Frisian sorkuntza egonaldia egiteko aukera

Europako zenbait hizkuntza komunitate txiki edota gutxituen arteko literatur trukerako sarea da Beste Hitzak / Other Words programa. Laugarren deialdia iragarri berri dute. Honakoan, Frisia izango da zortzi asteko literatur sorkuntza egonaldiaren kokaleku. Egonaldia urriaren 23an hasi eta abenduaren 18an amaituko da. Izen ematea, ordea, irailaren 11n amaituko da. Plaza bakarra dago jokoan.

full_dcb7e021083f6e84d538201ecd45dd7e_laugarrendeialdia-zabalik-dabrbr

Irlanda, Mazedonia, Eslovenia, Frisia eta Euskal Herria dira Beste Hitzak/Other Words egitasmoan parte hartzen duten lurraldeak. Proiektuaren Euskal Herriko ordezkari ofiziala Donostia Kultura da; gainera, DSS2016EU Fundazioaren, Euskal Idazleen Elkartearen eta beste zenbait eragileren laguntza jaso ohi du.


Proiektuaren helburu nagusiak

-Hizkuntza gutxitu eta txikietan idatzitako literatura ohiko mugez gaindi ezagutarazten laguntzea.

-Hizkuntza aniztasunaren balioa azpimarratzea, arreta berezia jarriz hizkuntza gutxitu eta txikietan eta itzulpenaren zereginean.

-Literatur sistemaren prozesu osoa ikusaraztea, eta bertako eragileen (idazle, itzultzaile, antolatzaile…) lana publiko zabalari ezagutaraztea.


Epeak

Proiektu proposamenak helarazteko epea 2017ko irailaren 11n amaituko da, gaueko 23:59an.

Egonaldia 2017ko urriaren 23a eta abenduaren 18a bitartean garatuko da.


Zer hautatuko da?

Euskaraz idatzitako literatur proiektuak hautatuko dira, idazle bakarrak 8 astetan sor dezakeen testuan gauzatuko direnak.

Deialdiaren baitan osatuko den testu horrek nolabaiteko unitatea izan beharko du, unitate hori beste proiektu zabalago baten parte izan arren (nobela baten kapitulu bat, ipuin bat…). Betiere, deialdi honetan ezartzen diren baldintzekin bateragarria izan beharko du.


Zer dira literatur proiektuak?

Deialdi honen helburuetarako, literatur sorkuntzaren barnean sartzen dira fikzioa, poesia, ez-fikzio sortzailea (memoriak, entseguak…), nobela grafikoak, literatur kritika, literatur biografia/autobiografia garaikidea, gidoigintza eta antzerkigintza.

Definizio honek (eta beraz deialdiak) kanpo uzten ditu idazketa erlijiosoa, instrukzionala eta akademikoa.


Zer eskaintzen da?

-Bidaia gastuak.

-Ostatu gastuak (herrialdeko bazkideak egonaldirako aukeratatuko egoitzan).

-Dietak: eguneko 30 euro.

-Ordaina: 2.500 euro (bi hilabeteko lanagatik).

-Testuaren argitalpena webgunean (5 hizkuntzara itzulita).

-Testuaren argitalpena proiektuaren paperezko antologian (5 hizkuntzara itzulita).

-Nazioarteko proiekzioa.


Zer eskatzen da?

-Egonaldian zehar garatzeko proiektu literario proposamena.

-Egonaldian zehar 2 jarduera paralelo burutzeko proposamenak. Jarduera horiek jendaurreko ekitaldiak, haurrekin batera egiteko jarduerak edo beste idazle/artista batekin nolabaiteko elkarlanak izan daitezke, esate baterako.


Zein prozedura jarraituko da?

Hautagaiek deialdiaren argitalpenetik irailaren 11 arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Proiektu bat proposatzeko bi bide daude:

Posta elektronikoa: beharrezko agiriak donostiakultura@donostia.eus helbidera bidaltzea ohiko formatu informatiko batean (.pdf, .odt, .doc).

Posta arrunta: beharrezko agiriak, gutun ziurtatu bidez, hona bidaltzea:

Beste Hitzak-Other Words proiektua. Donostia Kultura. Erregina

Erregeordearen kalea, 8. 20003 Donostia

Balorazio Batzordearen hautaketaren berri emango da www.bestehitzak.eus, www.otherwordsliterature.eu eta www.donostiakultura.eus webguneetan, prentsa-ohar bidez eta onuradunei, eman duten helbidera zuzenduz.


Non aurki daiteke informazio osagarria?

www.bestehitzak.eus

www.otherwordsliterature.eu

www.donostiakultura.eus

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.