Pott Bandakoen lekukotza

Hiru urteko ibilbidean, Pott Bandak sei aldizkari eta liburu bat kaleratu zituen. 40 urte pasa dira baina talde honen itzala luzea da oraindik. Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika eta Joxemari Iturraldek orduko kontuak ekarriko dituzte gogora, gaur arratsaldean Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean antolatu den mahai inguruan.

pott

Esan dugu: Pott Bandaren itzala luzea da. Horren erakusgarri da Sorzain argitaletxeak udaberri partean argitaratutako liburua: Pott Banda. Ekilibrista bihotza (1977-1980). Jon Kortazar EHUko literatura katedradunak koordinatu zuen liburua. Bandako kideei eginiko elkarrizketez gain, orduko zein egungo autore askoren analisiak aurkituko dituzue.


Abangoardiaren peskizan

Pott baino lehenago Ustela eta Panpina Ustela argitaratu nituen Koldo Izagirrerekin batera”, gogorarazten dio Bernardo Atxagak Unai Elorriaga idazleari Pott Banda. Ekilibrista bihotza (1977-1980)libururako propio eskainitako elkarrizketan: “Dena egin behar izaten zen orduan ere, lan guztiak hartu gain, baita banaketa ere”.

Jose Fernandez de la Sotak Joseba Sarrionandiari eginiko elkarrizketan, Pott Bandaren asmoa euskal literatura abangoardiazkoa egitea zela dio Iurretako idazleak. “Gure literatura beti atzeratua XX. mendera eramateko ahalegina”.


Gabriel Aresti, lokailu

Ruper Ordorikak 70eko hamarkada bukaerako giroaz mintzo da liburuan: “Mundu nahasi hartan, izen propioak gutxiago ziren orain baino, eta haietako bat zen Gabriel Aresti”. Bilboko idazleari esker jakin zuen bazegoela gizon gazte bat, “Jose Irazu (Bernardo Atxaga), idazteko modu berezia zuena”.

Bandako kideei eginiko elkarrizketez gain, Sorzain argitaletxearen Pott Banda, Ekilibrista bihotza (1977-1980) liburuak ahots ugari batzen ditu. Idazle, kazetari eta artista ezberdinen idatziak. “Aktualitatetik ordukoak aztertzen. 40 urte beranduagoko irakurketak”.


“Bernardoren Etiopia”

Gaurko ekitaldia iragartzeko Bilbao Kulturak egin duen albistean aipatzen den moduan, Pott Bandak hasiera-hasieratik izan zuen argitaletxe izaera hartzeko bokazioa. Lehen zenbakiko kontrazalean ohar hau jarri zuten: “Pott editorialak argitaratuko duen lehen liburua Lau Cuartetto poema liburua izango da, Thomas S. Eliotek idatzia eta Gabriel Arestik euskaratua”. Hala ere, bigarren aldizkariarekin eman behar izan zituzten azalpenak: “Begira, liburu bat kalera botatzea ez da gauza erraza, mekaben pott. Guk arrazoi asko direla medio, TS Eliot poetaren itzulpen batekin hasi nahi genuen. Baina zenbaki editorialea ez zaigu iristen behar bezala, eta liburu hori ezin genezake argitara bera gabe”.

Elioten itzulpen lana ezin argitara eman eta horren ordez bandako kide baten lehen poemarioa plazaratzea erabaki zuten: “udak estrainatu gabe harrapa ez gaitzan, beste liburu batekin ekingo diogu lan editorialari, liburu hau Bernardoren Etiopia izango da. Poema eta lan literario laburrez osatutako liburua da. Azala, JM Susperregirena izango du”.

Eta horrela jaio zen Bernardo Atxagaren lehen poema liburua, Etiopia. Handik gutxira gainontzeko kideen lehen lanak argitaratuko ziren. Etiopia liburuko testu batzuekin Hautsi da Anphora (Xoxoa-Elkar) diskoa plazaratu zuen Ruper Ordorikak. Joseba Sarrionandiaren saritutako ipuinekin Izuen gordelekuetan barrena (BAK, 1981) liburua eman zen argitara.


PottBanda2

Pott Bandari buruzko mahai ingurua

Urriak 24 asteartea. 19:30ean, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean.

Hizlariak: Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Joxemari Iturralde.

Moderatzailea: Jon Kortazar.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.