Francoren bilobari gutuna, sarean

Antzezlanaren bira oparoa amaitu berritan, sarean zabaldu dute Francoren bilobari gutuna obra, “antzezlanak bere bidea jarrai dezan”.

Franco2

Ekainaren 17an eskaini zuten Francoren bilobari gutuna antzezlana azkenengo aldiz, Ondarroan, eta hila amaitu aurretik, sarera zabaldu dute lan hori berori. Bideoa zabaltzearekin batera, mezu bat ere bidali dute sortzaile eta kideek, eta, hasteko, zenbakitan errepasatu dute ibilitako bidea: “3 talde elkartu ginen Francoren Bilobari Gutuna antzezlana taularatzeko. 8 hilabete hauetan, 60 emanaldi egin ditugu 7 probintzietan zehar, hiri haundi zein herri txikitan, 14.000 pertsonek ikusi dute antzezlana”. Eskerrak eman dizkiete bide hori posible egin duten “talde artistiko, bidelagun, babesle, konplize eta ikusleei”.

Orain, ordea, “lekukoa herriari” itzultzeko garaia heldu da. Horretarako, Donostian martxoaren 27an grabatu zuten emanaldia zabaldu dute, “antzezlanak bere bidea jarrai dezan”. Hain zuzen ere, Donostia antzerki saria jaso zuen antzezlanak aurtengo martxoan, eta horren harira egindako emanaldia da Viktoria Eugeniakoa, hemendik aurrera nahi beste berrikus dezakeguna.

Artedramak, Dejabu Panpin Laborategiak eta Le Petit Théâtre de Pain konpainiek sortu zuten, elkarlanean, Francoren bilobari gutuna, eta 2016ko urriaren 31n estreinatu zuten. Espainiako diktaduraren garaiak gure gizartean utzitako zauriei erreparatzen die. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi zuten testua, Ximun Fuchsek zuzendu, eta Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas aktoreek jokatu.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.