“Aforismoak izan dezake elukubraziotik, baina baita eguneroko bizitzaren zartadatik ere”

Juan Kruz Igerabidek 2004an plazaratu zuen azken aforismo liburua: Egia hezur (Alberdania). Ordutik hona bestelako literatura lanak plazaratu ditu, baina ez du aforismoaren generoa baztertu. Alderantziz. Urteotan, tematika eta joera ezberdineko gogoetak pilatu zaizkio. Egokienak batu ditu Labur txintan (Pamiela) izeneko liburuan.

Igerabide01 Igerabide03

Igerabide02

Igerabide03

Azalean ez ezik, liburuan barrena autore askoren izenak topatu ditugu. Ez dituzu nolanahiko sparring-ak hautatu (boxeo jokoa baliatzea zilegi bekit). Kafka, Rilke, Pessoa, Mallarmé, Canetti, Cioran… Gogoko dituzun pentsalari eta idazle denak kabitu al zaizkizu? Beste asko ere izan zitezkeen akaso.

Jakina, beste asko ere izan zitezkeen. Egokieran agertu zaizkidanak erabili ditut, gai batzuei buruz gailurra jo duten gogoeta zenbait, nire iritzian; horien inguruan txintaka ibiltzea besterik ez dut egin, ez haiekin parekatu nahirik, nola ba, baizik eta haietaz gozatu edo sufritu nahirik.

Prentsaurrekoan zuri hartutako hitzak dira hauek: “Aforismo bat Pascali erantzunez egindakoa bada, kasu horretan, Pascal hartzen dut babes eta gero mutiko bihurri bat bezala portatzen naiz”. Alegia, zure  irakurketetan, autoreei buruzko apunteak hartu dituzu eta bururatu zaizkizun erantzunak aforismo bilakatu dituzu. Aforismoan, hortaz, jatorriaren aipamenak osatzen du emaitza?

Besteren pentsamenduen gainean osaturiko aforismoetan, pentsalari horien gogoetek osatzen dute enborra. Jakina denez, pentsalari horien gogoetak beste batzuen haritik datoz, beste batzuen kontra edo haien hedapenez. Nik egindako aldaerekin horixe nabarmendu nahi izan dut, hots, pentsamendu ororen izaera dinamikoa eta kontraesankorra.

“Aforismo asko probokazioak dira. Pentsatzen jarraitzeko aitzakia”. Hori ere liburuaren aurkezpen egunean esan zenuen. Aforismo hauek, era berean, aforismo berriak sortzeko grina piztu dezakete, ezta?

Batek baino gehiagok esan dit halakoarekin edo beste halakoarekin ez datorrela bat. Ba hor dauka aukeran kontrako aforismoa osatzeko egokiera. Oso aforismo gutxi dira erantzunik gabe uzten gaituztenak, ia axiomatikotzat har ditzakegunak; adibidez, “badena bada, ez dena ez da”. Erredundanteak dira gogoetaren bi alde simetriko horiek, erantzuteko aukerarik uzten ez dutenak; baina, halakoetan ere, ironiak zirrikituak bila ditzake.

“Pentsamenduari azpildurak ateratzeko beharra”. Aurkezpen ekitaldiaren inguruan osatu genuen kronikari izenburu hori ipini genion. Aforismoa pentsamenduaren tolesturetan, zimurduretan erreparatzeko ariketa al da zuretzat?

Aforismoa erabiltzeko modu bat da hori, bai. Baina historian, nagusiki, pentsamendua eta zientzia atalka eraikitzeko erabili izan da aforismoa; adibidetzat aipa ditzakegu Hipokrates medikua edo Heraklito filosofoa, besteak beste. Aforismoa gizarte-kritika egiteko ere sarri erabili izan da; hasi erromatarrengandik, igaro Ilustraziotik eta gaur egungo Lec batenganaino, aforismoen bidez maiz astindu dira aurreiritziak eta jokamoldeak. Hala, aforismoak izan dezake elukubraziotik, baina baita eguneroko bizitzaren zartadatik ere.

Umorea da gaizto izateko aukerarik zintzoena. Liburuan bada umoreari eskainitako atal bat: “Umorez, gerotik gerora atala”. Dena den, ironiaren euri finak atal denak bustitzen ditu, ezta?

Ironiak beti du ozpin punttu bat, askotan tristura punttu bat ere bai, baina batez ere norberari eta inguruari irribarrez eta umorez begiratzeko baliabidea da, erlatibizatzeko aukera jartzen du eskura; giza tragedia potoloak komedia bihurtzen ditu. Azken batean, unibertsoaren eta izadiaren eta historiaren aurrean baldar samar jokatzen ote dugun susmoa edo lekukotza uzten du ironiak, gure harrotasunak harrotasun.

Izurik eta ondasun-grinarik gabe, zer litzateke gizakia? (Nietzche). Zoriontsu. Aforismo hauek ez diote kausa-ondorioaren logikari erantzuten, akzio-erreakzio zirtolari bati baizik ezta? Dena den, ironiaz blai badatoz ere, gogoeten aterpe dira.

Horrelakoetan, albo-logika edo logika lateral bat erabiltzen da, igarkizunetan eta haur literatura tradizionalean bezala. Pentsalariak markatu duen gogoeta-haria eten, eta beste hari batetik jarraitzen da gogoeta. Pentsamendu logikoak logikaren kutxan sartuta aztertzen ditu gauzak eta gertaerak. Baina existentziaren parterik handiena kutxa horretatik kanpo dagoelakoan nago.

Antzina, zientzia eta jakintza eraikitzeko erabili zen aforismoa. Aro modernoan ordea, genero honek beste norabide bat hartu zuen. “Aurrekoen pentsamenduari azpildurak ateratzeko beharra gailendu zen”, zure hitzak dira hauek. Aforismoak joera hori mantentzen du oraindik. Gaur egun, hala ere, “aforismoa erabiltzen da aforismoaren aforismoa egiteko askotan”. Azken baieztapen honekin zer esan nahi zenuen zehazki?

Historian zehar gizakiak pentsamendu-sistema oso konplexuak eraiki ditu. Dena esana dagoela adierazi ohi da askotan. Wittgensteinek bere Tractatus eraiki zuenean, pentsamenduaren ingeniari edo arkitekto gisa, filosofiaren bidea itxirik utzi zuela ematen zuen. Baina, hala ere, burmuinak lanean jarraitzen du, ez aurretik eraikitakoa errepikatuz soilik, baizik eta deseraikiz eta beste modu batera eraikiz. Prozedura hori gauzatzeko modu minimalista bat da aforismoaren aforismoa. Aurrez eraikitako aforismo bat deseraiki eta beste modu batera eraiki.


“Ezin esan loraldia denik, baina bai kimualdia”

2004an plazaratu zenuen aurrekoa, eta geroztik hona idatzitako gogoeten bilduma modukoa da Labur txintan (Pamiela). Ez daude denak. Aukeraketa bat da liburuan jaso duzuna. Non geratu dira edo nora doaz liburutik kanpo geratu diren beste aforismoak?

Kanpoan geratu diren asko eraikitze-prozesuan daude oraindik, eta agian halaxe geratuko dira. Beste batzuk oso pertsonalak dira, agian beste bati ezer gutxi adieraziko lioketenak. Beste batzuk une jakin baterako eginak. Beste batzuk, besterik gabe, baldarrak. Beste batzuk duela zenbait urte pentsatzen nuenaren harikoak, gaur egun pentsatzen dudanetik urrun daudenak.

Jose Angel Irigarayren esanetan, aforismoa tradizio handikoa da gurean. “Literatur ikuspegitik ordea, Juan Kruz Igerabide da gure adituetako eta jorienetako bat”. 1994tik hona, beste hiru aforismo liburu dituzu argitara emanak. Dena den, azken urteotan loraldi moduko bat eman da, ezta? Lehiaketa bat ere antolatzen da EHUn.  Gure letretan, garai oparoena bizi al du genero honek?

Gurean, Axularrek berak, esate baterako, baditu aforismotzat har daitezken esaldi moralak. Baina egia da gaur egun halako bultzada bat nabaritzen dela, ez bakarrik euskaraz, baita gaztelaniaz ere. Frantsesek eta alemanek tradizio luzea dute genero horretan, eta erreferente historiko dira. Gaur egun, gurean, Karlos Linazasoro dabilkigu aurren buruan, Ana Urkizaren aforismoak ere kontuan hartzekoak dira. Eta EHUk urtero egiten duen lehiaketan gero eta aforismo bikainagoak aurki ditzakegu. Ezin esan loraldia denik, baina bai kimualdia.


Arinetik arinkeriara jotzeko arriskua

Twitterren moduko sare sozialek dena labur azaltzeko joera ekarri dute. Maiz, sakonera jotzeko bidea mugatuz. Sare sozialek, zein neurritan eragin dute (onerako edo txarrerako) aforismoaren loraldian?

Sare sozialetan gero eta aforismo gehiago irakur daiteke. Horietako askok duten arazoa da ez direla gogoeta luze baten ondorio. Eskertzekoa da freskotasuna, baina arinetik arinkeriara jotzeko arriskua du horrek.

Honi lotuta, duela aste gutxi Felipe Juaristi honela mintzo zen gurean: “Gizartea, batez ere sare sozialetan bazkatzen den espezimen hori, oso krudela da, eta iruditzen zait oso krudela dela ez dagoelako bere buruarekin gustura, ez delako pozik bizi”. Komunikatzeko modu birtual honek dakarren ajeak kezkatzen al zaitu?

Teknologiaren erabilerak kezkatzen nau, ez teknologiak. Sare sozialak aukera paregabea dira, buruz jokatuz gero. Burugabekeria da giza baliabideak zapuzten eta kaltegarri bihurtzen dituena. Burugabekeria eta bihotz estua.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.