Azken hatsen lapurra

Argazkia: Anastasia Kafritsa

Argazkia: Anastasia Kafritsa

—Winslow doktorea heldu da —berri eman zuen mirabeak logela ilunera sartzean.

—Etor dadila —agindu zion etxekoandreak, ohe ondotik mugitu gabe. Soilik medikua iristean urrundu zen ohean zetzan senarrarengandik, pultsua har ziezaion.

—Ez dago ezer egiterik —mumurikatu zuen Winslow doktoreak, eta gaixoari eskua aldaka ondoan kokatu ondoren, lurrean utzia zuen maleta hartu eta aterantz abiatu zen.

—Ziur? —hautsi zion etxekoandreak bidea— Baina ez ditu berorrek eskularruak kendu ere egin… eta, gainera, berori etorri aurretxoan, kandela jarri diot senarrari sudurraren parean… eta garra mugitu egiten zen! Zin degiot!

—Zeure hatsak mugi zezakeen, emakumea. Edo haize-korronteren batek: goiko haize zoroa dabil, hor kanpoan —eskularru finak nahasiriko ile bakanetan pasa zituen medikuak, bere hipotesiari indarra eman asmoz—. Tira, egingo diot azken proba bat; baina utz gaitzazue bakarrik, arren.

Emakumeek logelako atea irekitzean, gela doi-doi argiztatzen zuten argizarien garrek dantzan egin zuten aldi berean, hileta-martxa isil baten konpasen arabera. Atea ixteaz bat, medikuak ispilu bat atera zuen maletatik. Gaixoaren sudur parean jartzean, lurrundu egin zen. Ispilua albo batera utzi eta eriari burua altxatu ostean, burkoa kendu eta aurpegiaren kontra estutu zion. Jarraian, burkoa hasierako posizioan utzi, eta berriro gerturatu zuen ispilua ohean zetzan gorpuaren sudurraren parera.

—Ikus ezak heuk ere: hilda hago.

Hilotzari begiak itxi zizkion; maletan gorde zuen ispilua. Etxekoandre atsekabetuari doluminak eman, eta presaka agurtu zuen: larri zeuden beste bi gaixoren etxeak bisitatu behar zituen lanaldia bukatu aurretik. Haietan ere, ahaide nahigabetuei doluminak ematea tokatu zitzaion.

Etxeratzean, paperez beteriko idazmahaiaren aurrean eseri, eta eskularruak kendu zituen poliki, tintaz zikinduriko atzamarrak bistan utziz. Ondoren, maletatik ispilua atera zuen, guztiz gandutua, eta mahai gainean laga, eskuz idatziriko paper mordo baten ondoan. Belarria ispiluaren kontra jarrita eta tintaz belztutako behatzez lumari helduta, orri zuriak zirrimarratzeari ekin zion. Hala, azken hatsek bete gabe utziriko ametsak xuxurlatzen zizkioten Winslow doktoreari, hark, fantasiazko letrez eta fikziozko izenez mozorrotuta, orri zurietan isla zitzan, irakurleren batek nonbait, noizbait, amets haiek bizi zitzan.

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.