Dani Maizen txanda

Ilustratzailearen Txokoan izango da abenduaren 10era arte

Komikigile eta marrazkigile gisa hasi zen lanean. Ilustrazioaren mundura lerratu zen ondoren. Dani Maiz irudigile bilbotarra da Donostiako Aiete Kultur Etxeko maizter berria.

AIETE-Dani-Maiz

Dani Maizek lan ugari egin ditu irudigintza, publizitate eta diseinu alorretan. Gaur egun ordea, ilustratzaile gisa aritzen da “eta  denbora librean, komikigile ere bada”, Donostia Kulturakoek prentsa-ohar bidez aditzera eman dutenez.


Aritua eta aditua

Haur literaturaren alorrean, hiru lan hauek ilustratu ditu: Munstroaren hamaika aurpegi (Seve Calleja, Desclee 2010); Astebeteko kontuak (Yolanda Arrieta, Aizkorri 2005) eta Barre egiteko makina (Ana Urkiza, Aizkorri, 2005).

Erakunde eta elkarte ugarirentzat egin du lan: Donostia Kultura, Azkuna Zentroa, Ikastolen Elkartea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Durangoko Azoka, Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Geuria aldizkariarentzat, besteak beste.

Erakusketa ezberdinak atondu ditu, bakarka zein taldeka. Epaimahaikide izan da Literaturako Ilustrazio Euskadi Sarian, Album Ilustratuko Lazarillo Sarian eta Espainiako Ilustrazio Sari Nazionalean. Horretaz gain, hainbat urtez Euskal Irudigileak elkarteko lehendakari izan zen. Galtzagorri elkarteko zuzendaritzako kide ere izan zen bolada batean.

Orain gutxi arte New Yorken egon da bizitzen, publizitate lanak egiten eta diskoetxeentzat azalak ilustratzen. Berlinen bizi da gaur egun.


AIETE-ChuckBerry-by-dani-maiz

Ilustratzailearen Txokoa: Dani Maiz

Aiete Kultur Etxea, Donostia.

Egunak: Irailak 20 / abenduak 10.

Ordutegia: Astelehenak eta jaiegunak, itxita.

Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30.

Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00. Igandeak: 10:00-14:00.


Ilustratzaile askoren aterpe

2012ko urrian zabaldu zenetik hona, hauek izan dira Ilustratzaileen Txokoan aterpe hartu duten artistak: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena “Mattin”, Ainara Azpiazu “Axpi”, Concetta Probanza, Unai Zoco eta Begoña Durruty. Dani Maizen txanda da orain.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.