“Uztapide, ikasi al dituzu rock and roll eta twist?”

Alberto Irazuk Rocka puntua! saiakera kutsuko liburua plazaratu du Pamiela argitaletxearekin. Izenburuan eta portadan agerikoa den bezalaxe, bertsoaren eta rockaren arteko harremana aztertu du.

RockaPuntua

Zestoa, 1964ko martxoak 19. Bertso saioa Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Basarri eta Uztapiderekin. Halako batean, Joxe Mari Iriondo gai-jartzaileak puntua jarri dio Uztapideri: “ikasi al dituzu rock and roll eta twist?”. Uztapidek kopeta zimurtu du: oin deserosoak baino zerbait gehiago dira hitz arrotz horiek, bizimodu txarrarekin lotuta daude, atzerritarrek ekarritako ohitura berri gaiztoekin.

Zer ez da aldatu ordutik hona. Uztapidek imajinatu ezineko parabola osoa gertatu da berrogeita hamar urteotan: lehenbizi euskara sartu zen rock eta twist izeneko lurralde arrotzetan, ondoren bertsoa barneratu zen hor barruan, eta behin bertsoa doinu horietan ezkutatuta, pop rock kulturako abesti bakan batzuk bueltan etorri dira bat-bateko bertsolaritzara.

Bertsoa eta rockaren arteko harremanari buruzko saiakera da Rocka puntua (Pamiela), Alberto Irazuk ondu duen liburua: batzutan kronika itxuraz, bestetan fikzioarekin jolasean, abestietatik bertsoetara eta bertsoetatik abestietara saltoka dabilen hausnarketa-lana.


Euskara rockean sartzearen garrantzia

Uztapideren 1964ko erantzunetik gaurdaino eman den eboluzioan bi parabola sumatzen ditu Alberto Irazuk: “atzerritik zetozen doinu, mugimendu, estetika… horiek arrotz izatetik, kondenatzetik eta erne horiekin! esatetik, gaur egun bertsolariak pop-rock doinuekin bapatean kantatzera pasa gara. Bigarren parabolak, berriz, erakusten digu bertsolaria oholtza gainera rock zale bihurtuta igo dela”.

Irazuk argi dauka zer dela eta eman den bi parabola horien garapena: “bertsolaritzak, euskarak berezkoa zuen espazio hegemoniko horrek, urbanizatze, hiritartartze eta modenizatze prozesua bizitu du. Rockak eta bertsoak akelarrea egin baldin badute, euskara rockean sartu delako da”.


Irakurketa gozagarria

Rocka puntua (Pamiela) liburua urriaren 19an aurkeztu zen Donostian. Alberto Irazuk Jose Angel Irigaray, Joxerra Gartzia eta Andoni Egaña izan zituen bidelagun. Joxerra Gartziaren esanetan, gozagarria da Alberto Irazuren idazkera. “Kuriosoa da, baina lortzen du erraza ez dena: informazio baliagarria irakurketa gozagarriarekin uztartzea. Unibertsitatetik nator ni, eta kokoteraino nago saiakera akademiko tristeekin; badirudi lehiaketa antolatzen dela nork gehiago aspertu jendea. Irazuk izugarrizko irrikaz idatzi du, eta eskertzekoa da bere emana gaurko prosa tristearen panoraman”.

Andoni Egañak bertsolaritza eta rocka uztartzen hasi zireneko garaiak hartu zituen gogoan, eta Negu Gorriak taldearen bertso hop-a jarri zuen mugarri gisa:  “Uste dut Fermin Muguruzak eta ingurukoek senez lotu zituztela bertsolaritza eta rocka, bertso hop-a grabatu zutenean, liburuak daraman azaleko argazkia atera zen sasoian. Izan ere, hiru urte lehenago, 1986ko Euskal Herriko txapelketan, Peñak eta biok kantatu genuen bertso-saioa gero abestira eraman zuten. Bertso-hopa plazaratzearekin, kalean aldaketa nabaritu genuen; ordura arte nahiko anonimoak ginen, baina handik aurrera, edozein etorri zitekeen gugana kantari batetikan korroxka, bestetik errena…, behin ilunduz gero batez ere”.

80ko hamarkadaren hondarretik aurrera bertsolaritzak bizi izan zuen garapena ulertzeko, hiru faktore aipatu zituen Egañak: “bertso eskolak eta bertsozaleen elkartea sortzea, ‘Hitzetik Hortzera’ ETBko saioa eta Negu Gorriaken Bertso hop-a. Nik horretaraino konta dezaket. 90eko hamarralditik aurrera, 70eko urtetan jaiotako bertsolariak hasten dira plazaratzen, eta hor ikusten da horiek harreman estuagoa daukatela rockarekin guk baino”.

Bideoa eta argazkia: Aiurri.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

0 Responses to “Uztapide, ikasi al dituzu rock and roll eta twist?”

  1. Xaun says:

    Oso interesgarria. Baina zer-nolako bertsoa osatu zuen Uztapidek oin hori emanda?