25 urteren ondoren, `Henry Bengoa Inventarium´

Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde eta Xabier Strubellen eskutik

80ko hamarkadan, Bernardo Atxagak, Ruper Ordorikak eta Joxemari Iturraldek Henry Bengoa Inventarium ikuskizun poetikoa eskaini zuten. Bernardo Atxagaren gidoi eta testuen gainean osaturiko emanaldi hartan, Alberto eta Nando de la Casa musikariak ere bidelagun izan zituzten. 25 urteren buruan, Hendaian berpiztuko dute Henry Bengoa Inventarium ikuskaria. Maiatzaren 31n osteguna izango da, arratsaldeko 20.30ean, Varietés antzokian. Honakoan ordea, Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde izango dira oholtza gainera igoko direnak. Ruper Ordorikaren tokia, ordea, Xabier Strubell musikariak beteko du. Hendaiako Mugati euskaltzale taldearena izan da ekimena.


25 urteren ondoren, Henry Bengoa Inventarium ikuskizun poetikoak oholtza gainean batuko ditu Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde. Jatorrizkoan, Ruper Ordorika ere ageri zen partaideen artean, baina Hendaiako saioan ez da arituko. Musikak garrantzia handia du ikuskarian eta, maiatzaren 31ko saioan, Xabier Strubell Hondarribiko kantariak eta musikariak beteko du Ruper Ordorikaren tokia.
Bere garaian, 1986 eta 1987 urteetan, hainbat emanaldi eskaini zituzten. Eta kasete bat ere argitaratu zuten ikuskizunaren grabazioarekin. 2004an, Pamielak master originala berreskuratu zuen eta CD-liburu euskarrian plazaratu zuen, Littera&Musika bilduman. Azken urteotan, antzezlan moduan ere taularatua izan da. Kandido Uranga aktoreak bakarrizketa estilora egokitu zuen Henry Bengoa Inventarium ikuskaria.




“Aitzindaria izan zen”
Pamiela argitaletxeak, 2004an CD-liburua plazaratu zuenean, honela definitu zuen hizpide dugun obra: “literatura eta musika uztartzearen aurrerabidean, Bernardo Atxagaren Henry Bengoa Inventarium (1986) lana aitzindaria izan zen. Zuzenean emateko lana izaki, egileaz gain Ruper Ordorika, kanta eta musika erantsiz, eta Joxemari Iturralde, hitzezkoan, funtsezko partaideak izan ziren. 1986ko urtean eta ondokoetan hainbat herritan ibili ziren, Alberto eta Nando de la Casa anaiekin batera, zuzeneko emanaldiak eskaintzen”.
Maiatzaren 31n, Bernardo Atxagak, Joxemari Iturraldek eta Xabier Strubellek Hendaiako Varietés antzokiko oholtza gainetik azalduko dizkigute Henry Bengoaren ibilerak.
Albiste honen harira, bideo hau etorri zaigu gogora. Azken boladan, sarean ibili da bolo-bolo. Henry Bengoa inventarium-en saio batean oinarritzen da eta 1987koa ei da. Irudietan ikus daitezke Henry Bengoa Inventarium ikuskizuneko kideak: Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Joxemari Iturralde, Alberto de la Casa eta Nando de la Casa.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>