Kristo irakiarrarenak, euskarara

Hassan Blasim (Bagdad, 1973) idazle irakiarraren ipuin-liburu saritua itzuli du Ana I. Moralesek, eta Pasazaite etxearen eskutik argitaratu. 13 ipuinek osatzen dute Kristo irakiarra, eta 2013an argitaratu zen estreinakoz. (Irudia: Katja Bohm).

hassan blasim

Itzulitako fikzio garaikidea saritzeko asmoarekin sortu zuen Independent egunkari britainiarrak IFFP (Independent Foreign Fiction Prize) saria 1990ean, eta 2014an saritu zuten estreinako aldiz idazle arabiar bat: Hassan Blasim, Kriston irakiarra ipuin-bildumari esker. Aurrez, The Madman of Freedom Square [Askatasun plazako gizon eroa] ipuin-bildumarekin ere, sari horretarako hautagai izana zen Blasim. Edonola ere, euskarara ekarri ditu orain Ana I. Moralesek Blasimen bilduma ezaguna osatzen duten 13 kontakizunak, Jonathan Wrighten ingelesezko bertsioa oinarri. “Lirismo profanoa” eta “erromantizismo makabroa” azpimarratu dizkiote, besteak beste, Blasimen lanari.

Hemen irakur dezakezue bildumako lehen ipuina.

Autorea

Hassan Blasim (Bagdad, 1973) idazleak zinema-ikasketak egin zituen Bagdad jaioterrian, eta filmak zuzendu ere zuzendu ditu, bost hain zuzen ere. Azken urteotan, ordea, ipuinak idatzi ditu batez ere. Sadam Huseinen erregimenarekin arazoak tarteko, Iraketik ihes egin zuen, eta Finlandian bizi da 2004az geroztik. 2008an argitaratu zuen lehendabiziko ipuin-liburua, eta harrezkero halako hiru liburu eta antologia bat kaleratu ditu.

Itzultzailea

Ana I. Morales (Bilbo, 1969) itzultzailea ezagun dugu atari honetan. Hainbat autore sonatu ekarri ditu ingelesetik euskarara, hala nola Jane Austen (Harrotasuna eta aurrejuzguak, Watsondarrak) eta Charlotte Perkins-Gilman (Hormako paper horia; hemen irakur dezakezue lan horri buruz egin genion elkarrizketa). Horrez gainera, Xerezaderen artxiboa izeneko literatur podcasta aireratzen du Bilbo Hiria irratian, Jasone Larrinaga kidearekin batera.

Liburua

Liburuaren egitura honelaxe laburbildu zuen Iratxe Retolaza literatur kritikariak: “Narrazio-adarrez eta ahots-sarez osaturiko kutxa da bilduma hau, narrazio bakoitzaren barruan istorioak adarkatu egiten direlako, labirinto-egituraren itxura hartzeraino. Nahiz eta esplizituki egin ez, Kristo irakiarra-n iradokitzen da izan badela narrazio guztiak biltzen dituen marko narratibo bat; hortaz, Mila gau eta bat gehiago bildumaren arkitektura dakar gogora. Lehen narrazioan, Ahuntzen kanta-n, Memoria Irratiaren istorioa kontatzen zaigu: diktadorea jausi, eta iraganaz aritzeko helburuarekin sortu zen irratia. Beren istorioak, beren ahotsean izeneko irratsaioa abian jarri zen, lehiaketarako deia eginez, nork istoriorik onena kontatu. Hurrengo hamabi narrazioek lehiaketa berezi hori ardatz dutela interpreta dezakegu; iraganeko istorioak gogora ekartzen dira, ahozko jarioa da nagusi…”

Mila gau eta bat gehiagoren erreferentzia Ibon Egaña literatur kritikariak ere aipatu du, literatur irakiarraz hitz egiterakoan klixea dela baina liburu zehatz honi helduta klixetik harago ere badoala azpimarratuz: ““Irakiar literatura” sintagma irakurrita, erraza da bi klixe etortzea irakurleari burura: Mila eta bat gauak eta gerra. Bi-biak aipatzen dira Blasimen literaturaz hitz egiten denean, eta Kristo irakiarra irakurrita, berehala ohartzen da bat ezaugarri biok, marketinaz eta klixeaz harantzago, Blasimen obraren nortasun-ikur behinenetakoak direla eta idazleak jakin izan duela biak bere literaturaren alde erabiltzen. Ordea, ipuin hauetan badira beste elementu batzuk, hain erraz literatura irakiarrarekin lotuko ez genituzkeenak, demagun Kafka, absurduaren literatura eta errealismo fantastikoa, eta guztien konbinaziotik sortu dena literatura aparta da, ipuin liburu bikaina”.

Bi kritikariek aipatu dute, ipuinen gaiei helduta, gerraren presentzia, eta biek nabarmendu autorearen trebezia izurritea lantzeko.

Egaña: “Blasimen ipuinetan lekukotasun historikoa bilatzen duen irakurleari hankamotz geratuko zaizkio kontakizunak, fikziora, irudimenera eta fantasiaren lurraldeetara lerratzen baitira kontagai diren gertaera lazgarriak. Arrazoiaren, errealitatearen eta gorputzaren mugak kolokan jartzen dira ipuin ugaritan: zulo batera erorita urteak daramatzaten gizon gizajaleak, beste baten gorputza inbaditzen duen hildakoa, edo etortzekoak diren izugarrikeriak bere gorputzean aurresaten dituen soldadua dira ipuinetako protagonistetako zenbait. Eta inpresioa du batek Blasimek dioskula gerraren errealitatea soilik egoera irreal eta absurdu horiek sortuz ezagutu eta jaso daitekeela, ez testigantza errealistaren bidez”.

Retolaza: “Indarkeria-giro horretan irudimena eta istorioak dira helduleku (Xerezaderen antzera, protagonistek istorioak dituzte bizirauteko amarru); oihartzun historiko horiek eragiten duten espantu, horrore eta izua gurutzatu egiten dira misterioarekin, zoriarekin, fantasiarekin, haluzinazioekin, groteskoarekin, jolasarekin, absurdoarekin… Mugako eremuetara garamatza une oro Hassam Blasimek, kausalitaterik gabeko mundu bat irudikatzeko: ametsaren eta errealitatearen artean, irudimenaren eta erlijioaren artean, heriotzaren eta bizitzaren artean… kokatzen ditu pertsonaiak. Mugako eremu horiek gizatasunaren mugez jarduteko bide dira, baina baita muga-talkak irudikatzeko bide ere”.

 

kristo-irakiarra

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.