“Literatur amuak” jaialdia azaroaren 1etik 5era Ondarroan

Errezitaldiak, kontzertuak, irakurle taldea, lantegiak… ohiko moduan, literatura oinarri egitarau betea eskainiko dute Ondarroako “Literatur_amuak” jaialdian. Literatura eta musika uztartzen dituzten emanaldiek protagonismo berezia izango dute aurtengo egitarauan (Argazkia: Udalbarriak).

literatur amuak 2017

Azaroak 1

XOMORROPOEMAK ETA PIZTIPOEMAK
Leire Bilbao eta Maite Mutuberria
12:00 · 13:00 @ Kofradia Zaharra 2

Umeek literaturarekin duten lehen kontaktua poesiarekin izaten ohi da. Txiki-txikitatik kanta, aho-korapilo eta hitz asmaketekin poesia sortzen dute berez eta natural. Katebegia hautsi ez dadin, eta era natural batean poesia lantzen jarrai dezaten asmoarekin sortu dira liburu hauek. Poesiak irudi berriak asmatzeko balio duelako, umeen irudimenari mugarik jarri gabe; hizkuntza garatzeko eta berritzeko balio duelako; erritmoa eta errima lantzeko ere baliagarriak delako. Begietatik ez ezik, belarritik irakurtzen ikasi eta kantuetara hurbilpen bat erraztuz.

EZBERDIN BEZAIN EDER
Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado
17:00 · 18:00 @ Kofradia Zaharra 2

Ezberdina izatea. Horixe da kontaketa honetan darabilgun gaia. Anitz eta ezberdina dena kuriositatez begiratu, ezagutu eta hurbildu. Txirula izan nahi zuen kontrabaxua, milaka koloretako eguzki izpi arraroa eta ezusteko oparia jaso zuen urtxintxa izango dira gure protagonistetako batzuk, eta… Zuzeneko musika izango da istorio hauetako bidelagun fidela, emozioak ernatu, ertzak bigundu, begirada zabaldu eta aniztasuna laguntzat hartzen lagunduko gaituena.

ZUBIKARAI SARIAK ETA NANOIPUIN LEHIAKETA
18:30 · 19:00 @ Kofradia Zaharra 2

Nobela sariak: Katixa Agirre 2016ko sariduna eta bekadun proiektu berria.
Nanoipuin lehiaketa: Nanoipuin lehiaketako sariak banatu eta 140 karaktereko ipuinik onenak irakurriko dira.

Azaroak 2

IPUIN RALLYA
10:00 · 12:00 @ Ikastetxeak

Ikastetxeekin lankidetzan, 10-16 urteko ikasleek parte hartuko dute eta bi ordu edukiko dute euren ipuinak idazteko.

XIXILI
Txakur Gorria
19:30 · 20:30 @ Kofradia Zaharra 2
Nerea Ibarzabal bertsolari eta kazetariak, Mariñe Arbeo diseinatzaileak eta Malen Amenabar ilustratzaileak eta Ane Labaka bertsolariak osatzen dute Txakur Gorria. Diziplina ezberdinak jorratuz, burutik jota zegoela esaten zioten emakume baten histeria errezitaldia aurkeztuko dute. Bidaia bat Xixiliren bizitzara, lau horma zuri eta zeure burua besarkatzeko alkandoren artera.

Azaroak 3

PORTO
Harkaitz Cano eta Maite Arroitajauregi (Mursego)
Kantua eta spoken poetry generoak nahasiz.
20:00 · 21:00 @ Kofradia Zaharra 2

Estimulante legaletan onartuenetakoa da gure artean ardoa. Harreman sozialak sustatu eta pizteko bitartekoa, adikzio galgarria, horditasun gozoa, ahazturaren senidea… Ikuspegi eta ertz ezberdin askotatik begira dakioke. PORTO emanaldia ardoaren gaia aitzakia hartuta gure gaur egungo bizitzari egindako hurbilpen liriko eta umoretsua da. Horretarako, Fernando Pessoa, Rafa Berrio eta beste hainbat egileren testuetan oinarrituta ondutako kantuen konposizioekin batera Mursegok ohikoa duen inprobisazio ahalmena lagunduko du.

Azaroak 4

TAILERRA: NOLA SORTU IPUINEN BITARTEZ ESPAZIO BAT ELKARRI ENTZUTEKO

Pello Añorga
10:30 · 12:30 @ Kofradia Zaharra

Elkar entzuteko gune bat nola sortu etxean, liburuak, ipuinak eta kontaketak lagunduta. Pello Añorga ipuin kontalari, idazle eta MUko irakasleak emango dizkigu jarraibideak, batez ere 8 urte arteko haurren gurasoei. Tailer bat izango da. Aurretik izena eman behar da Udal euskara sailean: 946833668 / mrey@ondarroa.eus

KONTZERTUA
Keu Agirretxea + Jon Gurrutxaga
22:30 @ Kofradia Zaharra

Norbere diskoetan eta zuzenekoetan batak bestearen laguntza jasotzeko ohiturari jarraituz herriko artista Keu Agirretxea, Jon Gurrutxagarekin dator.

Azaroak 5

GOSARI LITERARIOA
Uxue Alberdi, Jenisjoplin liburua aurkezten
11:30 @ Kofradia Zaharra 2

Gosari literarioa Uxue Alberdirekin, bere nobela berria aurkeztera dator eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolaria izango du lagun. Nagore Vargas da nobelako protagonista eta kontalaria, baldintza makurrei aurre eginez zaildutako neska, gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohitutakoa.

GALBAHE
Gorka Urbizu musikaria + Gotzon Barandiaran idazlea
19:00 @ Kofradia Zaharra 2

Aldaketa klimatikoa berton dugu, jada ez du inork ukatzen. Glaziarrak urtzen ari dira etenbarik, lurrikarek munduaren erraiak astintzen diraute, hego-haize suminduak hurakan bihurtzen ari dira, euriak ez du uholde izan arte etsi gura, kartzeleroak askatasuna aldarrikatzen dute, poliziek demokrazia babesten dute herritarrengandik. Gezurrak atertzeko asmorik ez duela oharturik, berbak satorzuloetan ezkutatzen hasi dira. Plan bat omen dute. Galbahe erraldoi bat, antza.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.