Hiru kaiera berri

Poesia kaiera berriak aurkeztu dituzte aste honetan. Chuya Nakahara, Rosalia de Castro eta Seamus Heaneyren liburu bana plazaratu dituzte honakoan. Hiromi Yoshida, Koldo Izagirre eta Xabi Borda aritu dira itzultzaile lanetan, hurrenez hurren. Prentsaurrekoan egin zituzten adierazpenekin osatu dugu ondoko bideo kronika.

PoesiaKaierak

Munduko Poesia Kaierak bildumak hiru erreferentzia gehiago ditu. Chuya Nakahara, Rosalia de Castro eta Seamus Heaneyren obra poetikoa euskaraz irakurtzeko moduan da orain.

Lehen aldiz, poeta galiziar baten lagina batu dute bildumara: Koldo Izagirrek Rosalia de Castroren poemekin ondu duen kaiera. Ez da berritasun bakarra. Hiromi Yoshidak Chuya Nakahararen lana itzultzearekin batera, Asiako poesiaren oihartzuna iritsi da poesia bilduma honetara.


“Rosalia de Castroren obrak luze jo du denboran”

Rosalia de Castro (1837-1885) idazle galiziarraren poemak Koldo Izagirrek euskaratu ditu. De Castroren ibilbide literarioan hainbat ildo gurutzatzen direla dio Izagirrek. “Mendeetan, hizkuntza landu gabe egona zen. Beste alde batetik, poeta zen. Barrenak eskatutako poeta zen. Teknikaren gainetik zegoen barrutasun bat zuen. Eta emakumezkoa izanik, askoz ere handiagoa da barrutasun hori”. Zentzu horretan, aitzindari bat izan zela dio Koldo Izagirrek. “Hitza sortu baino lehenagoko feminista izan zen”.


Arestirekin antza

Rosalia de Castroren lanak badu Gabriel Arestiren Harri eta Herri-rekin antzekotasunetik, “era literarioan eta teknikoan”. Koldo Izagirreren esanetan, “Rosalia de Castrok herri koplak aprobetxatu zituen kopla berriak eta muñeirak idazteko. Gabriel Arestik kopla zaharrekin egin zuen bezalaxe”. Arestik bertsolaritzara jo zuen moduan, de Castrok herri kantuetarako bidea egin zuen. “Baina ez zen Erdi Aroko kantari gortesau haiengana hurbildu, herriarengana baizik. Bera bizi zen garaiko kopletara jo zuen idazle galiziarrak”. Bertso librea ere ekarri zuen, horra Rosalia de Castroren beste ekarpen bat. Hauek eta beste hainbat azalpen gehiago jaso ditugu ondoko bideoan:

Galiziaren egoera sozialaz oso jakitun zen eta “horrela ulertzen dira Gaztelaren kontra idatzi zituen poemak”.

XIX. mendeko poeta izanik ere, Rosalia de Castroren obrak luze jo du denboran. “Galizian kantagintza berria hasi zenean, kantariek berehala jo zuten Rosalia de Castroren obrara”, Koldo Izagirrek kaieraren aurkezpenean azaldu zuenez. Kantu hauen oihartzuna, gaurdaino iristen da.

Galizieraz bi liburu plazaratu zituen Rosalia de Castrok. Koldo Izagirrek bi liburu horietako poemekin osatu du euskarazko kaiera.


Lur bat Seamus Heaneyren poesiari

Bellaghy herrian (Ipar Irlanda) hartzen du Neagh lakuak itsasorako bidea. “Hortxe emango du Seamus Heaneyk haurtzaroa eta datu geografiko hauek ez dira anekdota hutsak. Toki hauek izango dira Heaneyren poemen zero gunea”.

Xabi Bordak ekarri du euskarara Seamus Heaneyren (1939-2013) kaiera poetikoa. Itzultzailearen ustez, Heaneyren poemek leku fisiko bat dakarte eurekin. “Badirudi poetak hitzei zoru bat ipini nahi diela hara eta hona ibili daitezen, hitzak elkarrekin jolastu daitezen edo, besterik gabe, zerbait jarri nahi die azpian ez hondoratzeko”. Hitzentzat eremu bat behar du poetak. Lur bat. “Poema batean bai eta bestean ere bai, aleka etorriko dira toki izenak. Toponimia berri bat osatuko du, halako lurralde berezi bat –ia fantasiazkoa– irudikatzeko balioko diona urrutiko irakurleari”.

Lur eremu hau ez dago hutsik, ordea. “Toki horretan jendeak aitzurrean egiten du patata ereiteko, jendea lakuan barneratzen da igerian jakin gabe, arrantzan… Eta jende horri lur horrek eusten dio”.


Besamotzarena

Lur horrek eta jende horrek hizkuntza bat erabiltzen du. “Eta kasu partikular honetan, lur horrek eta jende horrek hizkuntza bat jada ez du erabiltzen. Baina Seamus Heaneyk ez du ahaztu nahi ahaztu duten hizkuntza hori. Badirudi besoa galdu duen besamotzarena bezalakoa zaiola mingainean falta zaizkion hitzek sortzen dioten mina”.

Hizkuntzarena ez du kezka bakarra izango. Ipar Irlandako gatazka ere, agerikoa da bere poemetan. “Gero eta zakarragoa eta bortitzagoa den Ipar Irlandako gatazka armatua, ezin bestean, bere poesiara sartuko da. Irlandako zaparradak eta euri txikia sartzen den gisa berean, zirrikituetatik eta itogin bat bezala”.

Dozena bat liburu plazaratu zituen Heaneyk. 1995ean, Literaturako Nobel Saria eman zioten.


Nakahara, dadaismoaren eragina duen poeta japoniarra

Hiromi Yoshidak Japoniako XX. mendeko poeta ezagunetako bat ekarri du euskarara: Chuya Nakahara (1907-1937). Yamaguchin jaioa, “ez zen poeta loriatua izan bizirik zela”, hala dator Nakaharari eskainitako kaieraren hitzaurrean. “Baina gaur egun bere garaiko poeta japoniar handienetakoa dugu”. Iritzi berekoa da Hiromi Yoshida itzultzailea. “Japoniako poeta baten obra itzultzeko proposamena egin zidatenean, segituan bururatu zitzaidan bere izena. Gaztetatik ezagutzen nuen eta ezaguna zen. Nire inguruan ere, fan asko zeuden”.

Nakahararen poesiak dadaismoaren eragin handia dauka. Sinbolista frantsesak japonierara itzuli zituen, eta bere poesiagintzan txertatu Japoniako tradizio poetikoarekin konbinatuz.

Bi poesia liburu argitaratu zituen Nakaharak, Ahuntzaren kanta, eta hil-hurren plazaratutako Bizi izandako egunen kanta, “zeina bi urterekin hil zitzaien seme Fumiyari dedikatua baitago”.

Hiromi Yoshida ez zen liburu aurkezpenean izan. Bere azalpenak bideo baten bitartez eskaini zituen:

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.