Pentsamenduari azpildurak ateratzeko beharra

“Aforismo asko probokazioak dira. Pentsatzen jarraitzeko aitzakia”. Juan Kruz Igerabidek Labur txintan (Pamiela) liburuaren aurkezpenean esandako hitzak dira hauek. Idazketa prozesuan, ironia baliatu duela dio Adunako idazleak. “Uste dut liburu honetako aforismo denetan dela ironia puntu bat”.

Igerabide

Kierkegaard, Spinoza, Canetti, Nietzsche, Kafka, Heraklito, Pascal, Rilke, Pessoa, Freud, Pascal… Asko dira Labur txintan (Pamiela) liburuaren azalean agertzen diren izenak. Egile horien aipuak aforismo askoren akuilu izan direnez, erreferentzia horiek guztiak babes gisa hartu nahi izan ditu: “nire denboran, egin ditudan irakurketetan, apunteak hartu ditut eta erantzunak bururatu zaizkit. Babes gisa hartu ditut irakurketa horiek eta aipatu egiten ditut liburuan. Aforismo bat Pascali erantzunez egindakoa bada, kasu horretan, Pascal hartzen dut babes eta gero mutiko bihurri bat bezala portatzen naiz”, Juan Kruz Igerabidek aitortu duenez. Aforismoen bidez, egile horien guztien pentsamenduei buelta bat ematen saiatu da, maiz, ironia lagun harturik.


“Gaur egun aforismoen aforismoa egiten da” 

Aitzinean, hausteko baino, zientzia eta jakintza eraikitzeko erabili zen aforismoa. Aro modernoan ordea, genero honek beste norabide bat hartu zuen. Aurrekoen pentsamenduari azpildurak ateratzeko beharra gailendu zen. Aforismoak joera hori mantentzen du oraindik. Gaur egun, hala ere, “aforismoa erabiltzen da aforismoaren aforismoa egiteko askotan”.
Liburu honetan batu dituen aforismo asko, beraz, probokazioak dira. “Pentsatzen jarraitzeko aitzakia”, Igerabideren esanetan:


Hamabi atalez osatutako liburua

Estilo honi edo genero honi lotutako hirugarren liburua du hauxe. 2004an plazaratu zuen aurrekoa, eta geroztik hona idatzitako gogoeten bilduma modukoa da Labur txintan (Pamiela). Ez daude denak. Aukeraketa bat da liburuan jaso duena. Hamabi ataletan antolatu ditu aforismoak. Atal bakoitzak dituen ezaugarriez mintzo da ondoko bideoan:


“Gogoetarako bide berriak eskaintzen ditu”

Jose Angel Irigarayren esanetan, aforismoa tradizio handikoa da gurean. “Literatur ikuspegitik ordea, Juan Kruz Igerabide da gure adituetako eta jorienetako bat”. Pamiela argitaletxeak ez du genero honi lotutako liburu askorik plazaratu. “Baina Juan Kruz Igerabideren liburu honek gogoetarako bide berriak eskaintzen zituela ikusirik, pentsatu genuen merezi zuela argitaratzea”. Pamielako ordezkariaren hitzak dituzue ondokoak:

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.