Nork bere talentuaz gozatzeko aldarria

“Adi-adi, izan hadi!” izeneko emanaldia prestatu dute Mixel Ducau musikariak, Eneko Galdos dantzariak, Ekaitz Goikoetxea bertsolariak eta Andoni Salamero poetak: etzi, hilak 5, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eskainiko dute. Irudia: youtube.

maxresdefault

Lau arte-diziplina uztartzen ditu “Adi-adi, izan hadi!” emanaldiak: bertsoak, dantza, musika eta poesia. Horretarako, alor bakoitzeko artista bana bildu dira: Mixel Ducau musikaria, Eneko Galdos dantzaria, Ekaitz Goikoetxea bertsolaria eta Andoni Salamero poeta. Maiatzaren amaieran estreinatu zuten ikuskizuna Zumarragan, eta, geroztik, beste behin eskaini dute emanaldia: Beasaingo Igartza Jauregian.

Salamero poetak bultzatu du egitasmoa eta, esan duenez, aurrez egindako beste lan batzuen segida da, hala nola Natura, hitzak emari, zu zeu olerkari! eta Misterioari dario lanena. Salameroren esanetan, hiru lan hauen artean bada loturarik: “hiru proiektuotan garrantzia handia ematen zaio izateari. Guztiok dakigu zelako mugak topatzen ditugun egunerokoan. Ez dago haurtxo bat baino gauza puruagorik, baina, hazi ahala, hor agertzen dira lotsak, egoak, beldurrak… Zabuka gabiltza, geure izatearen bila. Gure identitatea berreskuratzeko modurik onena da gure talentua garatzea”.

Hala, beren talentua garatzen duten eta horrekin asko gozatzen duten beste hiru lagun batu ditu Salamerok ikuskizun honetarako: “Denok gara artista, bakoitza berean. Argi utzi nahi dugu ikus-entzuleak ere artistak direla. Denok gaude maila berean, horregatik, ikus-entzuleekin ere jardungo gara”.

Gozatu arren, sormen-lanak baditu bere zailtasunak; hori islatze aldera, prozesuan izan zituzten zailtasunak ere agertuko dituzte emanaldian. Esan moduan, etzi daukazue ikuskizun hau ikusteko aukera, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, areto nagusian, arratsaldeko 19etan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.