Nola asmatu identitate berri bat

Jenisjoplin izeneko eleberria aurkeztu zuen pasa den astean Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984), Susa etxearen eskutik. Nagore Vargas protagonistaren bizitzari tiraka, Euskal Herriaren azken hogeita hamar urteei ere eman die errepasoa.

DLc945AXUAE7CAi

Mugarria

Aurrez argitaratuak zituen Uxue Alberdik bi ipuin-liburu eta nobela bat: Aulki bat elurretan (Elkar, 2007), Euli-giro (Susa, 2013) eta Aulki-jokoa (Elkar, 2009), hurrenez hurren. Gorka Arrese Susako editoreak, ordea, mugarritzat jo du Jenisjoplin Alberdiren bidean: “Idazle baten jardunean badira liburu batzuk garrantzia berezia daukatenak, eta gainera, idazle baten maila igo, jaso edo onarpen espezial bat ematen diotenak; eta hain zuzen, nire ustez, liburu hau horietako bat da”. Langai ez ezik, “opari” bat izan da Arreserentzat eleberri hau: “Oso bizkor hasi zen [Alberdi] lanean eta nobelaren konstrukzioa, harrigarriki, oso arin joan zen, eta asko disfrutatu dut”.

Hasieratik bertatik, pertsonaia argi

 Estreina Arreserekin bildu zenerako, Alberdik lan handia egina zuen nobelako protagonistari eta historiari forma ematen; karpeta bete paper eraman zuen hitzordura: dialogoak, oharrak, pasarteak… Artean eginkizun zuen, baina, hori guztia egituratzeko lana. Alberdi: “Gorkarekin egin nuen lehenengo enkontru horretan, nik esan nion baneuzkala pertsonaia, historia eta tonua, baina ez nekiela egituratzen, eta horretan lagundu dit berak”. Editorearen aholkuari kasu eginda, “erritmo biziko” eleberria eraiki du Alberdik, “ekintza eta dialogo askokoa”.

Identitate pertsonala eta kolektiboa, biak berreraiki beharra

Nagore Vargas da eleberriaren protagonista eta narratzailea. Hona hemen liburuaren abiapuntua, egileak berak azaldua: “Nobela Artxandan hasten da, 2010ean. Nagorek 28 urte ditu orduan eta Artxanda gainean dago Libre irratiko beste hiru kiderekin batera. Halako agur moduko bilkura bat antolatu dute, pentsatzen baitute egun horretan bertan atxilotuko dituztela, baina gauzek espero ez duten bilakaera bat hartuko dute, eta Nagorek espero zuen iraultzari ez beste iraultza klase bati egin beharko dio aurre”. Eleberria hasi eta berehala, protagonistari zerbait gertatuko zaio, eta “desarmatuta geldituko da”; ondorioz, “berriro hasi beharko da beste estrategia batzuekin aurrera egiten”.

Alberdiren beraren esanetan, “identitatearen berrasmatze-prozesu bat kontatzen da” eleberri honetan. Berrasmatze hori gorputzari eta sexualitateari lotua dago, eta, beraz “oso intimoa” da; hala ere, “Euskal Herriaren ibilbide identitarioaren ispilu izan daiteke” aldi berean.

Aurkezpenak

Prentsaurrekoaz gainera, bi lekutan aurkeztuko du Alberdik liburua. Lehenik, Getariako Alondegian, hilaren 18an. Bigarren, berriz, Elgoibarren, hilaren 19an, Pitxintxu liburu-dendan. Bigarren hitzorduan, herrikide izango ditu aurkezpenean lagun: Unai Villena idazlea eta Iban Urizar Amorante musikaria. Iluntzeko 19etan hasiko dira aurkezpenak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.