Banda historikoaren omenez

Pott bandari buruzko liburu bat argitaratu du Sorzain argitaletxeak: Pott Banda, Ekilibrista bihotza (1977-1980). Jon Kortazarrek apailatu du edizioa, eta garaiko eta beranduagoko idazleek hartu dute parte bertan.

Captura de pantalla 2017-06-26 a las 18.39.31

Orain dela 40 urte sortu zuten hainbat gizon gaztek Pott Banda (Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi, Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika eta Manu Ertzilla). Hiru urteko ibilibidea egin zuten, eta, tarte horretan, sei aldizkari eta liburu bat kaleratu zituzten. Sei aldizkariak sarean daude irakurgai, hemen. Liburu bakar hura, berriz, Bernardo Atxagaren Etiopia, ez dago sarean osorik irakurtzerik, baina eskura daukazue liburuaren 25. urteurrenaren kari hainbat autorek liburuaz esandakoen bilduma, bai eta lau poema eta lehen edizioaren hitzaurrea ere.

Itzal luzea du banda horrek euskal letretan. Horren erakusgarri da Sorzain argitaletxeak argitaratu berri duen omenezko liburua: Pott Banda. Ekilibrista bihotza (1977-1980). Jon Kortazar EHUko literatura katedradunak apailatu du liburua, eta hainbat euskal autorek parte hartu dute bertan, garaikoek eta beranduago etorritakoek.

Liburuaren lehen zatian, bandaren sorrerari eta gorabeherei buruzkoak aletzen dira. Horretarako, bandako partaideekin hizketan aritu dira Unai Elorriaga, Harkaitz Cano, Jose Fernandez de la Sota, Jon Martin, Idoia Jauregi eta Jon Kortazar. Bigarren zatian, berriz, hainbat idazle,  kazetari, bertsolari eta kultur eragilek beren omenaldi propioa egin diote Pott Bandari, eta hark gurean utzitako aztarna aztertu, nork bere ikuspuntutik.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.