Miel A. Elustondok jaso du I. (H)Ilbeltza beka

Pasa den astean emandako prentsaurrean eman zuten ezagutzera I. (H)Ilbeltza bea jaso duen idazearen izena: Miel A. Elustondo. Hamabost lan aurkeztu dira lehen deialdi honetara. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, II. (H)Ilbeltza bekak itzulpena sarituko du eta 2018ko (H)Ilbeltza astea urtarrilaren 15etik 21era bitartean izango da.

IMG_5138

Elizondoko udalean eman zuten prentsaurrekoa pasa den astean. Bertan, Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko I. (H)Ilbeltza bekaren irabazlea Miel A. Elustondo azpeitiarra izan dela iragarri zuten. Antolatzaileek zabaldu zutenez, Joseba Otondo alkate eta epaimahaikideak, Amagoia Iban kazetariak, Mikel Soto Txalapartako editoreak eta Elustondok berak parte hartu zuten ekitaldian. Hemen antolatzaileek bidali diguten kronika laburra:

IMG_5139

(2017/IX/21) Prentsaurrekoan Amagoia Ibanek oroitarazi du Elustondok Igela argitaletxeak argitaratu dituen Jim Thompson idazlearen hiru eleberri beltz itzuli dituela (Litxarreroak, Amorruaren ume eta Hiltzailea nire baitan) eta bekara aurkeztutako proiektuan “hilik dagoen narratzaile orojakile batek kontakizunaren zama eramango duela” nabarmendu du. Bestalde, aurkeztutako laginean Bill Douglass antropologo estatubatuarraren seme batek bere aitak aspaldi Euskal Herrira egindako bidaiaren ibilbidea berritzera datorrela ere aipatu du Ibanek. Mikel Soto Txalapartako editore eta epaimahaikideak bekaren lehen deialdi honen balorazio positiboa egin du, izan ere, “hamabost lan aurkeztu dira Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko I. (H)Ilbeltza bekara eta, horregatik sikiera, egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Hamabost lagunek erakutsi dute badutela literatura beltzarekiko zaletasuna eta proiektu banatan moldatu dute”. Sotok nabarmendu duenez “proiektuak orotarikoak izan dira, eleberri beltz klasikoak, distopikoak, thriller historikoren bat… baina originaltasuna eta freskotasuna zeukaten askok. Horregatik, lehen deia proiektu horiek idatzi dituzten lagunei eta idatzi nahi baina idazteko betarik edo aukerarik gabe geratu direnei egin nahi diegu: idatzi, egikaritu proiektu horiek. Oraingoan ez dira irabazle izan, baina badago ezpalik aurkeztutako proiektuen artean eleberri beltz ederrak egin ahal izateko”.

Miel A. Elustondok hartu du hitza eta Kataluniako erreferendumaren aldeko kamiseta jantzita eskerrak eman ditu: “Hilbeltza beltza asteari. Aste hori gabe ez zen Hilbeltza bekarik izanen. Duda bihirik gabe, Hilbeltza astea gabe ez zen Zaldi Ero halako estutasun gozoan izanen”. Azpeitiarrak esan duenez poza sentitu du “eskribitzeko aukera derrigorra izanen dudalako. Obligazioa. Zer etorriko den, inork ez dakike, ezta Zaldi Erok berak ere”.

Idatzi behar duenari buruz zera esan du: “Zer eskribitu behar dut. Baztan, nahiko nuke. Elurre Iriarteren literaturak kontatzen duen, kontatzen ez duen Baztan. Joseba, Maitane, Garbiñeren Baztan. Ernesto Prat Urzainkiren Telleria. Telleria eta gero, zer? Telleria eta gero, Aroztegia. Eta Aroztegiarekin batera, Nafarroako Abiadura Handiko Trena, gaur ez bada bihar baituzue hemen, edo gisako makurkeria handiagoren bat. Baina hobe Iruñeko agintari makurrei ideia makurrik ez ematea, aski makurkeriari emanak baitira Iruñean, ideia makurrik ematen ibili beharrik gabe ere. Aroztegiarekin batera, mutil dantzak, guardia zibil inzibilak, kritika, ziri eta zirti-zarta. Datorrena datorrela beltza”.

Azkenik, (H)Ilbeltza elkartearen izenean, Aitziber Zapiainek eman dio irabazlearen ohorezko irudia eta gogorarazi du hurrengo urtean Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko II. (H)Ilbeltza bekak itzulpena sarituko duela eta 2018ko (H)Ilbeltza astea urtarrilaren 15etik 21era bitartean izango dela.”

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.