditzen zait ahozkoaren atzean dagoen guztia. Giro bat sortzea, adibidez. Irakurtzeko ere, ikasi beharko dugu lasai egoten. Ikasi egin beharko dugu isilik egoten.

 

Urteotan tailer ezberdinetan pilatu duzun esperientzia lan honetan laburbildu duzula ondorioztatu dugu.

Bai. Dena den, liburuaren kontrazalean irakurri daitekeen bezala, hau ez da panazea. Liburu honek ez du ezer konpontzen. Baina egiten dudan guztia izan dadila hutsunea topatzen dudalako. Nire lanarekin ez dut hutsune osoa beteko baina nik behintzat nire tantatxoa horren alde ipini nahi dut.

 

Azpizenburu hau du liburuak: Ahozko haur poesiaren alde. Hor nonbait irakurri dudan esaldia datorkit burura, jakinduriaren poetizazioa dela, hain juxtu, saiakera.

Une honetan, poesia ere esplikatu egin behar duzu. Lehen “pum, egin eta fuera”. Horrelakoa nintzen. “Harrapatzen duenak harrapatzen duela”. Baina orain ikasten ari naiz, “pum egingo dut baina pistak ere emango ditut, horra (esanahira) heltzeko”. Dena pultsioa eta emozioa zela uste nuen lehen, baina ez da hori bakarrik. Egiten duzun hori ere azaldu egin behar duzu.

Poesiaz ari garenez, guraso batzuk aurreritzi asko dituzte. Baina atzean zer dagoen esplikatuz gero, eta ahotsaren garrantzia nabarmentzen badiezu, beste modu batean helduko diote gero poesiari.


Kulun-kuttunak, bihotzarekin egindako albuma

KulunKuttunak

Iaz, Kulun kuttunak (Denonartean) album ilustratua ondu zenuen Aitziber Alonsorekin batera. Album hau saiakeraren irudikapenetzat har daiteke, ezta?

Bai, adibide gisa har daiteke. Esan daiteke Aho bete amets (Denonartean, 2016) saiakera buruarekin egin dudala eta Kulun kuttunak (Denonartean, 2016) album ilustratua bihotzarekin, emozioarekin, estetikarekin eta artearekin.

Orain antzeko zerbait egin nahi dut Aitziber Alonsorekin. Mari-xor edo euskal zenizientaren ipuinarekin, zehatzago esanda. Bi euskarritan egiteko asmoa dugu. Formula horrek jokoa ematen duelako tailerrak egiteko. Liburua bere horretan irakurtzea ondo dago, baina arteak ere sozialki eragiteko aukera eskaintzen du. Gauzak egiteko, hitz egiteko, elkartzeko…

Literaturak ez du burtsan jokatzen baina literaturan imaginazioa dago, emozioa dago, pertzepzioa dago. Eta horiek ere behar beharrezkoak dira munduan aurrera egiteko. Oso mundu utilitarioa ari gara sortzen. Eta etorkizuna teknologiaren bidetik joango da, baina teknologiak ere behar du gizatasunaren alderdi hori.

 

Antzeko hausnarketak ere badira zure saiakeran. Garai berrietan gailu berriak ditugun arren, sorrerara itzultzea defendatzen duzu. Ahotsa berreskuratzea.

Garrantzitsua da. Bakarkako irakurketa oso inportantea da baina ozenki irakurtzea ­–eta ozenki kontatzea ere– inportantea iruditzen zait. Umeekin gaudenean eta baita helduon artean gaudenean ere bai. Irakurri bakarrik ez, giroa sortu behar dugu umeak irakurketari plazera har diezaion. Ozenki irakurtzea edota antzeztea, hori asko gustatzen zaie. Alegia, irakurketa gorputzera ekartzea. Umeei poesia gustatu egiten zaie eta a cappella egiten baduzu, esku batekin edo begiradarekin, oso atsegina egiten zaie. Horrek ez du esan nahi ordubete egon behar duzunik horretan. Poesia eta ahozkoa pintxoa dira. Ez da menua. Baina pintxo goxo batek babarrunak hobetu egiten ditu.

Liburua, bere horretan, abstraktua da. Baina liburua bizipen egiten duzunean, gorputzera ekartzen duzunean, beste zentzu bat hartzen du eta horrek umeari bidea ematen dio hurrengo liburu bati heltzeko.

 

Ahotsa berreskuratzea aldarrikatzen duzu, eta kantuen bidez egitea proposatzen duzu.

Kantua hizkuntzaren musika da. Formazio garaian, eta euskalgintzaren alorrean ere bai, alderdi komunikatiboaren izenean beste trataera bat ematen zaio hizkuntzari. Baina hizkuntzaren musikaltasuna ere landu beharra dago. Zeren eta oso ezberdina baita gauza bat era batera edo bestera esatea.

Ahotsa berreskuratzean gainera, berriro garrantzia ematen zaio pertsonari. Geurea da ahotsa, berezkoa. Ahotsak memoria eta emozioa jartzen du martxan. Eta memoriak, irudimena. Ixiar Rozasek ere aipatzen du ahotsarena Beltzuria (Pamiela) liburuan. Ahotsaren atzean mundu oso bat dago.

 

Ametsa bada zure liburuan nabarmentzen duzun beste faktore importante bat.

Ametsa, zentzu osoenean. Zeren amets egitea ere bada zure burua oraindik ez dagoen leku horretan kokatzea. Imaginatzea. Eta horri garrantzia handia ematen diot nik. Ahalmen hori entrenatu egin behar da. Dagoenaz gain, egon daitekeenaz hausnarrean egoteko etenik gabe. Hori behar dugu aurrera egiteko. Gustuko lanean zaudenean, adibidez, hobetzen jarraitzeko. Eta gustuko ez duzun egoera batean zaudenean, “hau ez da betiko eta oraindik ere beste zerbait egin dezaket” ondorioztatzeko. Hain da beharrezkoa amets egitea. Horrelako gauzak jartzen ahalegindu naiz.

 

Ezin iritsi dabiltza gaur egungo gurasoak. Beste garai batekoekin alderatuz, diferentzia handia nabaritu al duzu?

Jakinmin handia dago baina ardura handiegia ere bai. Eta zalantza asko. Informazio ugari dute eskura, baina galbaherik ez. Gaur egungo gurasoak, ia denak karreradunak dira edo unibertsitatetik pasatakoak. Informazio asko dute, irakurtzen dute, baina denak gara Internet kumeak eta hori itsaso handi bat da.

 

Sarean bilatzen hasi eta ez da erraza asmatzea.

Itota ikusten ditut, zeri heldu jakin gabe. Sentsibilizazio handia dago, informazio ugari baina galbahea falta, eta neke asko. Oso nekatuta ikusten ditut: maileguak, etxea, lana, umeak, harremanak… Dena pilatzen zaie. Ezin heldu dabiltza. Baina batzuk hasi dira gauza askori uko egiten. Horrelakoak ere badira eta horiek dira interesanteak. Beste zerbait egin nahi dute orain eta horrelako gauza txikiak egiten hasten dira. Tabakaleran egon gara duela gutxi, Ubiken. Lau larunbat egin ditugu bertan. Itsaso Arrieta eta Aitziber Alonsorekin batera eskaini dut tailerra eta oso ondo joan da. Zizurkilgo ama batzuk etorri ziren eta euren herrian beste tailer bat egiteko deitu naute. 


Argiaren alaba liburu sarituaren haria ez da eten

ArgiarenAlabaYolandaArrieta

Argitalpenei dagokionez, zertan zabiltza orain?

Tailerrekin jarraitzen dut. HikHasikoekin batera eskainiko dut bat uztailean. Aho bete amets saioa egingo dugu batetik, eta album ilustratuak landuko ditugu bestetik. Nola erabili albumak ahozkoa lantzeko.

Argitalpenei dagokionez, ba Argiaren alaba (Euskadi Saria 2016) albumaren soka ez da bukatzen. Bizenta Txiki albuma egingo dugu datorren Azokarako. Bizenta Mogelen haurtzaroan oinarrituko da. Lehenengo irakurleei zuzendua egongo da eta erdaraz ere aterako dute. Denonartean argitaletxekoen ideia izan zen. Haur txikiek hori ezagutzeko aukera izango dute eta, handiak egiten direnean, Argiaren alaba izango dute eskura. Testua egokitu egin dut eta orain Ainara Azpiazu Axpi ari da marrazketa lanetan.

Aitziber Alonsorekin beste album ilustratu bat egin nahi dut. Joxe Arratibel zenak Mari-xor euskal zenizientaren inguruan jasotako ipuin herrikoian oinarrituko da. Ipuinari buelta handi bat eman nahi diogu. Hau ere Denonartean argitaletxearekin aterako dugu baina datorren urtean. Lan hau ondo egin behar dugu. Horrekin batera liburuxka bat ere aterako dugu, nerabeekin lantzeko material gisa.


Aho bete amets ikastaroa eskainiko du uztailean Donostian

Zer: Aho bete amets: haur literaturaren ahozko baliabideak (0-6 urte).

Nork: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria. Idazlea eta literatura dinamizatzailea.

Norentzat: 0-6 urteko haurren guraso, irakasle, irakasle-gai, hezitzaile, zaintzaile eta bitartekarientzat. Haur Literatura gustuko duen edonorentzat.

Noiz: Uztailak 3, 4, 5. Ordutegia: 9:00-14:00.

Non: Donostiako EHU-n.

Antolatzailea: Hik Hasi.

Matrikulazioari buruzko xehetasunak esteka honetan: Hik Hasi Udako Topaketak 2017.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.