“Zukafukamusuka” liburua mintzagai egileekin

Hiru lagunek elkarlanean sortutako liburua da Zukafukamusuka: Judit Ruiz de Munain (testuen egilea), Patxi Zubizarreta (itzultzailea) eta Jokin Mitxelena (ilustratzailea). Txalapartaren “Literotura” bilduman plazaratu dute liburua. Hiru egileak elkarrizketatu ditugu. (Argazkia: Naiz).

0608_kul_zukafukamusukazukafukamusuka



Judit Ruiz de Munain: “Ipuin hauetan agertzen diren emakumeak bere bizitzaren jabe sentitzen saiatzen dira, eta askotan baita lortu ere”

Ez da oso ohikoa liburu hau iritsi zaigun modua. Idazle berria zara euskal literaturaren testuinguruan, euskalduna izan arren gazteleraz sortu dituzu jatorrizkoak, eta itzulpen hutsetik harago elkarlan baten modura aurkeztu duzue liburua. Jatorrizkoa baino lehenago ezagutu dugu itzulpena beraz. Nola iritsi zarete horrelako liburu bat modu honetara gauzatzera?

Bizitzak dauzkan karanbola horietako batengatik. Nik Jokini nire idatziei buruz bere iritzia eskatu nion. Berak gustuko izan zituen eta Patxiren iritzia eskatu zuen. Patxik Mikel Soto eta Txalapartaren Literotura saila ezagutzen zituen. Horrela hartu zuen martxa hasieran erokeria iruditzen zitzaidana, eta urtebete pasa eta gero hemen gaude gure liburua aurkezten.

Gustatuko litzaizuke gaztelerazko jatorrizkoak ere argitaratzea?

Bai, gainera lagun askok, gaztelerazko bertsioa eskatu didate. Euskarazkoa ikusita inbidia sartu zaie. Nire kabuz editatzen hasita nago CreativeSpace erabilita, batez ere ezagunentzat.

Ez soilik Patxik itzulpenaren bitartez, Jokinek ere irudiz interpretatu du zure lana. Zein neurritan ikusten duzu haien lanean islatuta zeurea?

Jokinek aurpegia, eta batez ere gorputza, jarri die nire pertsonaiei. Patxik berriz, bere xarma eta estilo eleganteaz jantzi ditu, baina muinean ez diote nire istorioak izateari utzi.

Ipuinak arnas luze zein laburrekoak dira, batzuetan oso zuzenak, besteetan iradokitzaileagoak, edo poetikoagoak… zer bilatu duzu estilo aldetik?

Uste dut estilo desberdinak ukitu ditudala, esperimentatzen agian, baina ez da bilatu dudan zer edo zer, bururatzen zitzaizkidan bezala idazten nituen.

Eszenarik esplizituenek beste erritmo bat dakarte, kontatzen dutenaren erritmoarekin bat egin beharra izan duzu idazkeran nolabait: esaldi laburrak, irudien kateaketa… ezberdin idatzi dituzu horiek bestelako pasarteen aldean?

Konturatu naiz ni ere. Iruditzen zait sexuak ere bere erritmoa daukala, batez ere ona denean, eta hori eszena horietan islatzen da. Hasi eta bukatu artean ez diet pertsonaiei atsedenik ematen, egia da.

Emakume ahotsak dira narraziootan nagusi, eragile, kitzikatzaile, probokatzaile, subjektu. Faltan botatzen duzu egun publikatzen den literaturan era horretako ahots eta jarreretan gehiago sakontzea? Baduzu erreferenterik? (Anais Nin-en aipu batekin zabaltzen da liburua, adibidez…)

Nire ustez emakumeok lan handia daukagu aurretik gure prozesu mentalak aldatu eta gure benetako izaera askatasunez erakusteko. Ipuin hauetan agertzen direnak bere bizitzaren jabe sentitzen saiatzen dira, eta askotan lortu ere.

Denetarik irakurri dut nire bizitzan, baina nire erreferentzia argienak, arlo erotikoari dagokionez, komikietan daude. Totem eta “El Víbora” irakurtzen nituen gaztetan, eta gaur egun manga komiki asko ere. Aitortu beharra daukat azkeneko urteetan liburu erromantiko-erotikoak irakurri izan ditudala mobila erabiliz eta ingelesez, hizkuntza atzerritarrak praktikatzeko motibazio bila agian.

Ipuinen hastapenean kasu askotan egoera oso kotidianoetan agertzen zaizkigu narratzaileak. Horietatik abiatuta, edonork eduki lezake egoera kotidiano horiek gainditu eta ez ohiko zerbait egiteko fantasia, kasu honetan erotikoa. Zure ustez errekonozibleak izango dira irakurlearentzat abiapuntu-inputsoak?

Nik baietz uste dut, denok izaten ditugu noiznahi gauzak modu desberdinean gertatzeko grina hori. Gure bizitzan abentura bat, magia pixka bat ixuriko duen zer edo zer. Ez dakit zuri, baina niri ez zait horrelakorik gertatu, eta agian gertatu ezkero izutuko nintzatekeen. Fantasiazko munduetan berriz, bizitzak hartu ditzakeen bideak hamaika dira.

Ditugun fantasiek definitzen gaituzte egiten ditugun gauzek bezain beste (edo gehiago)?

Neurri batean, fantasiek gure nahiak azaltzen dituzte eta egiten ez ditugun gauzek gure beldurrak. Nik uste dut, gure senari jarraituz, edozein neurriko beldur bati aurre egiten diogunean, argi bat pizten dela gure barruan. Beraz, agian heldu zaigu fantasiak errealitatera ekartzeko garaia. Begiak itxi eta salto egin.

La tormenta tras la calma A

Patxi Zubizarreta: “ez dela itzulpen hutsa izan: gorputz forma zuen letra masa bat nuen, eta horri forma eman beharra egokitu zait”

Elkarlan baten gisa aurkeztu duzue liburu hau. Itzultzaile zaren heinean, zer esan nahi du horrek -proiektu honetan- zuretzat?

Lehenik eta behin, ez dela itzulpen hutsa izan: gorputz forma zuen letra masa bat nuen, eta horri forma eman beharra egokitu zait; beraz, moldatzaile izan naiz, editore, kritiko, itzultzaile, eskultore…

Sexuari eta erotismoari loturiko sintaxia, hizkera, musikaltasuna… zein neurritan da existitu arren deskubritu behar izan duzun zerbait, zein neurritan egin behar izan duzu sormen lana?

Ondo esan duzu: sormen lana. Ez denez izan ohiko itzulpen bat, hau da, behin betiko testu bat euskaratzea, gozatua hartu dut ni neu testuaren sortzailea izan banintz bezala, batez ere Juditek askatasun osoa eskaini zidalako —baita poza ere ipuin bakoitzaren moldaketa bidaltzen nionean! Lexiko eta esapideei begira, diozun bezala, gero eta material gehiago dago, baina azken urteotan hainbat apunte eta zertzelada ere jasoak ditut, eta horiek ere baliatu ditut testua biziberritzeko.

Noizbait Sarriri irakurri nion euskal literatura zuri-beltzean eginda zegoela, apenas landua zuela kolorea; nik erantsiko nuke gorputza ere nahikoa ahaztuta izan duela, ideia eta sentimendu asko, baina kontu fisikoa oro har oso alboratuta izan duela. Zentzu horretan, gogoratzen dut behin aditu batek esaldi batean nola nabarmendu zuen liburu baten erotismo eta sujerentzia maila: «Eta izan zen musurik…». Bai, iradokitzen du zerbait, baina keinu bat, imintzio bat, sexu postura bat esplizitatzeko orduan ezintasun handia egon da gurean.

Horrekin lotuta, filologoa izaki, gogoan dut Danele Sarriugarteri nola irakurri eta azpimarratu nion txortagarri hitza —oraintsu Arantxa Iturberi begiak talo irakurri berri diodan bezalaxe, edota Lertxundiri gorputzari buruzko hainbat esapide—. Kasualitatez, lan honetan nenbilela, txortan egin aditzaren etimologia deskubritu nuen —zuzena ala okerra izan, nire ustez ederra bada behintzat—: antza, Eskozia aldean porturatzen ziren euskal arrantzaleek putetxera jotzen zutenean, bertako emakumeek short time eskaintzen zieten aukeran, presakako larrualdi bat hartzeko, hortixe txortan…

Idazlea zaitugu hainbat arlotan, lehenago ere jardun zara itzulpen lanetan. Zer ematen dizu (edo zer kendu) itzulpengintzak?

Anjel Lertxundiri irakurri nion idazlegaiei gehiago itzultzeko aholkatuko liekeela: ariketa bikaina da testuaren barrunbeetan sartzeko, originalaren akatsei zein adierazpide distiratsuei antzemateko, baita norberaren estiloaren bila aritzeko ere. Besoak gurutze nagoenetan, sormen lan baten zain edo bila nabilen bitartean nik neuk gehiago itzuliko nuke, prozesu ezin hobea da hizkuntz baliabideak eta estrategiak ondo koipeztatuta izateko. Ez dut asko-askorik itzuli izan, eta horrek jeneralean aukera eman dit testua patxadaz aztertzeko, itzulpenari kontu egiteko. Horrekin batera, itzulpen irakurketa tresna ezin hobea zait, estilorako bai, baina baita plazerarako ere, euskaraz gaur egun lan benetan ederrak baitauzkagu.

Juditen liburua izan arren, zure liburuek sarritan dakarten elkarlana eta diziplinartekotasuna sumatzen ahal zaio honi ere, zure testuak izan ez arren oso koherentea da zure ibilbidearekin. Hala sentitzen duzu zuk ere?

Jokin Mitxelenarekin hamaika lan eginda nago, haurrentzat gehienbat —helduentzat Gasteizko katedral zaharrari buruzko lan bat argitaratu genuen—, baina Jokinek dohain handiak ditu, oso moldakorra da, oso kamaleonikoa, eta aukera hau aipatu zidan momentutik prest agertu nintzaion: konplikatua bezain erakargarria iruditu zitzaidan. Eta Juditen fantasia erotikoekin ezin uka plazera hartu dudala, batez ere gutxitan bezala —are gehiago euskal letretan— emakume baten ikuspuntutik datozelako. Egia esan, ez dakit oso ondo zenbateraino izan naizen trio baten partaide, edo voyeur besterik gabe, baina bai, nahiz eta oraingo honetan ez naizen diziplinartekotasun horretaz kontziente izan, seguruenik arrazoi duzu.

“Zukafukamusuka” titulua itzulpen talkatik etorri zen zerbait da, edo Juditen jatorrizkoan bazen hitz(joko) hori iradokitzen zuen zerbait?

Normalean izenburuak misterio izaten dira niretzat, enigma huts kasik azken momentura arte, baina oraingoan Juditek eta Jokinek hasieratik zeukaten argi: zukatu, ingelesko fuck, musukatu… Egokia iruditzen zait, indarra eta dinamismoa erakusten du.

Nudista A

Jokin Mitxelena: “espresio desatadoa bilatu dugu, porno elegantea edo estetika landuko pornoa”

Normalean gazteentzako liburuei loturik ezagutu izan dugu zure lana. Zentzu horretan, liburu hau erronka izan da, edo liberazio bat?

Erronka, batez ere izan da, egin behar eta nahi nituen marrazki hoiek Judit Ruiz de Munainen kontakizunen alturan uztea! Lan honetara bultza gaituen indarretako bat izan da gainera, erabat aske eta desatado (maiz erabiliko dut hitz hau) sortzeko promesa. Ez zedila ikusi beraz, inondik ere, inolako lotsa, freno edo leuntasunarekin genbiltzanik. Hori zen erronka eta liberazioa.

Helduengan pentsatuta, liburu hau egiteko orduan beste teknika batzuen beharra sentitu zenuen (koloreak, trazoak…)?

Ez dago teknika berezirik. Izatez gero ere egokitze lanik, inolako egokitze lanik gabe aritzea izan da. Esango dut, nere alderik basatienarekin egindako marrazkiak direla. Ni bezalako tipo batentzat marrazten ariko banintz bezala, horrela aritu naiz.

Aurkezpenean “Shunga” irudi erotiko japoniarren eragina aipatu zenuten. Zertan oinarritzen dira irudi horiek, eta nola iritsi zinen haien eraginpera?

Badira, noski, garai eta leku askotan egindako irudi erotiko explizitoak. Esango nuke hala ere, horietako gehienak, egoera erritualizatuak direla, gai hau dezentetu nahi balitz bezala. Baina ez Japoniako Shunga irudi hauek; nahiz eta izena bera kursi xamarra izan, “Udaberriko irudia” esan nahi bai du horrek, erabat indezenteak dira eta aldi berean oso estetikoak. Motz eta ondo esanda, indezentzia elegantea egiten dutenak. Eta hori lortu nahi nuen nik.

Elkarlan baten modura aurkeztu zenuten lan hau. Zure kasuan, nola eman da elkarlan hori?

Jefa bat dago hemen eta hori Judit Ruiz de Munain da. Bere kontakizunek jartzen dute tonua, estetika eta erregistroa. Eta testu horiek daukaten indarragatik gaude hemen. Nere lana beraz izan da, tonu eta erregistro hori ahalik eta kemen handienarekin sendotzea. Patxi ere uste dut, jarrera horrekin aritu dela bere lanean eta horrela egin duela lan bikaina baino bikainagoa. Ze bikaina, norbaitek zerbait esan beharko luke horretaz, pionero lana egin baitu!

Sortu dituzun irudietan eszena iradokitzaileak bezala esplizitoak daude… eta haien guztien artean, kurioski, batek ezberdin deitzen du atentzioa: bi olagarro elkarren garroak nahastuta. Modu askotara uler daiteke erotismoa ezta?

Ah, olagarro horiek! Erotismoaren munduan, animalia kutunetakoa izango da hori. Modu honetan oratzen eta eskuzten ari garen honetan, pentsa ze suertea daukan olagarroak, bi esku bakarrik beharrean, esku zenbatezinak edukitzeaz! Bada, Shunga generoa aipatu dugularik, horietan, animalia-faunoaren antzera azaltzen da. Horren hommage modura utziko dut beraz nirea.

Gure honetan ordea, esan dezagun lasai, erotismoa baino gehiago pornoa bilatzen dugu. Goian aipatu bezala, intsinuazio eta iradokizun horiek baino gehiago, espresio desatadoa bilatu dugu, porno elegantea edo estetika landuko pornoa, nahi bada. Hortik aipatu dudan bezala, sexuaren zelebrazioaren moduko zerbait.

Helduen literaturako ilustraziogintza, aldarrikatu beharreko zerbait iruditzen zaizu?

Ni ez nintzake hemen oso dramatiko jarriko, maiz aipatzen baita kontu hau, argitaletxeak ausartago izan, helduentzat liburu ilustratu gehiago kaleratu behar lituzketela eta horrelakoak. Baina egiaren garaian, hau da, liburuak erosterako garaian, liburu ilustratua erosten duen publiko heldua, oso, oso mugatua da eta ez du aktibitate handiko generoa egiteko ematen. Prestigio handiko gauza bai, sariren bat irabazi nahi baduzu, komeni zaizu horrelako liburuak tarteka marraztea. Gure liburu honetan, hori bai, gaia hain zentzuentzat egina izanik, marrazkiak oso erraz kokatzen dira. Ia-ia esango nuke, begi batekin irakurri eta bestearekin marrazkiak ikusi ditzakezula.

Terriblemente bien A

This entry was posted in Albisteak, ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.