`Kilkerren Sokak´ ez du etenik

Leire Bilbaorekin abiatuko da hirugarren edizioa

Kilkerren Soka izeneko ekimenaren bitartez, liburu berrien aurkezpenak harilkatzen dira. 111 Akademiak sustatzen duen ziklo honek hirugarren edizioa beteko du aurten. Azaroan zehar, Xabier Artola, Antonio Casado da Rocha, Anjel Lertxundi eta Leire Bilbao idazleek euren liburu berriak aurkeztuko dituzte irakurleen aurrean. Lana errazteko, idazle bakoitzak gidari baten laguntza izango du. Ondoko argazkian, Ur Apalategi eta Iban Zaldua, iaz egin zen saio batean.

111 Akademia euskal literatura eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatzeko asmoz osatu zen. Besteak beste, Kilkerren Soka izeneko zikloa bideratzen dute. “Urteko sorkuntza ezagutzera eman eta idazleei sorkuntza hori irakurleekin partekatzeko aukera eskaintzea” du helburu.

Lau aurkezpen egingo dira
Aurten, lau izango dira antolatuko diren aurkezpenak. Aurreko edizioetan bezala, honakoan ere idazleek bidaide bat izango dute alboan; honek liburua aurkeztuko du, irakurle gisa liburuaren balorazio bat eginez, eta zubi lana burutuko du idazlearen eta bertaratzen diren irakurleen artean.

Leire Bilbao izango da aurtengo zikloari hasiera emango diona. Idazle ondarrutarrak Scanner (Susa 2011) izeneko poesia liburua plazaratu berri du Susa argitaletxearekin. Tolosan egingo da ekitaldi hau, Bonberenean, eta Xabier Mendiguren Elizegik egingo ditu gidari lanak.


Anjel Lertxundi izango da Kilkerren Sokari tiraka jarraituko duena. Etxeko hautsa (Alberdania 2011) eleberriaz hitz egingo du Andoaingo udal liburutegian, azaroaren 15ean. Jorge Gimenez Alberdania etxeko editorearen laguntza izango du Anjel Lertxundik.


Azaroaren 22an, ordea, Antonio Casado da Rocha izango da protagonista. Oier Guillan izango du bidaide, Oreretako Mikelazulo kultur elkartean egingo den ekitaldian. Eskuz ezkerraz (Utriusque Vasconiae 2011) poesia liburuaren berri emango du Casado da Rochak.


Eta azkenik, azaroaren 24an, bere liburu berriaz arituko da hizketan Xabier Artola, Larrabetzuko Anguleri kultur etxean egingo den saioan. Argi-itzalen neurria (Elkar 2011) du izenburu Elkar argitaletxearekin argitaratu duen liburuak. Arantxa Urretabizkaiak gidatuko du saio hau.

III. Kilkerren Soka
Azaroaren 9an asteazkena
Scanner, Leire Bilbao.
Bidaidea: Xabier Mendiguren Elizegi.
19:00etan Tolosako Bonberenean.

Azaroaren 15ean asteartea
Etxeko hautsa, Anjel Lertxundi.
Bidaidea: Jorge Gimenez.
19:00etan Andoaingo udal liburutegian.

Azaroaren 22an asteartea
Esku ezkerraz, Antonio Casado da Rocha.
Bidaidea: Oier Guillan.
19:30ean Oreretan, Mikelazulo kultur elkartean.

Azaroaren 24an osteguna
Argi-itzalen neurria, Xabier Artola.
Bidaidea: Arantxa Urretabizkaia.
20:00etan Larrabetzun, Anguleri kultur etxean.

www.111akademia.com

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>