Demagun Europako hizkuntza ttipi batean idazten duzula

Donostia 2016-k Anjel Lertxundiri eskani zion “karta zuriaren” emaitzarekin, Demagun ehun urte barru liburua plazaratu berri dute. Orioko idazleak honetarako baliatu zuen mandatua: “hizkuntza hegemoniko batetik ari diren idazleek alderantzizko bidea egin dezatela”. Itzultzaile eta idazle batzuen hausnarketak dira liburuan jaso direnak.

Demagun

Donostia 2016-k karta zuria eman zion Anjel Lertxundi idazleari: “gutun zuri hori nahi bezala bete ezazu”. Demagun gonbidapen bat jasotzen duzula / Demagun bestearen larruan jartzeko eskaera bat dela gonbidapen hori / Demagun Hemingway bertsolari-plazetara ere joaten zela / Demagun Marcel Proust Errexilen uda pasatzen Paulino Uzkudunekin / Demagun zergatik ez duzun zuk ere gure gonbidapena onartuko / Demagun Europako hizkuntza nagusi batean idazten duzula / Demagun Europako hizkuntza ttipi batean idatziko bazenu zer sentitu eta zer idatziko zenukeen jakin nahi dugula gonbidapen horren bidez. Hitzok Anjel Lertxundirenak dira eta Demagun ehun urte barru egitasmoaren nondik norakoa ezin hobeto azaltzen dute. 

Donostia 2016-ren proposamenari, hortaz, baiezkoa eman eta hizkuntza gutxituetan idazteak dakarrenari buruzko gogoeta egitea otu zitzaion. Gai honen bueltan, bi solasaldi gidatu zituen iazko abenduan. Lehen saioan, Javier Cercas idazlea, Marie Darrieussecq idazlea eta Adan Kovacsics itzultzailea izan ziren protagonistak.

Bigarren saioan, itzultzailearen lanean erreparatu zuten. “Demagun itzultzailea dela mamua / Ghost in Translation” izeneko mahainguruan, Karlos Cid eta Miguel Saenz itzultzaileak eta Raul Zelik idazlea aritu ziren solasean.

Orain, bi saio hauetako pasarte esanguratsuenak batu dituzte Demagun ehun urte barru izeneko liburuan. Xabier Olarrak egin ditu editore lanak.


Solasaldia Tabakaleran

Aipaturiko hitzaldiak iazko abenduan egin ziren baina liburua aurreko astean aurkeztu zuten hedabideen aurrean, maiatzaren 11n hain zuzen. Biharamunean, jendaurreko solasaldi bat egin zen Donostiako Tabakaleran. Xabi Payak egin zituen aurkezle lanak eta Goizalde Landabasok gidatu zuen mahaingurua. Koro Navarro, Xabier Olarra, Anjel Lertxundi eta Harkaitz Cano aritu ziren hizlari lanetan. Donostia 2016-k, Euskal Idazleen Elkarteak eta EIZIE-k antolatu zuten solasaldia. Tabakalerakoak eman zuena bideo honetan jasoa dago, bere osotasunean.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.