‘Santa Familia’, dena lehertzen den arte

Santa Familia, hala du izena Eider Rodriguez idazleak eta Julen Ribas marrazkilariak elkarlanean egin duten komiki liburuak. Xabiroi aldizkariaren azken zenbakietan atalka argitaratutako seriearen bilduma da, zehatz esanda. “Ez dauka dramarik”, Eider Rodriguezek argitu nahi izan duenez. “Eta ustez umorez egin diogu aurre familia den harrobi horretan pikotxa sartu eta arakatzeari”.

 

Eider01

Familia da emanda datorren gauza bakarra. Ez lagunak, ez bizimodua, ez ingurua, familia baizik. “Norak, ordea, arau horri ihes egingo dio. Sekretu bat gordetzen du. Bere sekretua. Baina hura kontatzeko ordua iritsi da, eta sakratua den instituzioa eztanda egiteko zorian dago. Jakina da, ordea, iraultza txikiak behar izaten direla gauzak bere onera ekartzeko”.

Horra Santa Familia liburuareamia. Xabiroi aldizkarian atalka eman den serieak, orain, liburu itxura hartu du. Aldizkarian bezala, liburuan ere Eider Rodriguezek ondu du gidoia eta Julen Ribasek hezurmamitu ditu pertsonaiak eta situazioak.

Eider Rodriguezen esanetan, “familia ez da bakarrik familia, estatu bat ere bada, estatu txiki bat, bere arauekin, bere erlijioarekin, bere gatazka eta su-etenekin… Bere konstituzioa ere badauka, bere historia eta etorkizun proiektua… Nolabait familiak sistema bat dauka ez bakarrik bizitzeko baizik eta bizi irauteko ere”, komiki liburuaren aurkezpenean egin zituen adierazpenok. Horrek joko handia eman die egileei.


Sekretua, agerian

Liburuan ageri den familia hiru senidez osatzen da: Sorkunde ama eta Teodoro aita, eta Nora alaba. Maskota bat ere badago, txakur bat-edo, sartu-irtenean dabilena. Euskal Herrian dago kokatuta.

Santa familia honek sekretu bat gordetzen du eta Norak gorde izan du orain arte, baina nazka-nazka eginda halako batean aita eta amari kontatzea erabaki du. “Orduan dena lehertzen da, eta ordura arte itxuraz egonkor eta banaezin zen familia hori hankaz goratu egingo da eta ipurdi bistan geratuko da. Familiak bere burua berrasmatu beharko du. Hirutasun saindua apurtu egingo da eta beste norbait izan beharko du, askotan hiruki horren mugatik atera ezinda, baina berri bat sortu”, azaldu zuen Eider Rodriguezek. “Ez dauka dramarik, eta ustez umorez egin diogu aurre familia den harrobi horretan pikotxa sartu eta arakatzeari”.


JulenRibas02

Julen Ribasen ekarpen oparoa

Lan hau aurrera ateratzeko Julen Ribasekin izaniko elkarlana azpimarratu nahi du Eider Rodriguezek: “Normalean bakarrik eta bakardadean lan egiten dugu idazleok, eta alde horretatik oso esperientzia aberasgarria izan da bi lagun alai eta argitsu hauekin [Ribas eta Dani Fano] lan egitea”.

Ribas ez da marrazkilari lanera mugatu. Alderantziz. “Etengabe erantsi dizkio gidoiari oso inportanteak ziren detaileak, eta areago, hurrengo gidoia idazteko ezinbesteko detaileak erantsi dizkio. Osatu ez ezik zuzendu, findu eta jantzi egin du gidoia bera. Letretan ere eragina izan du”, Rodriguezek halaxe aitortu zuen albumaren aurkezpenean.


Koldo Tellitu: Ohore handia da ikastolentzat

Donostiako Komikigunean egin zen Santa Familia albumaren aurkezpena. Bi egileekin batera, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Xabiroi komiki aldizkariaren zuzendari Dani Fano agertu ziren hedabideen aurrean.

Koldo Tellituren esanetan, “ohore handia da ikastolentzat, Ikastolen Elkartearentzat, duela hamabi urte, Daniren ideia zoroari baietza eman, eta Xabiroi egitasmoa bultzatu izana. Harro gaude emaitzarekin, eta oso harro ekimen honen bitartez lortu dugunarekin: goi mailako komikigintza euskararen munduari eskaintzea”, adierazi zuen eta horrelako egileekin erraza dela Xabiroi proiektua aurrera eramatea gaineratu zuen. “Animo, beraz, eta segi lanean, ondoan edukiko gaituzue eta”.


Eider02

Dani Fano: “Album hau da berezietan bereziena”

Dani Fano bat dator Koldo Telliturekin: “Bai, hamabi urteko ametsa da, 10 albumeko ametsa eta 45 zenbakiko ametsa izan da orain arte Xabiroi. Egia bihurtutako ametsa, eta gero eta zabalagoa dena. Horren adibidea da hau, Santa Familia. Album honekin ilusio berezi bat daukat. Orain arte ez dugu horrelakorik egin. Hau da berezietan bereziena. Oso ikuspegi intimo batetik eginikoa, Eiderren gaiztotasun eta gaiztakeriaz idatzitakoa, eta era berean oso zabala eta edonor bere burua identifikatzeko moduko gauzak aurkituko dituena”, azaldu zuen Fanok.

 “Bi egile hauekin oso ongi pasatu dut editore lanak egiten. Beren elkartasunak, eztabaidak… egiazko elkarlan bat burutu dute eta hori nabaritzen da. Uste dut orain arte egin den elkarlanik elkarlanena dela, eta nik nabaritzen dut orriotan. Espero dut zuek ere hori nabaritzea eta dibertitzea, ni edizio lanean dibertitu naizen bezala”, amaitu du.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.