Itziar Diaz de Ultzurrun: “Despentesen King Kong ez da ez ar ez eme: politikoki inposatu zaigun bitasunaz haraindikoa da”

Virginie Despentes idazle eta zinemagile frantziarraren King Kong teoria kaleratu du Eskafandra bildumak. Orain hamar urte argitaratu zen estreinakoz, baina orduz geroztik erreferentziazko liburu bihurtu da mugimendu feministaren barruan, Frantzian eta handik kanpo. Itziar Diaz de Ultzurrun itzultzailearekin hizketan aritu gara.

Virginie-Despentes

Captura de pantalla 2017-06-17 a las 19.39.54

Itzultzaile oparoa dugu Itziar Diaz de Ultzurrun (Iruñea, 1967): besteak beste, Georges Perec-en, Phillip Claudelen eta Agatha Christie-ren lanak euskaratu ditu, eta Igela argitaletxearekin publikatu. Feminismoaren alorrean, Virginia Woolfen Dalloway andrea eleberri sonatu euskaratu zuen 2014an, eta lan hori Edo! argitaletxeak kaleratu zuen Woolfen beste saiakera batekin batera: Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea (Ana I. Moralesek euskaratu zuen bigarren hori). Lan horren haritik, hitzaldia eman zuten Diaz de Ultzurrunek eta Moralesek urte horretan bertan Literatura Eskolan, Woolfen lana hizpide.

Diaz de Ultzurrunen arabera, “gozoki” bat izan zen Despentes euskaratzeko enkargua. Liburuari buruzko zenbait gako aletu ditugu elkarrizketa honetan.

Aurrez ezagutzen zenituen King Kong teoria eta Virginie Despentes? Zer iruditzen zitzaizun interesgarri?

Bai, testua ezagutzen nuen, baita Despentes ere. Nire ustez, liburuan badira anitz gauza interesgarri. Bereziki azpimarratzekoa iruditzen zait, esaterako, idazleak erakusten duen ausardia bortxaketari, pornografiari eta prostituzioari aho bilorik gabe heltzeko bere bizipenak oinarri harturik. Nire ikuspuntua osatu eta are aldatzeko balio izan didan ikuspegi batetik begiratzen die gai horiei, izan ere, beste testuinguru bat ematen die, testuinguru horretan beste toki bat hartzen du berak, eta, beraz, beste azalpen eta ondorioetara iristen da. Burmuinean ongi iltzaturik ditudan iritzi sendo batzuk kolokan jartzeko balio izan dit liburuak, eta holako liburuak gustatzen zaizkit niri, gure usteen oinarriak gutxi-asko kili-kolo jartzen dizkigutenak, eztabaiden kutxa irekiarazten dituztenak: prostituzioa –kasuan kasuko inguruabarrak, baldintzak, zer-nolak.. kontuan hartu gabe- debekatzearen aldeko jarrerak, pornografia mota oro gutxiesteko joerak, bortxaketa munstro bakan batzuen delitutzat hartzea, gizonei eta emakumeei berezko tasun biologiko batzuk dagozkiela sinestea…

Bestalde, saiakeran, esan bezala, bizipenak dira ideien abiaburuak eta bi osagaiak bikain uztartuak daudela iruditzen zait, erakuskeriarik gabe eta zintzotasun handiz erabiltzen duela bere autobiografia gure gizartearen ertz askoren gainean dagoen argi zimela argiztatzeko eta egungo antolamendu soziala errotik aldarazteko bere ustez dauden arrazoiak aletzeko.

Irakurle zorrotzena da itzultzailea; lan hau xehe-xehe irakurrita, zer nabarmenduko zenuke?

Tira, ez dakit itzultzaileok beti ote garen zorrotzenak, baina saiatu, horretan saiatzen gara bederen. Nabarmenduko nuke liburuak molde itxuraz sinple eta ikaragarri landua ez den batean bikain eta aise lortzen duela hain erraza ez den zerbait: idazleak aldez aurretik tentuz taxuturiko bidean sigi-saga eramatea irakurlea eta, bidean aurrera egin ahala, haren baitan burutazio berriz beteriko saskitxo bat eta galdera berriz jositako beste otarretxo bat uztea opari. Gainera, irakurketa bukatu ondoren ere nolabait deseroso sentiarazten gaituen lorratz bat uzten digu liburuak, agian ez gaudelako hain ohituak ere bere bizipenak eta pentsamenduak aske, garbi eta gordin argitaratzen dituzten emakumeen testuak irakurtzera (eta are gutxiago berez gordinak eta deseroso egiten zaizkigun gaien gainean).

King Kong-en metaforari heldu nahi nioke. Filmaren 2005eko bertsioa aipatzen du Despentesek liburuan, eta, horri tiraka argudiatzen, emakumeak eta piztiak etsaiak baino aliatuak behar luketela izan. Sakonduko zenuke pixka bat horretan?

Bai eta orobat dio bera areago dela King Kong, Kate Moss baino. Beraz, ez da aliantza huts bat aldarrikatzen duena, baizik eta identifikazio moduko bat ere. Despentesen King Kong hori ez da ez ar ez eme, izan ere, liburuan esaten denez, politikoki inposatu zaigun genero bereizketa baino lehenagokoa da, inposaturiko bitasunaz haraindikoa. King Kong-ek, hortaz, inposizio horrek galarazten digun aukera irudikatzen du, sexu esleipenak dakartzan genero betebeharrez aske den izakia. Nire ustez, emakumeoi (eta gizonezkoei) geurez dagozkigun ezaugarri, jokamolde, desira, asmo eta gorputzez askatu beharra dugula eta beste eredu batzuk posible direla adierazi nahi du Despentesek metafora horren bidez. Azken batean, honezkero badakigu (edo susmoa dugu, bederen), naturaltzat jotzen diren sexuaren araberako esleipenek eta eginkizunen banaketek gutxi dutela naturaletik, naturalizazioa eta biologizazioa normaltasun jakin bat ezartzeko estrategia politiko-kultural eraginkorrak direla, baina, aldi berean -Despentesek salatzen duen bezala-, muga eta kategoria horiek guztiz ezabatzeak ekarriko dituen egoera berri eta ezezagunen beldur gara.

Liburu honetaz hitz egitean pornografia eta sexu-lana aipatzen dituela azpimarratu ohi da, baina bada beste gako garrantzitsu bat: maskulinitateari erreparatzen dio Despentesek. Gizontasunak honetan guztian daukan ardura azpimarratzen du.

Bai, hala da. Azken batean, hark dioen bezala, iraultza feminista bat egon da eta bere bidea egiten ari da. Emakumeok asko hausnartu dugu geure buruaz, egoerez, tokiez, ezaugarriez, askapen moduez, aldaketa moldeez, emakumeen ahultze eta ahalduntze bideez, gure arteko harremanez…Eta Despentesek dioena da gizonek, ordea, ez dutela gizontasunaren eraikuntza politiko eta sozialari era berritzaileez begiratu eta, hortaz, maskulinitatearen deseraikitze lanetan bide luzea dagoela oraindik egiteko eta lan hori gizonei (ere) dagokiela. Azken batean, bizirik dirauen gizontasun eredua bera da auzitan jarri beharra dagoena, emakumearen zapalkuntzan (bestearen gutxiespenea) errotua eta eraikia dagoelako eta, hortaz, haren ondorio zuzenak direlako bortxaketa, genero-indarkeria…

Irene Arraratsek, feministen soka luze baten katebegitzat jotzen du Despentes, eta autoreak berak hainbat feminista ezagunen lanak aipatzen eta aitortzen ditu, beste hainbaten artean, Virginia Woolf. Hain zuzen ere, idazle ingeles horren aipu batekin abiatzen da azken kapitulua: “Emakume idazle baten lehen betebeharra etxeko aingerua hiltzea da”. Esaldi hori ezaguna zaizu, ezta?

Bai horixe. Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea izeneko hitzaldiko gako nagusietako bat da. Ana Morales itzultzaileak ekarri zuen testu hori euskarara eta Dalloway andrearekin batera argitaratu zen. Arras garrantzitsua da aingeru hori akabatzea, jakina, emakume guztien betebeharra da, idazlea izan ala ez, ezinbestekoa baita egungo kategoriak zartarazteko, Despentesek proposatzen duen bezala. Aingeru horrek atseginak, samurrak, lausengariak eta garbiak izan gaitezen xuxurlatzen digu gure gizarte patriarkaletan, eta zama eramanezina da hori.

Ana Moralesek berak edizio horretarako prestatu zuen hitzostean dioen bezala, aingeruaren eraginez emakumeok maitatuak izateko premia larria dugu, are maitasun hori laneko “bilera bateko “mikromaitasun” korporatibo pasakor mixerablea” besterik ez denean ere. Eta hori, bistan denez, galgarria da guretzat, izan ere, Moralesek hitzostean dioenez: “Etxeko aingeruen ezaugarri bat da joera izaten dutela eurak biktimizatu dituen sistemaren engranaje bihurtzeko, sistema horrexen balioak transmititzeko eta iraunarazteko bide bilakatzen baitira…”; horra zergatik den hain garrantzitsua Despensendako Woolfen gomendioa.

Azken galdera horri heldu eta itzultzeko prozesuaz hitz egin nahi nuke orain. Aipamenez josia dago King Kong teoria, zer-nolako lana ekarri dizu horrek?

Batetik, euskaraz jada emanak ote ziren begiratu beharra egoten da halakoetan. Euskaraz aurkitu ditudanak euskarara lehenagotik ekarri bezala eman ditut eta besteak neuk euskaratu. Diozun bezala aipamenez josia dago, agerikoak eta aitortuak batzuk eta zeharkago txertatuak beste batzuk. Seguru nago oharkabean pasatu zaizkidanak ere badaudela.

Oro har, zer moduzko lana izan da liburua itzultzea? 

Proposamena jaso nuenean gozoki bat iruditu zitzaidan, gogoz hartzen den lan horietako bat. Ni,oro har, oso baikorra naiz eta pozarren heldu nion lanari, baina, hasieran, lehen orrialdeak beldurgarriak iruditu zitzaizkidan eta kikildu ere egin nintzen, apur bat. Lehen kapitulutik onik ateratzea izan zen orduan nire kezka eta, behin aldapa hori igota, lasaiago jardun nuen. Itzulpenak beti izaten dira neketsuak azkenean, baina pozik gelditu naiz.

Aurkezpenean aipatu zuen Lorea Agirrek, eta hitzaurrean ere Arraratsek nabarmentzen du Despentesen estilo zuzen eta gordina. Zer-nolako erronka izan da hori euskarara ekartzea?

Ba, garbi izan dut ez nintzela horrekin sobera larritu nahi, zeren egoera soziolingusitiko oso ezberdineko hizkuntzak baitira frantsesa eta euskara, baita erregistroei dagokienez ere, eta estilo horrek itzulpenaren zailtasuna areagotzen zuen. Beraz, orotariko baliabideak erabiltzen saiatu naiz (lexikoak eta sintaktikoak, joskerazkoak, esaldi barruko hitzen ordenari dagozkionak..) estilo baliokide bat-edo euskaraz eta euskaratik emateko, baina belarriari eta senari tarte handia utzi diet horretan, ez baitut gogoeta sakonik sakonik, auskalo asmatu ote dudan.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.