“Ez autobiografia, ez autofikzio, ez autolaguntza: nobela bat da hau”

Alaine Agirrek Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama nobela plazaratu berri du

Nobela berriaren aurkezpen ekitaldia astelehen honetarako iragarria zegoen. Azken orduan baina, bertan behera utzi zuten agerraldia eta Elkarrek Alaine Agirreren idatzi bat igorri zuen hedabideetara. Bi egun lehenago ordea, Bermeoko idazleak nobelako xehetasun batzuk aurreratu zituen Literaturian. Idatziarekin eta Zarauzko Garoa dendan egin zituen adierazpenekin osatu dugu ondoko bideo kronika.  

AlaineAgirreBItan

Alaine Agirreren idatziak mugan izaten dira. Zenbat ote dute autobiografikotik? Zenbat fikziotik? Kazetariari piztu ohi zaizkion galderak dira hauek. Egilea ordea, argi mintzo da: “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Elkar) nobela bat da. Ez autobiografia, ez autofikzio, ez autolaguntza: nobela bat da hau, eta nobelatzat irakurtzea nahi nuke”. Lan honi esker, Joseba Jaka Saria 2016 eskuratu zuen.


Gai unibertsal bati heldu dio

Zer kontatzen du nobela honek? “Gai unibertsal bat, unibertsalik bada: Ama”. Narratzaileak bere amarekin duen harremana da gai nagusia. Zeharka, amatasunari buruzko gogoeta batzuk ere tartekatzen dira eleberrian zehar. Protagonistak ere bi dira: Narratzailea, gehienetan A inizialaz izendatzen dena, eta Ama bera. Bien arteko harremana eta dialektika da nobelaren motorra.
Gai unibertsal bat, beraz, edozein irakurlek aise ulertu eta bere sentituko duena, edo senti dezakeena. “Baina gai unibertsal hori zirkunstantzia guztiz partikular batez jantzia dator, ikuspegi zehatz eta desberdin bat ematen diona kontakizunari: narratzaileak (alabak), gaixotasun mental bat dauka”, Alaine Agirrek gutun bidez zehaztu duenez.

Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein) duela aste gutxi plazaratu duen poema-liburuan ere, gaixotasun mentala da leit motiv nagusienetakoa. “Hura gogoan hartuta, liburu honek ere autobiografikotik zer ote duen galdetu dezake baten batek. Ba, segun nondik begiratzen zaion, asko edo gutxi”. Alaine Agirreren esanetan, “inportanteena ez da nire bizitzatik zer aprobetxatu dudan idazteko –idazle guztiok egiten dugun gauza, bestalde–, baizik eta nola erabili dudan material hori, zelan eraiki dudan nobela”.


Ziklo baten amaiera

Odol mamituak (Elkar) eta X hil da (Elkar) nobelen haritik dator Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Elkar). “Hau nire hirugarren nobela da; ez dakit trilogia bat osatzen duten, baina nik ziklo baten amaieratzat jotzen dut behintzat. Halaxe esaten dut amaiera aldera”, idazleak berak aditzera eman duenez.


“Nitaz idaztea da zutaz idazteko nire modua”

Arestian esan dugu. Alaine Agirreren liburuek zenbat ote dute autobiografikotik? Zenbat fikziotik? Begirada haratago luzatzea eskatu digu idazleak: “liburuan kontatzen diren gauzek nirekin zerikusirik ote duten, hori ez da inportantea, anekdota huts bat da. Ni desagertuko banintz ere, liburua anonimoki argitaratuko balitz ere, testuak bizirik iraungo luke, eta irakurlearen eskuetara iristen denean hartzen du benetan zentzua eta bizia, eta irakurle horrek ez dio erreparatuko idazlearen bizitzari, baizik eta bere buruari, eta liburuko gaiek eta istorioek berataz, irakurleaz, zer esaten duten, zer esaten dioten, horixe da benetan inportantea. Aurreko liburuan (X hil da) nire poetika definitzeko esan nuen bezala, nitaz idaztea da zutaz idazteko nire modua”.


Amarentzako maitasun gutun bat

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Elkar) nobelan amaz mintzo da, eta aitaz, eta familiaz, eta bere bizitzan garrantzitsuak izan diren pertsonez. Dena den, “liburua moduren batean laburtu beharko banu, neure amarentzako maitasun-mezu edo kanta edo gutun bat dela esango nuke. Amari idazten diot batez ere, berak lagundu zidalako neure depresioaldi gogor, sakon eta luze batetik irteten. Hortik titulua ere: bi aldiz erditu zinen nitaz, bigarren hori ere erditze bat bezain mingarria izan zelako amarentzat, eta alabarentzat”, Alaine Agirreren hitzak dira hauek. “Amaz oro har, eta familia osoaz ere, neurri batean, idealizaziotik hitz egiten da nobela honetan. Ulertu, barkatu eta maitatu beharra sentitzen nuen une batean dago idatzita eleberria”.


“Zuoi, zeuen buruaz erditu zaretenoi”

Bermeoko idazleak “gaixotasunaren atzaparretatik” idatzi zuen nobela baina gaur egun, “zorionez, beste talaia batetik ikusten ditut gauzak. Hortik datoz nobelako azken hitzak. Ama izan nahi nuen nik: zeure lako ama bat. Baina uste dut iritsi zaidala garaia neuk neure burua erditzekoa”. Liburu hau hortaz, “neure buruaz erditzeko ahalegin bat izan da, eta horregatik eskaintza: zuoi, zeuen buruaz erditu zaretenoi”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.